Errusiar mendi baten gisan

Carlos Chocarro Helvetia Anaitasunako kapitainak azaldu du «denboraldi arraroa eta zaila» izan dutela, «taldearen irregulartasunaren» eta koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz.

Carlos Chocarro, lantokian, U'Koren, Mutiloabeitin. Prestatzaile fisikoa da bertan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Duela hiru hilabete luze jokatu zuen azkeneko partida Carlos Chocarrok (Iruñea, 1985). Baina Helvetia Anaitasunako kapitaina ez da geldirik egon. Ariketa fisikoak garrantzi handia du haren bizitzan. Bere ogibidea ere bada: eskubaloi jokalaria da, baina baita prestatzaile fisikoa ere, U'Koren, Mutiloabeitin (Nafarroa). Luzea da haren gomendioak jarraitzen dituzten kirolarien zerrenda: Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberria pilotariak, Anaitasunako taldekideak, Eduardo Gurbindo eskubaloi jokalaria eta Eduardo Prieto Espainiako Lehen Mailako futbol epailea, besteak beste. «Baina goi mailako kirolariak ez diren makina bat lagun ere eramaten ditugu. Ahalegin bera egiten dugu guztiekin», zehaztu du.

Aurrera begira dago jada, ez baitu oroitzapen onik azken denboraldiaz. «Arraroa eta zaila izan da, errusiar mendi baten parekoa. Batetik, taldea oso irregular aritu da. Egutegi zaila egokitu zitzaigun hasieran, eta, gainera, lehen partida galdu genuen etxean. Horrek min egin zigun. Taldeak oso lan ona egin zuen sasoi-aurrean; jokalari multzo oso ona genuen, baina, emaitzak alde ez daudenean, zalantzak hasten dira. Gero, hobera egin genuen, baina, bigarren itzuliaren hasieran, egutegi zailak berriro beherantz bultzatu gintuen. Argia ikusi genuen Koparako sailkatuta, baina lehen kanporaketan galdu genuen. Eta ondoren etorri zen dena».

«Egun batetik bestera» pasatu zen dena. «Madrilen, Kopan, jada bolo-bolo zebilen birusaren kontua, baina lasai egoteko esan ziguten. Baina astebete eskasera jada denok etxean sartuta geunden. Gurekin Madrilera joandakoren bat kutsatu ere egin zen. Garai zailak izan ziren».

Liga bertan behera geratu zen, eta Anaitasunak aldi baterako erregulazioa ezarri zien taldeko kide guztiei. «Ulertzekoa izan zen neurri hori hartu izana. Gainera, oso zortekoak gara. Klubeko arduradunak eta babesleak oso ondo portatu dira. Klubak hasieratik esan zigun %70eko erregulazioa ezarriko zigula, eta beste zatia berak jarriko zuela. Horrek lasaitasun handia eman zigun». Oraindik ez du kobratu %70 hori. «Baina hori ez da klubaren errua».

Eskerrak klubari eta babesleari

Taldekako kirolei dagokienez, futbola hasi da, eta saskibaloia eta areto futbola ere aurki hasiko dira. Eskubaloia, ordea, aspaldi geratu zen bertan behera. Chocarroren iritziz, «erabakirik onena» izan zen. «Gure kontratuak maiatzaren 31ra artekoak dira, eta, liga beranduago amaitu izan balitz, klub askoren kontuak ez lirateke aterako. Guk ez ditugu futbolaren diru kopuruak mugitzen, eta ezin dugu halakorik egin. Gainera, prestatzaile gisa, astakeria iruditzen zait Xota areto futboleko taldeko jokalariei ezarri dietena: bi astez kontakturik gabe entrenatu ostean, titulurako kanporaketa bat jokatzea. Min hartzeko arrisku handia du horrek».

Anaitasuna hasia da datorren denboraldia prestatzen, eta lehen erabakia izan da Iñaki Anizek ez jarraitzea entrenatzaile lanetan. Ordezkoa ere badu: Quique Dominguez. Chocarrok sentipen «gazi-gozoa» du. «Aspaldi ezagutzen dut Iñaki. Hura entrenatzaile izan zen beste aldian bikain joan zitzaigun, eta inoizko posturik onena lortu genuen Asobal ligan [laugarren, 2014-2015eko sasoian]. Baina oraingoan, nahiz eta Iñaki entrenatzaile hobea izan, okerrago joan zaigu. Pena da, langile sutsua eta pertsona handia baita. Baina halakoa da kirola. Orain, Quique dator, eta hura ere aspalditik ezagutzen dut. Hura ezagutzen dutenek oso ondo hitz egin didate haren inguruan: Iñaki bezala, langile sutsua da, eta pasioz bizi du eskubaloia. Haren taldeek oso ondo jokatzen dute eskubaloian. Ilusioa daukat».

Aulkian ez ezik, pistan ere izango dira aldaketak. Klubak jada jakinarazi du sei jokalarik ez dutela segituko: Henrik Nordlanderrek, Leandro Semedok, Anderson Mollinok, Mladen Krsmancicek, Pere Vaquerrek eta Ander Ugartek. Aldiz, beste bostek berritu dute: Ibai Meokik, Xabier Etxeberriak, Alvaro Gastonek, Patrick Bolsek, eta Chocarrok berak. Aitor Garcia eta Maxi Cancio, berriz, lehen taldera igo dira. Etxekoak izango dira berriz gehiengo taldean. Ez da kasualitatea. «Klubak urteak daramatza apustu hori egiten. Gure estiloa da. Klubak ahalegin handia egiten du harrobian, eta ereindakoaren uzta jasotzen ari da. Baina batzuetan etxean ez dago goi mailan lehiatzeko behar dena, eta fitxatu egin behar da. Hori uztartzea lortu behar da, eta talde sendo bat osatu».

Espainiako Eskubaloi Federazioak batzarra egingo du gaur goizeko hamabietan, eta bertan egingo da ofizial zein lehiaketa sistema izango diren datorren sasoian Asobal ligan eta Espainiako Ohorezko Mailan. Asobal ligan jada akordioa lortu dute ez aldatzeko. Bi multzo egitea zen beste aukera. «Europan ere jokatuko dutenek sufrituko dute gehien, partida gehiago izango baitituzte», dio Chocarrok. Argi du bi talde gehiago ariko direnez eta, itxuraz, lau jaitsiko direnez, «sekulako borroka» izango dela mailari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.