Koronabirusa

Sanferminen biharamuna

Bortzirietako 14 eta 29 urte bitarteko gazteei baheketa egin diete Lesakan. COVID-19aren kasuek nabarmen egin dute gora eskualdean, bertzeak bertze jai giroko topaketen ondorioz.

Nafarroako osasun zerbitzuetako erizainak PCR probak egiten, atzo, Lesakan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Lesaka
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Uztaila izan arren, giro gris eta iluna zegoen atzo Lesakan (Nafarroa). Apenas zebilen jenderik karrikan, eta zebiltzanak, maskararekin. COVID-19aren kasu positiboek nabarmen egin dute gora azken egunetan Bortzirietan, bereziki Lesakan, eta baheketa egin zieten 14 eta 29 urte bitarteko Bortzirietako gazteei. Denera, eskualdean 2.200 inguru dira adin hori duten herritarrak, baina horietako anitzek dagoeneko egina dute COVID-19a detektatzeko probaren bat, eta, mila gazte inguru ziren igarotzekoak Lesakako frontoitik.

Azken bi egunetan bakarrik, 158 kasu positibo atzeman dituzte Bortzirietan, eta baheketaren bidez transmisio katea eten nahi du Osasunbideak. Berez, iragan astean ziren Lesakan sanferminak ospatzekoak, eta, nahiz eta udalak ekitaldi guztiak bertan behera utzi, jende pilaketak izan ziren uztailaren 6tik 10era.

Jende ilararik sortu gabe, tantaka-tantaka sartu ziren atzo PCR probak egitera deitutako gazteak. Aitzinetik jasoa zuten frontoira bertaratzeko ordua, jendea pilatu ez zedin. Kezka aurpegia zuten batzuek, lasaiago ziren bertzeak, baina proba egin beharra nabarmendu zuten. Frontoitik atera ahala, etxera joan ziren, testak positibo edo negatibo ematen duen jakinarazteko mezuaren zain, itxarotera.

Sarreran, dena koordinatzen zen Ladis Satrustegi Lesakako alkatea. Herritarrei osasun gomendioak betetzeko eskatu zien, eta nabarmendu zuen espero dela datozen egunetan probak ugaritu ahala kasu positiboek ere gora egitea. Mezu argia zabaldu zien herritarrei: «Inoiz baino beharrezkoagoa da elkar zaintzea».

Egoeraren larritasuna dela medio, Lesakako osasun zentroak prebentzio neurriak zorrozteko eskaria egina die eskualdeko herritar denei. Gainera, Lesakako Udalak Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuaren gomendioari jarraikiz, bertan behera utzi ditu datozen bi asteetarako herrian deituak zituen kultur ekitaldi guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.