Ozenago orro egin dezan

Athleticeko bazkide konpromisarioek gaurko ezohiko batzarrean erabakiko dute San Mamesen herri harmaila egingo den edo ez, eta zein proposamen nahiago duten. Bi daude mahai gainean.

San Mamesko zaleak Athletic animatzen, Bartzelonaren aurkako Kopako partidan. LUIS TEJIDO / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
San Mamesen herri harmaila sortzea klubarentzat egitasmo estrategikoa da, klub osoarena da, eta, beraz, ez hautagaitza batena edo bestearena. Bazkide batzuen egoerari konponbidea eman ez ezik, kirol arloan ere taldearentzat onuragarria izango da». Iñigo Delgado San Mamesen Orroa plataformako bozeramailearen hausnarketa da. «Athleticen egitasmo bat da. Zelaiaren zati ezberdinetan taldea animatzen duten taldeen beharrei erantzuten dien egitasmo egingarri bat nahi dugu», esan zuen Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak, klubaren proiektua aurkeztu zuenean.

Animazio herri harmailarena aspaldiko afera da katedralean. Beti eragin du eztabaida. 2018an Elizegi Athleticeko presidente izendatu zutenetik, herri harmailaren alde azaldu da. Haatik, 2020an, bazkide konpromisarioek atzera bota zuten zuzendaritzak aurkeztutako lehen proposamena, bederatzi botoren aldeagatik.

Orduko proposamenean, beheko ipar harmaila bitan zatitzeko asmoa zuen Elizegi buru duen zuzendaritzak, herri harmailarentzat lehen hamalau lerroak gordez. Era horretara, Safe standing motako edo zutikako aulkiei esker, 2.209 pertsonarentzako tokia izango zuen harmaila berriak. Hiru milioi eta erdiko kostua zuen obra hark.

Ezezkoa jaso ostean, Elizegik oso bestelako proposamena aurkeztuko du gaurko batzarrerako. Izan ere, beheko ipar harmaila osoa hartuko luke herri harmailak, eta 4.000 pertsonarentzako tokia legoke. Gainera, San Mameseko edozein tokitatik herri harmailara mugitzeko aukera lukete bazkide edo abonatuek, eta 4.000 toki horien erdiak, gutxienez, 14 eta 28 urte bitarteko gazte abonatuentzat gordeko lirateke. Safe standing aulkiak jarri beharko lirateke, 110 blokean bezala, baina horrek ez luke aparteko obrarik eta gasturik ekarriko.

San Mamesen Orroa plataformak ere bere proposamena aurkeztuko du gaurko bozketara. Biak alderatuta, diferentzia bakarra baina garrantzitsua dago: beheko ipar harmailan dauden eta herri harmailan sartu nahi ez duten bazkideen birkokapena. Klubak zelaiko beste toki batzuetan birkokatu nahi ditu bazkide horiek, gainsariak ematearekin batera; eta, San Mamesen Orroa plataformaren ustez, antzinatasunaren arabera birkokatu beharko lirateke katedraleko bazkide guztiak.

Hori guztia jakinda, Delgadok dio «gakoa» dela lehen bozketan baiezkoa ateratzea. 1.000 bazkide konpromisario inguru daude deituta. «Gure proposamena aurrera ateratzen bada, oso pozik egongo gara, baina klubaren proposamena ere aurrerapauso itzela da, 4.000 pertsonako herri harmaila eratuko litzatekeelako. Hala balitz, modu positiboan hartuko genuke». Delgadok gehitu du plataformako kideak «baikor» direla: «Uste dugu athleticzale gehienak herri harmailaren aldekoak direla. Gainera, iruditzen zaigu ezezkoak ez duela biderik, ez baitie ditugun arazoei konponbiderik ematen».

Plataformak behartu du gaur egingo den bozketa, zuzendaritzari 2.416 bazkideren sinadurak aurkeztuta —bazkideen %5 edo gehiago behar da horretarako—. «Sinadurak lortu bezain pronto zuzendaritzari helarazi genizkion, eta eurek jarri dute prozesua martxan. Dena den, afera hau hauteskundeetatik kanpoko zerbait izatea nahi genuen». Oraindik deitu gabe badaude ere, uda partean izatekoak baitira Athleticeko presidente berria aukeratzeko bozak.

Onura ugari

Onurak aipatzen hasita, bi multzo bereizi behar dira. Batetik, bazkide batzuen, bereziki gazte abonua dutenen egoerarekin zerikusia duena. «800 gazte abonu gehiago sortuko dira herri harmailari esker. Gazte guztiek oraindik ez dute bazkide izateko ahalmena [ekonomikoa], baina gazte guztiei zabaldu behar zaie San Mamesera joan ahal izateko aukera. Belaunaldi aldaketa bermatzeko modua ere bada harmaila hau».

Kirol arlokoak ere aipatu ditu Delgadok. «Ikusi da San Mames partidan sartuta dagoenean, Kopako lehia garrantzitsuetan bezala, taldeak nola erantzuten duen. Partida bakoitzean horrela animatzen badugu, taldeak nabaritu egingo du».

Gaurko bozketan baiezkoaaterako balitz, klubarenasmoa litzateke datorren denboraldirako herri harmaila martxan izatea. Beranduenez 2023ko urtarrilerako amaituta egotea nahiko luke Delgadok. Orro egiten jarraitu nahi dute San Mamesko zaleek, baina oraindik eta ozenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.