«Ez dituzte kontuan ikasleak»

Ikasleek mobilizazioak egin dituzte, Ikama ikasle antolakundeak deituta. Ratioak jaistea, «protokolo eraginkorrak» ezartzea eta «kontrol sozialik ez» izatea eskatu dute, besteak beste.

Ikamak antolatutako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ratioak jaistea, kontrol soziala desagertzea, protokolo «eraginkorrak» ezartzea, ikasleen hitza entzutea, euskaraz ikasteko baliabideak ematea... Atzo aldarrikapen horiek eta gehiago atera zituzten kalera ikasleek Ikama ikasle antolakundeak deitutako mobilizazioetan. Hegoaldeko hemeretzi herritan egin zituzten protestak.

«COVID-19a hasi zenetik ikasturte osoa daramagu oztopoei aurre egiten, arazo guztiak areagotu zaizkigulako, edo sortu zaizkigulako arazo berriak». Horrela laburbildu du June Diazek gaur egungo egoera. Algortako San Nicolas ikastolako (Bizkaia) ikaslea da, baita Ikamako kidea ere. Ikasleak «gehiago jasan ezin duten puntura» iritsi direla uste du. Antzeko iritzia du Lide Arrieta Ikamako kide eta Iruñeko Biurdana ikastetxeko ikasleak: «Nik uste dut ikasleongan ondorio psikologikoak uzten ari dela». Bizi duten egoeraz kexu da Donostiako Luberri eskolako ikasle eta Ikamako partaide Adur Tolosa ere: «Kendu dizkigute gauzak, baina ez digute ezer eskaini».

BERRIAk telematikoki elkartu ditu hirurak, kalera atera dituzten aldarrikapenak banan-banan aletzeko. Ratioak jaistea da ikasleen eskaeretako bat. Arrietak hitz gutxi behar ditu bizi dutena kontatzeko: «Kalean seik bakarrik egoteko aukera dugu, eta gelara sartu, eta 30, pega-pega eginda». Kontraesanak ikusten ditu Tolosak: «Gelara iristen naiz, eta 28 gaude, autobusean pertsona pila bat daude... Uste dut kontraesan handia dela. Gero, zuzendaria dator esanez: 'Ez, komunean lau zaudete'. Edo errieta egin eta zure amonari buruz hitz egiten duen irakasle hori dator, amona ikusi gabe urtebete daramazunean».

Martxoko itxialdirik estuena igarota ere, ikasleek salatu dute «egun batetik bestera eta noiznahi» konfinatzen dituztela oraindik. Zer gertatzen da halakoetan? Nola kudeatzen dute egoera ikastetxeek? Ondo daki Diazek. Bi aldiz gertatu zaio, eta etxean itxita dago uneotan, hiru ikaskidek positibo eman dutela eta: «Gure irakasleak esaten zuen: 'Ikusiko dugu nor egongo den oporretan eta nor lanean'. Oporretan ez, nor dagoen konfinatuta eta txarto. Oso gogorra da eramateko. Oporretan? Oporretan ez dut uste inor dagoenik». Gogoan du konfinamendua Arrietak ere: «Aste eta erdiz egon nintzen konfinatuta, eta, gaixorik egoteaz gain, irakasleen atzetik ibili behar izaten nuen: batek klasea online emango zidanaren esperoan, besteak ez zekien kamera pizten, hirugarren batek ez zidan emailera erantzuten... Gainera, gure egoera jakin gabe eta kontuan hartu gabe».

Euskara mailan, galera

Eskolak jarraitzeaz gain, azterketak egitea ere egokitu zaie. Tolosak azaldu duenez, irakasle bakoitzak bere bidea egin du: «Irakasle bakoitzak nahi duena egin du; batzuei astebete atzeratu dizkiete, eta beste batzuei berreskuratze eskoletan egin diete azterketa».

Euskararen galera izan da hezkuntza komunitatean kezka nagusietako bat, eta hala bizi dute hiru ikasleek ere. Ikastolara itzulitakoan, hitz egiteko arazoekin ez, baina euskararekin «apur bat galduta» ikusi ditu ikaskideak Diazek. Euskara indartzeko planik ez dela egin nabarmendu du Arrietak, eta horretarako saiakerak herritarrek eginikoak izan direla erantsi du Tolosak: «Donostian, adibidez, antolatu zen sare moduko bat euskarazko eskolak emateko, eta bertan apuntatu ziren boluntarioak eta laguntza behar zutenak; bestela, ezer ez».

Kontrolatuta eta hitzik gabe

Pandemia dela medio, gero eta «kontrol sozial handiagoa» dutela salatu dute ikasleek. Tolosak, esaterako, azaldu du Ertzaintza pasatzen zela ikastetxe ataritik, maskara jaitsita hamaiketakoa jaten egoten zirelako. Diazek eta Arrietak uste dute kontrol soziala ez dela hainbeste areagotu, baina Arrietak aipatu du biltzeko zailtasunak dituztela: «Ikastetxe askotan, oraindik ez dugu antolatzeko eskubiderik, eta hori ere askatasun eta eskubide bat da».

Arrazoi horiek guztiak emanda, ikasleen hitza ozen entzunarazi nahi dute. Hala azaldu du Tolosak: «Ez dute ikaslea kontuan hartzen ezertarako, eta orain, pandemiaren eraginez, gaitz hori areagotu egin da, eta gehiago ikusarazi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.