Aulki beroaren olinpoan eserita

Imanol Alguacilek 200 partida bete ditu Realeko entrenatzaile gisa, eta lehen taldea aldi gehienetan zuzendu dutenen artean dago. Taldea gozo ari da haren aginduetara, goiko postuetan ezarrita.

Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea, baloia eskuetan duela, Valentziaren aurkako norgehiagokan. J. ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Entrenatzaileak dira eliteko futboleko fusibleak. Taldetako kiderik galdagarrienak, zerbait okertzean kiskali daitezkeen piezak. Horregatik esaten da teknikarien aulkiak beroak direla. Gutxik irauten dute luzaroan eserita. Ordea, bakan batzuek aldi luzeak egiten dituzte postuan. Gauzak ondo doazen seinale.

Imanol Alguacilen kasua da hori. Orioko teknikariak 200 partida bete ditu Realeko prestatzaile karguan. Donostiarren klubari dagokionez, egonkor dago entrenatzaileen olinpoan. Partida gehien zuzendu dituztenen artean bosgarrena da, eta, oker handiegirik ezean, laugarren koskara igaroko da aurki, Andoni Elizondo gaindituta (234).

Imanol entrenatzaile denetik ondo ari da Reala: multzo irabazlea du, Europan ari da sarri, eta garaikur bat eskuratu du. Oriotarrak irabazi egin ditu zuzendutako partiden ia erdiak (%48), eta berdindu egin du beste laurden batean. Ander Avellaneda futbol entrenatzaileak aletu ditu arrakastaren sekretuak.

«ESPERIENTZIA PILATU DU»
Lan eginda, iraunkor

Imanolek Reala estreinakoz hartu zuenean ez zuen esperientziarik gorengo mailan. Artean bigarren taldeko entrenatzailea zen, eta Eusebio Sacristan ordeztu zuen teknikari espainiarraren kaleratu ondotik: «Berak esan zuen bere burua ez zuela gai ikusten», adierazi du Avellanedak.

Hala izan zen. Imanolek B taldera itzultzea hobetsi zuen. Ordea, Asier Garitanoren tokia hartu zuen gero, eta ordutik finkoa da Anoetako aulkian: «Emaitzen eta jokoaren bidez irabazi du Realeko entrenatzaile izatea. 200 partida egitea ez da erraza. Gainera, garaikur bat lortu du, eta Europarako sailkatu dira hiru urtean segidan. Meritu izugarria du», Avellanedaren ustez.

«ETXEKOA DA, REALEKOA»
Naturaltasuna erdigunean

Imanolen ezaugarri nagusien inguruan galdetuta, Avellanedak argi du: «Naturaltasuna da puntu garrantzitsuenetako bat. Ikusten da nolakoa den, eta oso garbia da», azaldu du.

Multzoaren kudeaketa izan ohi da egungo futbolaren errotan bizirauteko beste aldagaietako bat. Hori ere nabarmendu nahi izan du Avellanedak. Tolosarraren esanetan, Imanolek lortu du jokalari guztiak beti prest egotea, eta aurkariekiko errespetua ere oriotarraren ezaugarritzat jo du: «Berdin zaio Europako partida den edo Coriaren aurka Kopan jokatutakoa: partidak izugarri prestatzen ditu».

Horrez gain, klubari buruzko ezagutzari eta prestakuntzari ere garrantzia eman dio: «Etxekoa da, Realekoa. Hortik hasita, lau urteotan erakutsi du ikasi egin duela. Entrenatzaileak emaitzez bizi dira, baina oso prestatua dago. Askotan, taktikoki gauza ezberdinak erakutsi ditu».

«EKIMENA JOKOAN»
Estiloa eta moldatzea

Imanolek nahi du bere taldeak baloiaren jabetza edukitzea eta jokoaren ekimena txuri-urdinena izatea, baina moldagarria ere badela erakutsi du 200 partidatan. «Askotan, entrenatzaileon bekatua izaten da estilo mota bakarra edukitzea, eta Imanolek erakutsi du B plana baduela. Beharraren arabera, atzerago, aurrerago, luzeago edo motzago jokatzen du Realak. Nire ustez, Imanolen gakoak dira partidak ondo kudeatzen dituela, aurkariak ondo ezagutzen dituela eta badakiela bere jokalariei errendimendu gorena ateratzen», azaldu du.

«LAN TALDE POLITA DU»
Teknikari talde egokia

Avellanedak Realeko teknikari multzoa nabarmendu du arrakastaren beste erpin gisa. Haren esanetan, lan talde «polita» du. Mikel Labaka, Jon Aleman, Jon Ansotegi... «Zaila da horrelakomultzoa ikustea, halako harremana duena. Denak etxekoak dira, baina denak futbolariak izan dira, eta goi mailako esperientzia dute. Badakite nola kudeatu multzo baten egunerokoa; umiltasunez aritzen dira. Erreferenteak izan dira jokalari gisa, baina pertsona naturalak dira, eta gauzak argi dituzte. Gauzak egiteko gogoa dute».

«EXIJENTEA, BAINA ARGIA»
Deus oparitu gabe

Imanol entrenatzaile exijentea da. Futbol zelaiko hegalean azaltzen den aldiro nabari da hori. «Ez du ezer oparitzen, eta oso argia da. Adierazpenetan, behin baino gehiagotan aipatu izan du jokalariak ez daudela jokatzeko prest, baita harrobikoen inguruan ere. Ez dut uste kritika bat denik. Pentsatzen dut barruan hitz egingo dutela gehiago, baina argi dute. Ez dagoenean prest lagunduta egon dadin. Jokalari asko ditu, eta guztiak oso entxufatuak daude, badakitelako beren maila erakusteko aukera izango dutela. Imanolek lortu du gertutasun hori, baita zaleekin ere. Guztiak batera doaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.