Abiadura izan daiteke gakoa

Bera Berak Malagaren pabiloian jokatuko du gaur ligako partida (18:00, ETB4). Bi taldeak multzoko buru dira. Lehen itzulian berdindu egin zuten Donostian. Mirene Moreno baikor dago.

Mirene Moreno, jaurtiketa bat egiten Malagaren kontrako lehen itzuliko partidan. BERA BERA.
ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Europako Txapelketaren etenaren ostean, indartsu ekin dio berriz ere ligari Super Amara Bera Berak. Jokatu dituen bi partidak nagusitasunez irabazi ditu Guardesen eta Cicar Lanzaroteren kontra, erasoan zein defentsan maila oso onean arituta. Ohiko abiadurarekin jokatu du Imanol Alvarezen taldeak, eta horretan zerikusi handia izan du Mirene Morenok. Jokalariak bere ezaugarrietara egokitzen den taldea topatu du, eta alderantziz. Aurreko sasoian hasi zen nabarmentzen, eta honetan orduan erakutsitakoa berresten ari da hegaleko gaztea.

Gaur ez dute erronka erraza berak eta bere taldekideek. Malagan jokatuko dute, eta multzoko lidergoa izango dute jokoan etxeko taldearen kontra. Denboraldi honetan jokatutako partida guztiak irabazi dituzte bi taldeek, eta bakarra berdindu: elkarren aurka Donostian jokatutakoa. Espainiako Superkopan ere nor baino nor gehiago aritu ziren, eta, gol batengatik, garaipena Malagarentzat izan zen.

Bi aurrekari horiei erreparatuta, partidaren ondorengo azterketa egin du Morenok. «Argi dago partida parekatua eta zaila izango dela, eta minutu bakoitzak garrantzia izango duela. Ezin dugu arreta une bakar batean ere galdu. Izan ere, Superkopan bezala, haiek lauzpabost goleko errenta lortzen badute, zaila da buelta ematea, oso ondo kudeatzen baitituzte errentak eta partiden erritmoak».

Argi du erritmo biziko norgehiagoka izango dela. «Bi taldeei gustatzen zaigu kontraerasoan jokatzea, eta fisikoki oso ondo egon beharko dugu. Baina baikor naiz. Taldea oso ondo ikusten dut. Hasieratik erakutsi behar diegu gure helburua irabaztea dela, eta puntu batek ez digula balio». Alde horretatik, abantaila txiki bat izan dezakete, Malagako jokalariak itxialdian egon baitziren astelehenera arte COVID-19agatik. «Hasieratik abiaduraz jokatzen badugu, haiek antzeman egin dezakete. Guri ere tokatu zitzaigun itxialdian egotea, eta bueltatzea kostatu egiten da. Izan ere, gure gorputza egunero entrenatzera ohituta dago».

Guardesen aurka bezala irten behar dute gaur. «Izugarri ondo ekin genion partidari, oso serio eta sendo defentsan. Horrek aukera eman zigun gero erasoan aukerak izateko, eta partida hausteko. Horretan saiatu behar dugu oraingoan ere». Erasoan jaurtiketa argiak bilatzearen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, Malagan Merche Castellanos dago, aurreko sasoira arte Bera Beran egon zen atezaina. Denboraldi aparta egiten ari da espainiarra. Jaurtitzen dizkioten ia baloien erdiak geratzen ditu. «Oso ondo ezagutzen gaitu, eta ez da erraza izango. Sasoi honetan haien aurka jokatu ditugun bi lehietan erabakigarria izan zen haren jarduna».

Beste taldekide ohi baten izena ere aipatu du: Silvia Arderiusena. «Beste jokalari on asko ditu Malagak, baina bere da taldeko iparrorratza. Buruz buruko jokaldietan oso ona da. Baina hori beharrean, haren beste ezaugarri bat nabarmenduko nuke: taldekideak hobeagoak egiten ditu, eta aukerako baloiak ematen dizkie».

Irabazteari garrantzia ematen dio. «Ahalik eta puntu gehienekin iritsi nahi dugu txapelketako une erabakigarrira. Baina irabazita ere, lanean segitu behar dugu. Datorren astean bi partida ditugu, eta horietan ere ezin dugu huts egin». Ligako bi multzoetako lau talderik onenak lehiatuko dira titulurako. «Gustuko dut txapelketako eredu hau, nahiz eta ez dugun aukera izan Ro'Casa, Elx edo Granollersen jokatzeko. Baina horrek ere adi egotea eskatzen dizu, eta pizgarri bat izango da. Desio bat du ordurako. «Ea min hartuta dauden jokalari guztiak ondo osatzen diren. Izan ere, ez dugu zorterik izan lesioekin, denbora luzerako izan baitira. Emma, [Boada], Eli [Cesareo], Sara [Gil]eta Maria [O'Mullony] bete betean badaude, taldeak asko irabaziko du. Denen artean minutuak eta nekea hobeto kudeatuko ditugu. Guretzat, gainera, gogorra da taldekideak horrela ikustea».

«Konfiantzaz eta gustura»

Pertsonalki Moreno gustura dago egiten ari den denboraldiarekin,azken hilabeteetan minutu dezente jokatzen ari baita, Sara Gilen lesioarengatik. «Pena da horregatik izatea. Baina asko ikasten ari naiz, esperientzia hartzen. Izan ere, nik beti esaten dut ikasten duzula gai zarenean entrenamenduetan landutakoa partidetan erakusten duzunean».

Mentalki ere aurrerapausoak eman dituela uste du. «Entrenatzailearen eta taldekideen konfiantza dudala ikusteak asko laguntzen dit. Gainera, garbi dutgehiago eman dezakedala. Ez naiz orain artekoarekin konformatzen». Entrenatzaileak argi utzi dio zein den bidea: «Ondo egiten dakizkidan gauzak ondo egitea eskatzen dit. Gainera, oso pertsona alaia eta baikorra naiz, eta taldekideei ere hori transmititzea nahi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.