Ez du ilunpetan gelditu nahi

Zeregin zaila dauka esku artean Osasunak: Chimy Avila ordezteko era aurkitzea. Apustu taktikoa aldatu dezake Arrasatek, baina ez du zertan, klubak Gallego eta Arnaiz fitxatu ostean.

Enric Gallego aurrelaria izan da Osasunak neguan fitxatuetako bat. Irudian, lan saio batean. OSASUNA.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Nola bete daiteke taldeko izarraren hutsunea? Nola egin daiteke aurrera haren argirik gabe? Galdera horiek darabiltza gogoan Jagoba Arrasatek, Ezequiel Chimy Avila jokoz kanpo gelditu ostean. Argentinarra ordezkaezina zen Osasunarentzat, baina halabeharrez ordeztu beharrean da orain. Aurrelariak ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen ligako azken partidan, eta gutxienez sei hilabete pasatu beharko ditu zelaietatik kanpo. Sekulako kolpea da Nafarroako taldearentzat, Avila bikain ari baitzen denboraldi honetan. 11 gol sartua zen jada, eta haren joko grinatsua funtsezkoa zen gorritxoentzat. Edonola ere, malenkonia saihestu behar dute; denboraldiak aurrera jarraitzen du, eta salbazioaren lehia gupidagabea da. Bestelako argi iturriak aurkitzeko unea dute nafarrek.

Oraingoz, ondo betea du zorroa, 28 punturekin. Egina dago lanaren zatirik handiena. Zernahi ere den, puntuak garestitu egiten dira sasoiaren amaiera aldera. Eta are garestiago izango dituzte iruindarrek Avilaren golen bermerik gabe. Kasik ezinezkoa da beste inork argentinarraren ekarpena berdintzea, baina bada ardura gehiago har dezakeenik, hala nola Marc Cardona. Kataluniarra hasia da aurrerapausoa ematen: gol bat sartu zion Realari herenegun, Espainiako Kopan, eta eragin handia izan zuen Ligako azken lehian, Levanteren aurka. Hari egin zioten 1-0ekoa sartzeko balio izan zuen penaltia, eta, gero, goleko pasea eman zion Iñigo Perezi.

Gorritxoek lehen argi printzak igorri zituzten norgehiagoka hartan. Avilak 55. minutuan hartu zuen min, markagailua hutsean zela, baina taldea ez zen uzkurtu, eta, Arrasateren aldaketak lagun, garaipen baliotsua lortu zuen. Hots, Avila gabe ere irabazteko gai dela erakutsi zuen. Hark zelaia utzi ostean, gorritxoen eskema taktikoak iragan sasoikoaren antza hartu zuen: aurrelari bakarrarekin aritu ziren birekin aritu beharrean, atzetik Ruben Garcia punta-erdi gisa ipinita. Lehen begi kolpean, apustu egokia dirudi aurrera begira. Izan ere, erdilaria hobeki moldatzen da erdiratuta diharduenean; eragin handiagoa du taldearen jokoan. Edonola ere, ezker hegalean ere ederki moldatu da orain arte, Pervis Estupiñanekin bikote emankorra osatuta.

Realaren aurka, ez hegaleko, ez punta-erdi: aurrelaria izan zen Ruben Garcia, alboan Cardona zeukala, 5-3-2 sistemaren barruan. Zelaiaren erdialdea jokalariz betetzea deliberatu zuen Arrasatek, donostiarren lerro arteko jokoa oztopatzeko asmoz. Apustu berezia izan zen, erasoan talentu handia duen talde bati aurre egiteko pentsatua, eta ez dirudi datozen lehietan jarraipenik izango duenik. Batez ere, ez zelako ondo atera: hiru gol sartu zizkieten nafarrei, eta oso gutxi agertu ziren erasoan.

Eta Brandon geratu balitz?

Ohiko 4-4-2 marrazkiari ere eutsi diezaiokete. Aurrelari peto baten beharra zuten horretarako. Adrianen eta Cardonaren arteko bikoteak ez zirudien bateragarria, eta Villar ezin daiteke ekuazioan sartu, maila apala eman duelako, eta merkatuko azken txanpan irten daitekeelako. Bada, topatu dute falta zitzaien pieza: Enric Gallego da, orain arte Getafen aritu den aurrelaria. Utzita iritsi da, eta, mailari eutsiz gero, bi milioi euro ordaindu beharko ditu Osasunak —kopuru osoa 4,5 milioira irits liteke hurrengo bi denboraldien buruan—. Bestalde, Jose Arnaiz fitxatu duela iragarri zuen Iruñeko taldeak atzo. Utzita ekarri du hura ere, eta erosteko aukera izango du sasoiaren amaieran, 4,5 milioiren truke. Hegaleko jokalaria da, baina badu puntaren puntan jokatzea ere.

Aurrelari postua ondo indartu dute gorritxoek; baina, halere, ez dute inor presioa bizi abiatzen eta aurkaria etenik gabe estutzen duenik, Chimyren gisara. Brandonek ederki asko betetzen zuen mandeuli lana, baina Gironara joan zen orain dela bi aste. Haren soldata aurreztu beharra zuen klubak jokalari berriak fitxatu ahal izateko, baina, halaber, ederki etorriko zitzaion orain Arrasateri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.