Lehengoen bideari segitu nahian

Realak Espainiako Kopako final-laurdenak jokatuko ditu Real Madrilen zelaian. 1988an bezala, irabazi egin behar du aurrera egiteko. Orduko hartan zelaian zen Bixio Gorriz: «Aukerak baditu».

Realeko Mikel Merino, Real Madrileko Fede Valverderekin lehian Ligako partidan, Bernabeun. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Realak bere jiran du egin beharrekoa ondoen azalduko dionkuadrilla. Txuri-urdinek Espainiako Kopako partida erabakigarria jokatuko dute gaurSantiago Bernabeun, eta Real Madrilen etxean irabaztea du txapelketan aurrera egiteko aukera bakarra. Lantegi zaila du, haatik, baina bere historiari erreparatu besterik ez du lor dezakeela jabetzeko. 1988an estadio hartan lortu zuen Real Madril menderatu, eta finalerako sailkatzea. Ordukoan bi partidak irabazita egin zuten aurrera. Espainiako taldeari estu gailendu zitzaion Atotxan (1-0), baina jipoitu egin zuen Madrilen(0-4).

Hiru hamarkada geroago, partida bakarrera jokatuko da kanporaketa. Emaitza estuago batekin irabaztearekin ere konforme legokeela esan du Alberto Bixio Gorriz (Irun, Gipuzkoa, 1958) Realeko jokalari ohiak: «Azken unean huts eta bat irabazita ere gustura nintzateke, aurrera egiten bada». Gorrizek ondo daki Santiago Bernabeun irabaztea zein zaila den. Askotan aritu da han —txuri-urdinekin partida gehien (599) jokatu duen jokalaria da—, eta 1988ko kanporaketa historikoan ere zelaian zen.

Hain justu, berak sartu zuen donostiarren lehendabiziko gola egun hartan: «Oroitzapen onak ditut. Han jokatzea beti zen pizgarria. Lehen zatian asko sufritu genuen, baina hutsean mantendu genuen markagailua. Bigarren zatiari ondo ekin genion, eta korner batean buruz errematatzera joan nintzenean Paco Buyorekin [Madrileko atezaina] talka egin nuen, eta baloia erortzeaz zela ezkerrez jo eta sarera joan zen. Ez zait sekula ahaztuko».

Neurketan aurretik jarrita «nerbioak baretu» zituztela esan du Gorrizek, eta «taldea oso ondo» aritu zela amaierara arte. Gaurko partidarako gakoetako bat hori dela uste du: «Realak talde gaztea du, eta Bernabeun 80.000 lagun egongo dira Real Madrilen alde. Haiek bolada onean daude, gainera. Ez da partida erraza aurre egiteko, baina uste dut Realak baduela gaitasuna, jokalari onak dituela. Lehendabizikoa grina izatea da, eta partidan gauzak ondo ateratzea».

Gorrizen ustez, Realaren ezaugarriak kontuan hartuta, «baloia edukitzen saiatu» beharko luke talde txuri-urdinak. Bertatik bertara ikusi zuen donostiarrek han jokatutako azken ligako partida, eta uste du galdu arren (3-1) Realak hasiera ona egin zuela: «Kontua da gero Real Madrilek aurrera egin zuela. Goian egin zuten presioa, eta ez dute barkatzen. Baloi guztietan lehiara egiten duen taldea da».

«Ausardiaren beharra»

Finalerdietarako jauzia egiteko, Gorrizek dio ez dela nahikoa ondo aritzearekin: «Ezin duzu hutsik egin, eta ausarta izan behar du. Realak baditu jokalariak partidaren bila joateko; ezin da atzean geratu; bestela, galduta legoke. Grinatsu aritu behar du, anbizio handiz».

Realari dohain asko ikusten dizkio Gorrizek, baina adierazi du tarteka «esperientzia falta» nabaritzen zaiola: «Partidako une batzuetan, jokalari batzuk behar dira joko zatarxeagoa egingo dutenak, praktikoagoak izango direnak: emaitzari eusteko, amaiera aldean falta gutxiago egiteko... Esperientzia horiek beste talde batzuen indargune dira, eta uste dut hori ez duela Realak».

Partidari ondo ekiteko beharraz ere mintzatu da Gorriz. Haren esanetan, «Realak ez du Real Madrilen zain egon behar beldurrez, areara berehalakoan iritsiko liratekeelako. Ikusten badute guk aurpegia erakusten diegula, litekeena da haiek ere beldur pixka bat izatea gorputzean. Hala izatea gustatuko litzaidake».

Onentsuenekin ariko da

Gorrizek esan du txapelketan sistema honekin Kopan «edozer» gerta daitekeela, eta oroitu du partida bakarrera jokatu zutela 1987ko aldian. Irabazi egin zuten, eta nahiko luke aurten ere Realak egitea. Baita Imanol Alguacilek ere; prestatzailea onenekin ariko da gaur iluntzean. Zelaian izango dira Odegaard, Merino eta Oiartzabal. Zinedine Zidane Real Madrileko entrenatzaileak, berriz, deialditik kanpo utzi ditu Bale, Hazard, Carvajal eta Casemiro.

REAL MADRIL-REALA

Real Madril. Areola; Nacho, Ramos, Militao, Marcelo; Valverde, Kroos, Modric; Isco, Vinicius, eta Benzema.

Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal; Guevara, Merino, Odegaard; Portu, Oiartzabal, eta Isak.

Epailea. Mateu Lahoz.

Lekua. Santiago Bernabeu (81.044 ikusle).

Ordua. 19:00 (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.