Suteek egoera «larria» eragin dute Nafarroan

Legarda eta Arguedasko sute handien ondorioz, hainbat herri hustu dituzte. Alaitzen eta Arroitzen ere suteak izan dira, baita Arastortzen ere, Gipuzkoan

Gertu. Herritarrak, Astrain herriko sarreran, garrei begira. VILLAR LOPEZ / EFE.
Joxerra Senar - Ainhoa Sarasola - Julen Aperribai
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Suteek Nafarroa erdialdea hartu zuten atzo, eta egoera kezkagarria eragin. Erreniega hegoaldetik Valtierraraino, hainbat sute piztu ziren arratsaldeko lehen orduan, eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuak suteen larrialdietarako eta babes zibiletako planen bigarren maila aktibatu zuen. «Egoera larria da», onartu zuen Javier Remirez presidenteordeak, iluntzean egindako agerraldi batean. Lerro hauek idazteko orduan, suteok itzaltzeko lanean ari ziren suhiltzaileak. Gauean haizeak norabidea aldatzea espero zen, eta kasu batzuetan lagungarri izan badaiteke ere, beste eremu batzuetan kezkagarria izan daiteke. Horregatik, Amparo Lopez Barne zuzendariak ohartarazi zuen «gau zaila» espero zutela.

Legardan piztu zen sute handienetako bat, autobidearen eta gasolindegi baten inguruan, eta denbora gutxian oso azkar zabaldu zen; beraz, hainbat herri ebakuatu behar izan zituzten: Obanos, Legarda, Muruzabal, Belaskoain, Zabaltza, Bidaurreta, Etxarri, Ziritza eta Ubani hustu zituzten, baita Garesko hainbat auzo ere. Herritar batzuk iluntzean itzuli ahal izan ziren etxera. Iruñetik Garesko norabidean, Astraingo irteeratik A-12 autobidea itxi zuten, bi norabideetan.

Halaber, Erriberan, Arguedasen beste sute bat piztu zen, eta Sendaviva parkea hustu behar izan zuten —2.500 lagun inguru zeuden—. Parkeko arduradunek ohar bidez azaldu zuten bertako animaliak «salbu» zeudela. Suteak aurrera egin zuen arratsaldean zehar, eta ondorioz, Valtierrako etxe batzuk ere hustu behar izan zituzten.

Beste bi sute ere piztu ziren: Alaitz mendilerroaren hegoaldeko aldean bata, Unzue mendiaren iparraldean; eta Arroitz inguruan, Los Arcostik gertu, bestea. Azken horren ondorioz, A-12 autobideko beste zati bat ere itxi behar izan zuten.

Baliabide guztiekin

Larrialdi zerbitzuek jakinarazi zuten beren baliabide guztiak erabiltzen ari zirela, eta, gainera, laguntza eskatu ziotela Espainiako Gobernuari, airez suak itzaltzen lagun diezaien. Allozko urtegia ere hustu zutela zehaztu zuten, handik ura hartzeko. Remirezek onartu zuen sute asko izateak baliabide aldetik «estres egoera» ekarri duela. Izan ere, inguruko lurraldeetan —Errioxan eta Aragoin, kasurako— egoera antzekoa izan zen atzo, eta han ere baliabideak %100ean aritu ziren erabiltzen. Itzaltze lanetan ziharduten bi langile ospitaleratu dituzte kea irentsi dutelako, baina gainerakoan ez dago zauriturik

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak larrialdi kabinetea bildu zuen suteen bilakaera jarraitzeko. Helikopteroetako batek Nafarroa erdialdea zeharkatu zuen airetik suteen argazki orokorra izateko. Larrialdi plana aktibatuta, debekatu egin diete nekazariei makinekin uzta biltzea, adibidez. Remirezek ez zuen baieztatu, baina Arguedasko sutearen kasuan gobernuko iturriek azaldu zuten uzta biltzeko makina baten txinparta batek piztua zela. Nekazari ugari ere ari dira parte hartzen suak itzaltzeko lanetan.

Gipuzkoan ere sua

Gipuzkoan ere izan zen sute bat: Arastortz mendian, Ataun eta Zaldibia artean. Herritarrek eman zuten abisua, 11:00 aldera, eta suhiltzaileak eta basozainak bertaratu ziren. Iritsi ezineko eremu malkartsu batean hasi zen sua, eta itzaltze lanak oztopatu zituen horrek; izatez, ingurua kontrolatzera eta garrak heda zitezen oztopatzera mugatu zen suhiltzaileen lana. Horretan jardun ziren atzo egun osoan, eta lanok gauean luzeatzekoak ziren. Halere, sutea txikia zela adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak: hamar hektarea erre ziren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berretsi zuen sutea ez zela iritsi Aralarko parke naturaleko lurretara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.