Baskonia 77-84 CSKA Mosku

De Colok zapuztu du festa

Eskoltak 28 puntu sartu ditu, eta CSKA gidatu du serieko bigarren garaipena lortzeko (2-1). Baskoniak hurrengo bi norgehiagokak irabazi behar ditu

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskonia. Vildoza (7), Shields (3), Garino (3), Xengelia (9), Voigtmann(12) —hasierako bostekoa— Huertas (4), Janning (7), Hilliard, Jones, Poirier (19) eta Diop. CSKA Mosku. Hackett (5), De Colo (28), Kurbanov (5), Hines (10), Vorontsevitx(6)—hasierako bostekoa— Rodriguez (3), Higgins (11), Clyburn (10), Peters, Bolomboy eta Hunter (6).

Markagailua. 18-28,39-46 (ats.); 59-62, 77-84.Epaileak. Lottermoser, Rocha eta Vilius. CSKAko Hunter kanporatu zuten faltengatik (29. min.). Bestelakoak. 12.837 ikusle Buesa Arenan.

CSKA Moskuk eskarmentua du. Bere jokalariak partida handi asko jokaturikoak dira, eta ofizio hori bertute baliotsua da amaiera estuetan. Atzo ikusi zen bere jokalariek Baskoniarenek baino gerla gehiago bizi izan dituztela, eta azken laurdenean hobeak izan ziren. Batez ere bat: Nando de Colo taldeko izarra. 28 puntu sartu zituen guztira, eta horietatik hamalau azken laurdenean. Berak gidatu zuen taldea, eta bere soldata handiaren zergatia azaldu. CSKA orain 2-1 dago aurretik seriean, eta Baskoniaren matematikak errazak dira: gelditzen diren bi partidak irabazi behar ditu Lauko Finalerako sailkatzeko. Lehenbizi biharkoa, berriz ere etxean.

Azken laurdenean egin zion ihes garaipenak Baskoniari. Laurdena Janningen bi hirukorekin hasi zuen eta hiru puntuko errenta lortu zuten etxekoak (65-62, 31. min.). Partida osoa atzetik egin ondoren, aurrenekoz jarri zen buruan. Harmailak piztu egin ziren, minutu batzuk lehenago oso zaila zirudien hori eskuetan zuten. Baina CSKAk talentu asko du, eta larrien zegoenean azaleratu zen. De Colok gaizki jokatu zuen Moskuko bi partidetan, eta atzo atera zuen arantza. Hamabi puntu sartu zituen jarraian, eta aurretik jarri zuen bere taldea (71-74, 35.min.).

Baskoniak burua hotz behar zuen, eta erabaki onak hartu. Pibotekin min egiten ari zen: Poirierrek hemeretzi puntu sartu zituen eta Voigtmannek hamabi, baina adorea askotan ez da aski. Presaka saiatu zen partidari buelta ematen. Baloi galduak eta jaurtiketa txarrak pilatu zituen azken bost minutuetan. Janningek min hartu, eta ezin izan zuen jokatu azken laurdenean, eta Hilliard atsedenaldian hoztu zen. Haiek gabe hirukoak garesti daude Gasteizen:24 jaurti zituen eta zazpi bakarrik sartu (%27). CSKAk, aldiz, bigarren borrero bat aurkitu zuen baloiak gehien erretzen zuenean: Higgins. Hark sartu zituen taldearen azken zortzi puntuetatik sei, eta harmailak izoztu zituen.

Ordu erdi atzetik

Giroa beroa zen Buesan, baina ez zuen CSKAkikildu hasieran. Bere jokalariak ohituta daude halakoetara, eta zehaztasun handiz jokatzen hasi ziren. Baloia ondo mugituz, hiruko jaurtiketa onak lortu, eta sartu zituzten. Joko on horri esker 18-28 bukatu zuten aurretik lehen laurdenean. Baskoniak argi zuen defentsa zela hobetu beharreko aldagaia. Erasoan, bitartean, Hilliardek, bi hirukorekin, eragotzi zuen Moskuko taldearen tartea are handiagoa izatea.

Perasovic haserre zen, hala jakinarazi zien jokalariei, eta bigarren laurdenean beste jarrera bat izan zuten. Oldarkorrago jokatu zuten, uztaipea bilatuz, pibotekin zein barnealdiekin. Poirier min egiten hasi zen —hamar puntu eta bederatzi errebote atsedenaldian—, baina, hala ere, Baskonia presaka ari zen. Oldarkortasunak askotan hori dakar,eta hiruko asko huts egin zituen. CSKAk lehen laurdenean baino okerrago i zen erasoan, baina Baskoniak ez zuen behar bezala baliatu errenta murrizteko (39-46, 20.min.).

Hirugarren laurdenean Baskoniak horzka egin zuen. Aurkaria ez zen bere egunik onena izaten ari eta tartea murriztea posible zen. Piboten bitartez saiatu zen, eta Voigtmannek aspaldiko minuturik onenak jokatu zituen —hamar puntu laurden horretan—. Xengeliak ere lagundu zuen. Ez dago bere onenean, baina piztia da erasoko errebotearen bila doanean, eta horrelako jokaldiei esker bost puntu sartu zituen. Laurdenaren amaieran hiru puntura zen Baskonia (59-62), eta gero etorriko ziren Janningen bi hirukoak.

Nabarmentzekoa, halaber, epaileen lan txukuna. Lupa gainean zutela bazekiten eta oso ondo jardun zuten. Baskoniaren aldetik behintzat ezin kexarik eduki. Gasteizko taldeari aurkako 23 falta adierazi zizkioten eta aldeko 25. Baskoniak 31 jaurtiketa libre bota zituen eta CSKAk hogei, horietako hainbat azken minutuan. Hori bai, etxekoek bederatzi huts egin zituzten, bidesari garestiegia atzokoa bezalako partida batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.