Errusiako Munduko Kopa

Marka ezin erakutsita

Rafael Marquez bost Munduko Kopatan parte hartu duten jokalarien klubean sartu da. AEBetako justiziarekin duen arazoak, baina, hedabideen aurreko bere jarduna murrizten du.

Rafa Marquez entrenamendu batean, publizitate gabeko elastikoarekin. J.M. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Iragan igandean, Rafael Marquez (Zamora, Mexiko, 1979)Mexikoko selekzioko erdiko atzelaria Munduko Kopen historian sartu zen. Alemaniaren aurkako partidako 74. minutuan zelairatu, eta bost Munduko Kopatan (2000, 2004, 2008, 2014 eta 2018) parte hartu dutenen klubean sartu zen, Antonio Carbajal herrikidearekin (1950, 1954, 1958, 1962eta 1966) eta Lothar Matthaus alemaniarrarekin (1982, 1986, 1990, 1994 eta 1998) batera. Gianluigi Buffon atezain italiarra ere bost kopara deitu zuten, baina horietako batean ez zuen jokatu.

Michoakango Kaiserrak mugarri historikoa lortu zuen, are gozoagoa oraindik Mexikok Alemania garaitu zuelako. Berez, txapelketa osoak hari gorazarre egiteko omenaldi bat izan beharko luke, erretiroa hartuko duelako azken sasoia Atlas Guadalajara bere gaztetako taldean igaro ondoren, Munduko Kopa amaitzean. Haren jarduna, baina, itzalpean pasatzen ari da AEBetako justiziarekin dituen arazoengatik, eta Ogasunaren zerrenda beltzean egoteak hedabideetan agertzeko jartzen dizkion trabengatik.

Marquezi, izan ere, narkotrafikoko dirua estali izana egotzi diote AEBetan. 2010 eta 2012 artean, MLS bertako ligan jokatu zuen. OFAC AEBetako atzerriko diru sarreren sarrera kontrolatzeko bulegoaren arabera, MarquezekRaul Flores Hernandezen sarearekin harremana du, eta sare horri hainbat droga kartelen dirua garbitu izana leporatu diote.

Ondorioz, eta auzia argitzen den bitartean, AEBetako enpresek ezin dute inolako lotura komertzialik izan Marquezekin, eta Mexikoko selekzioko eta Munduko Kopako babesleetako askoAEBetakoak dira. Zer eragin du horrek? Bada, hasteko, Marquezi AEBetan zituen banku kontuak blokeatu dizkiote, eta futbolariak ezin du AEBetako hegazkin konpainietako hegaldirik hartu. Mexikoko Federazioak, beraz, horiek saihestuz antolatu behar izan du Errusiarako bidaia.

Ura, beste botila batetik

Betoa, baina, urrunago doa, eta Marquez hautatzailearen deialditik kanpo gelditzeko zorian egon da. Esaterako, Coca-Cola AEBetako freskagarri etxeak publizitatea jartzen du Mexikoko entrenamendu arropan, eta Marquezek ezin du jantzi. Entrenatzeko bere arropan ageri den logo bakarra Adidas kirol etxearena da, Alemaniako marka bat. Ura ere beste botila batzuetatik edaten du, selekzioaren ur marka ofiziala Coca-Colarena baita, eta Marquez ezin baita hori edaten agertu.

Hori selekzioaren babesleekin gertatzen zaio, eta Munduko Kopakoekin ere arazo handia du. FIFA eragozten ari da Marquezek prentsaurrekoak ematea, atzeko publizitate afixetan Visa, Coca-Cola, Budweiser eta McDonald's ageri baitira, denak AEBetako markak. Egoerarik danteskoena Alemaniaren aurkako partidaren amaieran gertatu zen. Marquezek mugarri historiko bat ezarri berri zuen, eta zelaian elkarrizketak egiten dituen kazetariak, logikoki, harengana jo zuen galderak egiteko. FIFAk, ordea, hasieran ez zuen elkarrizketa hori baimendu, baina gero erabakia aldatu behar izan zuen, baina baldintza batekin: elkarrizketa egitean ezin zen AEBetako markarik ageri telebista planoan.

Marquezen egoera buruhauste bat da FIFArentzat, eta xehetasun asko zaindu behar ditu. Hark prentsaurreko bat ematen badu, esaterako, moderatzailea AEBetako izan ez dadila zaindu behar du. Muga horiekin, atzelariak oso zail du ibilbideari amaiera gozoa ematea. Marka da gero Marquezek ezin harro erakustea marka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.