«Gure lanaldiak murriztea da aukera bakarra»

Lau seme-alaba dituzte Haizea Rodriguez eta Bergoi Madernaz gurasoek, eta nekez lortzen dute familia eta lana uztartzea. Instituzioen diru laguntzetatik haragoko politikak eskatu dituzte.

Ezkerrerik hasita, Getari, Bergoi, Aretx, Enaitz, Laiene eta Haizea. R.BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Familia ugaria dute Haizea Rodriguezek (Gasteiz, 1983) eta Bergoi Madernazek (Gasteiz, 1987). Lau seme-alaba dituzte: Enaitz (9 urte), Aretx (7 urte), Getari (5 urte) eta Laiene (3 urte), eta ahaleginak eta bi egiten dituzte familia eta lana uztartzeko. Seme-alabak izateagatik erakundeetatik jasotzen dituzten diru laguntzez landa, hainbat hobari dituzte familia ugaria izateagatik. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak haur bakoitzagatik ematen dituen diru laguntzak jasotzen dituzte: seme nagusienen kasuan, urtero 900 euroko laguntza jaso zuten ume bakoitzagatik, 3 urte bete zituzten arte. Hirugarren eta laugarren umeekin ere diru laguntza berberak ematen dizkie Jaurlaritzak, urtero, haurrek 6 urte bete arte. Bestelako abantaila batzuk ere badituzte; besteak beste, argindarraren bonu soziala dute familia ugaria izateagatik, eta toki batzuetan beherapenak ere bai. Halaber, familia ugaria izateagatik Arabako Diputazioak eskura jartzen dituen laguntzez baliatzen saiatzen dira. Errentaren araberako laguntzak izaten dira, eta taula horietan izaten diren gorabeherei erreparatu behar izaten diete laguntzak eskuratzeko. «Urtero joan behar dugu eskabideak berritzera, errentaren arabera kategoria berezian sartzen ote garen ikustera», azaldu du Madernazek. Laguntzak eskuratzea ez dela samurra erantsi du Rodriguezek, batez ere bi gurasoek lan egiten badute.

Diru laguntzak funtsezkotzat jotzen dituzte, baina «gabezia» handienak lana eta familia uztartzeko politiketan sumatzen dituzte. Lanaldi murriztuak dituzte biek ala biek: «Gure lanaldiak murriztea da familia eta lana kontziliatzeko aukera bakarra». Osakidetzan erizaina da Rodriguez, eta lanaldiaren bi herenak egiten ditu. Bai Euskarari elkartean aritzen da Madernaz, sei orduko lanaldian. «Erraztasunak lanean bilatu behar ditugu, ezinbestean», adierazi du Rodriguezek. Azaldu duenez, bere kasuan lanaldia murrizteak «kalte» egiten dio bere garapen profesionalari, esperientzia eta lan ordu gutxiago metatzen dituelako, esaterako, lan eskaintzetarako.

Datorren ikasturteari begira, bestelako irtenbideak bilatzen ari dira kontziliazioa errazteko. Umeak eskolako jantokian utziko dituzte, astean bitan. «Pena handiz hartu dugu erabakia, baina beste aukerarik ez dugu ikusten», esan du Rodriguezek. Eskolan jardunaldi jarraitua ezartzearen aldekoak dira biak, uste baitute kontziliazioa erraztuko lukeela. Hala ere, lana eta familia uztartzeko ezintasuna arazo «sistemikoa» dela iritzi dio Madernazek, eta erroan lan prekaritatea eta kontziliazio neurri eraginkorren falta dagoela dio. «Aurrerapauso batzuk eman dira, baina neurri gehiago behar dira krisi demografikoari buelta emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.