Koronabirusa. Fatima Hassan. Health Justice Initiative, erakundeko zuzendaria

«Apartheid egoeran dago Afrika, txertoei dagokienez»

Farmazia etxeek egindako akordio handien soberakinak soilik heltzen dira Afrikara, Hassanek salatu duenez. Txertaketa azkartzeari begira daude han, neurriak arintzeari bainoago.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Arraza eta genero desberdintasunak Hegoafrikako osasungintza nola zeharkatzen duen salatu eta horiek aldarazteko lege ekinbideak abiatzea du xede Health Justice Initiative egitasmoak. Haren zuzendaria da Fatima Hassan abokatu eta giza eskubideen aldeko ekintzailea.

COVID-19ak gogorren jo duen Afrikako herrialdea izan da Hegoafrika. Zein da egoera?

Gorakada bat izaten ari gara, negura gerturatu ahala. Txertoen horniduraren zati bat heldu da, eta kolektibo zaurgarrietakoak hasi dira txertatzen, baina biztanleriaren gehiengo handi batek ez du oraindik txertoa hartu. Txertaketaren erritmoa lehenbailehen azkartu beharra daukagu, baina ez daukagu horretarako nahikoa hornidura. Hortaz, neguaren inpaktua ahal beste gutxitzen saiatzen ari gara.

Txertaketa Covax programaren esku dago Afrikan, hein handi batean, baina mesfidatia zara programa horren eraginkortasunarekin.

Herrialde batzuetara ari dira iristen txerto dosiak, baina ez nahikoa, eta horrek eragin du gobernu bakoitzaren estrategia desberdina dela. Batzuk Covaxek emandako dosien zain geratu dira, beste batzuek beren akordio propioak egin dituzte farmazia etxeekin, eta beste batzuk Covaxetik atera dira, ikusita dosiak ez zirela iristen. Europako Batasunak bere akordio propioak egin ditu farmazia enpresekin, eta programa horren bitartez Afrikara iristekoak ziren zenbait dosi ez dira iristen. Uste dut gertatzen ari dena dela, txertoen produkzioa eskaria asetzeko moduan ez dagoenez, horien inguruko erabakiak hartzen dituztenak txerto aukeraketa aldatzen ari direla eta edozein txerto ahal bezala lortzen saiatzen ari direla. Mendebaldeko gobernuek eta erakundeek farmazia enpresekin akordioak egiten dituzte, baina, akordio horiek huts egiten dutenean, horrek esan nahi du hornidura guztia aldatu egiten dela, eta horren ondorioak pairatzen ditu Afrikak, gainerako herrialdeek lortzen dituztelako Afrikara bidaltzekoak ziren dosiak.

Botika etxeak ez dira ari betetzen Covaxekin duten konpromisoa, beraz?

Gobernuekin sinatu dituzten akordioak lehenesten dituzte,programaren aurretik. Gero, dosi batzuk donazioan ematen dituzte, hirugarren munduko herrialdeentzat, baina, finean, ez dira ari betetzen programa. Nire diru guztia bihar Covaxi emango bagenio ere, arazoa ez litzateke konponduko, ez baitago nahikoa dosi. Horregatik ari gara eskatzen, beraiek ezin badute, beste konpainia batzuek lagun diezaietela txertoa sortzen.

Horregatik egin duzue halako presioa patenteak kentzeko?

Aspalditik ari gara hori eskatzen, bagenekielako zer gertatuko zen. Nahasgarria dena da Afrikako herrialde batzuk eskuragarri dauden txerto guztiak ari direla erabiltzen, eta beste batzuek bi bakarrik aukeratu dituzte; hala nola Hegoafrikak. Horrek ez du zentzurik: zergatik ez dituzu aukeratuko Errusiako edo Txinako txertoak, eraginkorrak direla frogatuta badago? Interesgarria izango da ikustea ea datozen hilabeteetan Afrikako zein herrialdek uzten dioten AstraZeneca, Pfizer eta halakoetan konfiantza izateari, eta beste txertoak erosten hasten diren.

Neurriak arintzen ari dira gainerako kontinenteetan, kasuak gutxitzen ari direla eta. Pandemiaren zein fasetan dago Afrika?

Gurea ez da, inondik inora, garatutako herrialdeen kasuaren berbera. Herrialde askok ez dute nahikoa jende txertatua, eta, horrenbestez, ez zaie baimentzen bidaiatzea. Hegoafrikaren kasua hori da, adibidez. Apartheid egoeran dago Afrika, txertoei dagokienez, eta horren ondorioak pairatzen ari gara. Munduaren iparraldeko zatia nolabaiteko normaltasunera itzultzen ari da, eta gu bestelako arazoei aurre egiten saiatzen ari gara. OMEk esan zuen munduaren zati honetakook 2023an edo 2024an egongo garela erabat txertatuta. Hortaz, bide luzea daukagu oraindik zuek orain zaudeten egoerara iritsi arte.

Erritmo desberdin horrek areagotu egingo du orain arte handia zen herrialde garatuen eta azpigaratuen arteko arrakala?

Txertaketak erakusten du banaketa gero eta larriagoa dela. Mundu osoan emandako txerto guztien %3 soilik eman dira Afrikan. Gure kontinentearen tamaina eta biztanleria kontuan hartuta, eskandalagarria da hori; lotsagarria. Ondorioa da osasun langile asko eta asko oraindik zain daudela. Eta kontua ez da txerto bakarra dagoela eta mundu guztiak hori erabili beharra duela; ez,hamaika txerto daude, frogatu dutenak eraginkorrak eta seguruak direla. Hortaz, ez du zentzurik ezin erabili izateak. Gainera, denon interesekoa da guztiok aldi berean txertatzea, mundu mailako immunitatea lortzeko. Zenbat eta denbora gehiago igaro gu txertatu arte, orduan eta aukera gehiago egongo da aldaera berriak sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.