Koronabirusa

Neurri «arinak» hartu dituzte Iparraldea «zona gorrira» pasatu ondoren

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herria «zona gorrian» sartzeak ez du ondorio nabarmenik izanen herritarren egunerokoan. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak adierazi duenez, maskararen erabileran izanen du bereziki eragina. Orain arte, Lapurdiko zenbait herritako —Baiona, Miarritze, Bidarte, Ziburu, Ezpeleta, Getaria, Donibane Lohizune— eta Donibane Garaziko erdiguneetan baizik ez zen baitezpadakoa maskara erabiltzea. Hemendik aitzina, Hendaia, Hiriburu, Bokale eta Angelu gehituko zaizkie herri horiei. Halaber, goi mailako irakaskuntzako ikastetxeetan, kirol estadioetan eta kaleko merkatuetan ere baitezpadakoa izanen da. «Neurria errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna izanen du; hamabost eguneko epean errepikatzen bada, 1.500 eurokoa», abisatu du prefetak.

Neurri «arin» batzuk dira, baina «azken abisua» direla nabarmendu zuen atzo Spitzek. Haatik, abisatu zuen «neurri zorrotzagoak» ezarriko dituela osasun egoera okertzen bada eta kasuen gorako joerak jarraitzen badu.

14-15 agerraldi, orotara

Maritxu Blanzaco Eskualdeko Osasun Agentziako Pirinio Atlantikoetako departamenduko ordezkariak eman zituen egoera epidemiologikoari buruzko datuak. «Intzidentzia tasa anitz emendatu da», ohartarazi zuen. Asteazkenean, 100.000 biztanleko 51,2 kasu zeuden Pirinio Atlantikoetako departamenduan; atzo, 57,2.

Lapurdiko kostaldean dabil nagusiki birusa, Blanzacoren arabera, eta Ipar Euskal Herrian orotara gaitzaren 14-15 agerraldi daudela adierazi zuen. Baionako Ospitalean gaixo bat dago suspertze unitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.