Duten apurrarekin, aurrera

Babesle nagusirik gabe, egoera gordina da Txuri Urdin izotz-hockey klubarentzat. Jokalari atzerritarrei ordaintzeko zailtasunak dituenez, harrobiko atea irekitzea beste aukerarik ez du izan.

Txuri Urdin eta Jacaren arteko ligako norgehiagoka, joan den larunbatean, Donostiako izotz jauregian. TXURI URDIN.
Mikel O. Iribar.
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Izurriak eragin duen olatu erraldoiak gogor jo du kirol mundua ere, baina ez kirol denak modu berean. Kirol txikienek jaso dute zaplaztekorik handiena, eta gerrikoa are gehiago estutu beharrean dira. Donostiako Txuri Urdin izotz-hockey klubaren kasua da hori. Egoera ekonomiko zailean da, eta kluba eta jokalariak ahal duten moduan ari dira aurrera egiten, batuta: «Babesle nagusirik ez dugunez, jokalariok geure poltsikotik ordaindu behar izan ditugu denboraldi honetako lizentzia eta materiala». «Gutxienez, etxetik kanpo ditugun partidetara joateko autobusari eutsi ahal izan dio klubak». Patrick Fuentes (Donostia, 1995) gizonezkoen taldeko kapitainaren eta Claudia Bermejo (Donostia, 1991) emakumezkoen taldeko kapitainaren aitorpenak dira horiek, hurrenez hurren.

Gizonen taldeak aurreko sasoiko titulurako finalarekin hasi zuen ezohiko denboraldi hau. Klubak bereak eta bi egin zituen finala aurreko denboraldiko jokalariekin jokatu ahal izan zezaten. Espainiako Federazioak, baina, ez zuen donostiarren eskaera onartu: «Are gehiago, aurreko sasoiangure taldean zeuden bi jokalarik Puigcerdaren elastikoarekin jokatu zuten finala», adierazi du Fuentesek. Porrot «mingarria» jaso zuten arren, ez du ezkutatu «zalantzati» iritsi zirela neurketa erabakigarri horietara. «Azken urteetan, aldaketak izan ditugu taldean. Pentsatzen jarrita, agian ez gara jada betiko talde irabazlea».

Ziklo bat amaitzen denean, beste bat hasten da, eta Txuri Urdini ere halaxe suertatu zaio. Baina pandemiak eragin handia izan du aldaketa horretan. Izan ere, gizonezkoen taldeko bost jokalari garrantzitsu horietatik hiru, atzerritarrak joan egin dira taldetik; azkena, Michael Klepac eslovakiarra. «Gasteizen bizi zen, baina klubari ezinezkoa izan zaio kilometrajea ordaintzea». Emakumeen taldea ere behartuta egon da murrizketak egitera. «Klubak pisu bat eta soldata txiki bat ematen zien taldeko bi jokalari atzerritarrei [Cecilia Lopezi eta Holly Steeplesi], harik eta zuzendaritzak gastu horiek ordaindu ezin izan dituen arte. Horrela, taldekide baten etxean bizi dira orain», azaldu du Bermejok.

Egoera makur horri pistaren erabilerak sortu duen harrabotsa gehitu behar zaio. Erakundeek ezarritako etxeratzen agindua dela eta, aurreratu egin dituzte entrenamenduen eta neurketen ordutegiak. Bermejok azaldu du horrek alde onak eta txarrak dituela: «Batetik, 23:00etan entrenatu beharrean 20:00etan hasten gara, ordutegi duin batean; bestetik, ordea, partidak eguerdietan ditugunez, zenbait taldekidek ezin dute jokatu, lana dutela-eta».

Haztegiko sokari tira behar

Bai Fuentesek bai Bermejok badakite horrelako neurriak onartu behar dituztela lehiatzen jarraitzeko. Besterik ezean, egoerak hala baldintzatuta, Txuri Urdinen haztegiko jokalariekin bete dituzte atzerritarren postuak; erabakirik logikoena izan da bien ustez. «Gazteei esker osatu dugu taldea. Indartsu eta gogotsu datoz azpitik», nabarmendu du Bermejok. Fuentesek, berriz, aipamen berezia egin die Pablo Zaballa eta Mikel Mendizabal jokalariei eta Lucas Serna atezain gazteari; bereziki, azkenari: «Kalitate handia dauka, eta horrelako atezain bat izateak konfiantza handia ematen digu jokalarioi».

Bi taldeetako kapitainak «gustura» dira orain arte jokatutako partidetan eskuratutako emaitzekin. Aurreko larunbatean, gizonezkoek balio handiko garaipena lortu zuten Jacaren zelai gaiztoan, luzapenean, Fuentesek berak sartutako golari esker. Hala, bolada onari jarraipena eman diote, eta orain, sailkapenean bigarren postuan dira, Puigcerdarengandik puntu bakar batera. «Jacaren aurka maila handia erakutsi genuen. Horrek indar handia eman dio taldeari datozen partidak borrokatzeko».

Bermejok eta haren taldekideek ere biharamun gozoa bizi dute, goitik behera menderatu baitzuten Valdemoro ligako azken norgehiagokan, eta bigarren daude. Puigcerda eta Majadahonda dira talderik indartsuenak. Bermejok argi du zein den Txuri Urdinen aurtengo helburua: «Kopan sartzea eta bi talde horiengandik ahalik eta gertuen egotea». Horretarako, buru-belarri ari dira lanean. «Jokalarion artean batasun handia dugu, adin tarte handia izanagatik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.