Azkenean, handi bat

Caroline Wozniackik bere lehen Grand Slama lortu du Simona Halepi irabazita. Berrogei graduko beroarekin jokaturiko final epikoa izan da

Caroline Wozniacki, lurrean etzanda eta leher eginda, Australiako Irekiko finala irabazi ondoren. LUKAS COCH / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Caroline Wozniackik lasai hartu dezake arnasa dagoeneko. Atzo Australiako Irekiko finala irabazi zuen Simona Halepen aurka (7-6, 3-6 eta 6-4), eta bere ibilbideko lehen Grand Slam torneoa lortu du. Bide batez, WTAko lehen postura itzulia da sei urte geroago. Izan ere, daniarrak badaki zer den zirkuituko buru izatea, 2010. eta 2011. urteen artean 67 astez egon zen lehen postuan, baina ez zuen torneo handirik irabazi —43 jokatu ditu guztira, eta bi aldiz galdu du AEBetako Irekiko finala—. Torneo txikien txapelduna zela egozten zioten —26 ditu irabaziak—, baina orain, azkenean, trofeo handi bat jarri ahal izango du garaikurren apalean.

Final epikoa irabazi zuen Wozniackik, Halepek eta berak partida handia jokatu baitzuten baldintza oso gogorretan. Melbournen 40 graduko beroa egin zuen atzo, eta bi tenislariak bi orduz eta 49 minutuz ibili ziren egurrean. Bigarren eta hirugarren setaren artean torneoan aurreneko beroaren arautegia aplikatu zen, eta bi jokalariek hamar minutuko atsedena hartu zuten aldagelan. Ordurako biak arazo fisikoak pairatzen hasiak ziren, Halepek bereziki. Bigarren setean medikuak tentsioa neurtu ziezaion eskatu zuen, eta haren oniritziarekin jarraitu zuen. Ezkerreko hankan giharretako arazoak izan zituen,eta herrenka bukatu zuen.

Minak asko mugatu zuen Halepen jarduna hirugarren setean, eta, hala ere, borrokan jarraitu zuen. Set gorabeheratsua izan zen, zortzi aldiz hautsi baitzioten sakea elkarri. Wozniacki 3-1 irabazten hasi zen, eta, hala ere, Halepek launakoa behartu zuen. Entrenatzaileari ezin zuela jarraitu esan arren, adorez jokatu zuen, arriskatuz. Azken bi jokoetan, baina, Wozniackik gaina hartu zion. Amaieran irabazleak barkamena eskatu zion Halepi: «Sentitzen dut zu garaitu izana», onartu zion. Halepen aldetik, bere ibilbidean galtzen duen hirugarren Grand Slam finala da.

Federer, 20.aren bila

Roger Federerrek eta Marin Cilicek gizonezkoen finala jokatuko dute gaur (09:30, Eurosport). Federer, 36 urterekin, hogeigarren Grand Slama irabazten saiatuko da, eta seigarren Australiako Irekia. Cilicentzat, berriz, Grand Slam bateko bigarren finala da, 2016ean AEBetan irabazitakoaren ondoren. Cilic zazpi urte gazteagoa den arren, Federer da faboritoa. Bederatzi aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta suitzarrak zortzi irabazi ditu. Hori gutxi ez, eta torneo osoan ez du set bat ere galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.