Erregularra izatearen balioa

Pello Bilbao izan da aurtengo euskal ziklistarik onena. Goian egon da sailkapen nagusietan, eta, gainera, hiru etapa irabazi ditu.

Pello Bilbao, Euskal Herriko Itzulian lortutako garaipena ospatzen. DAVID AGUILAR / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Orain arteko nire denboraldirik onena izan da hau, zalantzarik gabe». Hori dio Pello Bilbaok (Gernika, Bizkaia, 1990). Bahrain taldeko ziklistak maila paregabea erakutsi du bukatu berri den sasoian. Urtez urte, hobetuz joan da pixkanaka-pixkanaka, eta, sasoi honetan, bikain aritu da lehiatu den proba guztietan. «Gustura» da egindako denboraldiarekin: «Beste urte batzuetan, salto handiagoa egin dut maila aldetik, baina hobetuz joan naiz progresiboki, eta, nire ustez, aurtengoa izan da inoizko sasoirik onena».

Ondo hasi eta bide beretik bukatu. Horrela deskriba daiteke txirrindulari bizkaitarraren urtea. Hirugarren izan zen Arabiar Emirerri Batuetako Tourrean, otsail amaieran, Tadej Pogacar (UAE) eta Adam Yatesen (Ineos) atzetik; eta lehen hamabosten artean sailkatu zen irail hasieran jokatutako Kanadako bi klasikoetan. Haren erregulartasuna izan da «sekretua»: «Konfiantzarekin hasi nuen urtea, eta taldeak aukera asko eman dizkit. Taldea kontziente da nire aukera nahiko aukera segurua dela, eta nire aldeko apustua egin dute. Konfiantza hori bueltatu nahi izan diet».

Emaitzei dagokienez ere, oparoa izan da urtea Pello Bilbaorentzat: bigarren Alemaniako Tourrean; hirugarren Emirerrietako eta Poloniako itzulietan; laugarren Alpeetan; bosgarren Strade Bianchen, Euskal Herriko Itzulian eta Italiako Giroan; eta bederatzigarren Tirreno Adriatikoan. Hori gutxi balitz bezala, hiru etapa irabazi ditu. Puntu sorta handia eskuratu du aurten: Munduko Txirrindularien Sailkapenean zortzigarren izan da bizkaitarra, 1.432 puntu lortuta.

Behin baino gehiagotan gelditu da aurten loriaren atarian astebeteko lasterketetan. Minutuak ez, segundoak izan dira gakoa gehienetan. Baina zer falta izan zaio podiumaren gorenera igotzeko? «Pixka bat arraroa egiten da: beti hain hurbil eta ezin irabazi [bakarra irabazi du, 2015eko Beauceko Tourra]. Beti agertzen da ziklistaren bat sasoiko dagoena. Hemenez dago oparirik. Ni denetan ondo moldatzen naiz, baina edonondik pixka bat gehiago izango banu... Erlojupekoan hobeto moldatuz gero, Polonian irabaziko nuke; esprintean azkarragoa izango banintz, gainsari gehiago lortuko nituzke; eta igoeretan hobe arituz gero, segur aski Itzulian podiumean izango nintzen, edo irabaztetik gertu».

Etapak irabaztea errazagoa da, egun bateko kontua baita, baina hori ere ez da lan erraza. Aurten hiru etapa irabazi ditu: Alemaniako itzulian bat, Alpeetakoan bat eta Euskal Herrikoan beste bat. Etxeko lasterketan hirugarren etapan gailendu zen, Julian Alaphillipperi (Quick-Step) eta Aleksander Vlasovi (Bora) aurre hartuta esprintean, Amurrion (Araba). Aspaldiko «bereziena» izan da gernikarrarentzat: «Gogoratzen ditudan garaipenen artean, politenetako bat da. Hainbeste urte horren atzetik...».

Zer-nolako urtea osatzen ari zen ikusita, zalantza sortu zen Bahrainek nor eramango ote zuen taldeburu Italiako Girora:Bilbao ala Mikel Landa. Erantzuna: biak. «Bi aukera horiek jokatu nahi genituen. Biak ondo hasi ginen, baina, egunak aurrera egin ahala, ikusi genuen goraka Mikelek nik baino puntutxo bat gehiago zuela. Turingo egunean [bederatzigarren etapan] Mikel sufritzen ari zen, eguna oso zail jarri zen, eta haren alde sakrifikatzea erabaki nuen».

Bahrainen, « gustura»

Orain dela astebetetik kontratu berria du bizkaitarrak Asiako taldearekin. 2023ra arte zuen kontratua, baina 2024ra arte luzatzea erabaki dute bi aldeek. Erabakia hartzea «erraza» izan da: «Etxean bezala sentitzen naiz. Oso giro ona dago taldean. Talde osoak eskuratu ditu emaitza onak. Lasterketetan protagonista izan nahi du, eta horrela korritzea gustatzen zait niri».

Hurrengo denboraldirako, lasterketa bat du begiz joa: Frantziako Tourra. Ez da gutxiagorako, Euskal Herritik irtengo baita aurten, eta hemengo errepideetan lehiatuko dira estreinako hiru etapak:«Horrelako aukerak ez dira sarri izaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.