Izarretara abiatzeko alkimia

Fisikari teorikoek aurreikusi eta 80 urtera, hidrogeno metalikoa lortu dute zientzialariek. Aurrerapen horrek bidea ireki dezake suzirietarako erregai eraginkorragoak lortzeko edota material supereroaleak martxan jartzeko.

Soyuz MS-03 espaziontzia zerura bidean. BILL INGALLS / EFE.
Juanma Gallego.
2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bere jauregian bisita garrantzitsuak artatu behar zituenean, zilarrezko baxera alde batera utzi eta aluminiozko ontziteria mahai gainean jartzeko agindua ematen omen zuen Frantziako Napoleon III.a enperadoreak. Mendeetan urrearekin batera prestigio handiena zuen metala alboratu, eta teknologiari esker lortu berria zen aluminioaren distirarekin bisitariak txunditu nahi zituen agintari ezagunak.

Bonapartetarrak ondo zekienez, zibilizazioaren hasieratik, metal berri bat lantzeko teknologia eskuratu dutenek teknologia zaharragoa zutenak menderatzeko erabili dute ezagutza hura. Horrela, kobrea harriaren gainetik nagusitu zen, baina, laster, brontzeak erraz txikitu zituen kobrezko arma hauskorrak. Burdina, altzairua, titanioa eta beste asko agertu ziren gero. Metalen sekretuak ezagutzen saiatu dira, besteak beste, artisauak, alkimistak eta kimikariak. Hortaz, zaila da irudikatzea 2017an metal berriak lortzeko tartea gelditzen denik. Baina, antza denez, bada.

Hidrogeno metalikoa lortu dutela iragarri dute ostegunean Harvardeko Unibertsitateko (Cambridge, AEB) hainbat ikertzailek Science aldizkarian. Unibertsoan den elementurik sinpleena —protoi bat baino ez du nukleoan— gas eta likido modura ezagutu izan da orain arte. Duela 80 urte inguru, baina, fisikari teorikoek aurreikusi zuten presio handietan metal baten ezaugarriak hartu behar zituela hidrogenoak.

Bi diamantez osatutako ingudea erabili du Isaac F. Silvera fisikariak gidatutako taldeak aurreikuspen hori frogatzen saiatzeko. Horiek erabilita, presio izugarri handia eragin diote hidrogenozko lagin bati. Zehazki, 495 gigapascaleko presioa egin dutela ziurtatu dute, Lurraren erdigunean dagoen presioa baino handiagoa. «Hidrogenoak duen isla aztertu dugu, eta metal batena dela egiaztatu dugu», iragarri du Silverak.

Polemika iturri

Aurkikuntza iazko urrian aurkeztu zitzaion komunitate zientifikoari, baina ostegunean jaso du Science aldizkarian gertu izanaren bermea. Gogoratu behar da gaur egungo zientzia peer review sisteman oinarritzen dela: ikertzaileek zientzia aldizkari batera bidaltzen dituzte artikuluak, eta aldizkariek gai horretan adituak diren beste zientzialari anonimo batzuei bidaltzen dizkiete lan horiek, bertan proposatzen dena zentzuduna eta datu egokietan oinarritua dela egiaztatze aldera.

Halere, berrikuspenak ez du bermatzen zientzialari guztien adostasuna. Fisikaren historian ohikoa izan den bezala, oraingoan ere aurkikuntza iragartzeko lehia sutsua dago ikerketa talde zenbaiten artean, eta lasterketak polemika hauspotzeko bidea eman du. 2016ko hasieran, Edinburgoko Unibertsitateko (Eskozia) zientzialariek antzeko iragarpen bat egin zuten, baina ez ziren ausartu esatera fase metalikoa lortua zutenik. Eugene Gregoryanz fisikariak gidatutako esperimentu horretan, 325 gigapascaleko presioa eragin zuten hidrogenoaren gainean. Asteon, Gregoryanzek zalantzan jarri du Silveraren aurkikuntza, hainbat hedabidetan egindako adierazpenetan. Silverak, bueltan, kolokan jarri du Gregoryanzek Nature aldizkarian aurkeztu zituen datuen balioa.«Datu horiek ez dute sustengatzen artikuluan esaten dena», argudiatu du. Hala uste omen dute «informatuagoak dauden zientzialariek; besteak beste, guk», gaineratu du.

Izarretarako bidea

Adituen arteko ziriak alde batera utzita, zertarako balio du hidrogeno mota horrek? «Ohiko tenperaturan supereroalea izan daitekeela aurreikusi izan da, hau da, erresistentzia elektrikorik gabeko metala da», argitu du Silverak. Supereroankortasuna fisikarien aspaldiko helburua da, gakoa baita elektrizitatea efizientzia handiarekin garraiatzeko. «Bestetik, kantitate handietan erabiliz gero, suzirien propultsatzailerik hoberena izan liteke», gaineratu du adituak.

Unibertsoan gehien zabalduta dagoen elementua da hidrogenoa: zehazki, materia ezagunaren %73 hidrogenoa da. Eta unibertsoa ikertzeko gakoa ere bada, espazio suzirien erregai gisa askotan erabiltzen baita. Hidrogeno horren aldaera metalikoa lortuz gero, erregai askoz indartsuagoa lor daiteke.

Gaiaren inguruan izan diren azken aurrerapenei gertutik erreparatu die Daniel Marin astrofisikari kanariarrak. Astronautikan aditua da Marin, eta zientzia dibulgazioa egiten du Eureka blogean eta Radio Skylab izeneko podcast-ean.«Hidrogeno mota hori sortu dela frogatu beharra dago, eta badirudi baietz, lortu dutela», azaldu du Marinek. «Baina orain egiaztatu behar da egonkorra dela, hau da, ez dela degradatzen». Adituaren esanetan, hori da garrantzitsuena: «Bestela, ez du baliorik. Egonkorra bada, eta propultsio sistema modura erabil badaiteke, aurrerapauso argia izango litzateke».

Adituak argitu duenez, «pentsatzekoa da hidrogeno metalikoa metaegonkorra dela. Horrek esan nahi du leku batetik bestera garraia daitekeela, baina estimulu egoki baten bitartez hidrogeno molekularra bihurtzeko aukera egongo litzatekeela». Bihurketa horrek askatzen duen energia beste jariakin bat berotzeko erabil daiteke. «Propultsatzailea eratzeko, hidrogeno bera erabil liteke. Oso pisu molekular txikia duenez, bizkor ateratzen da motorraren toberatik. Baina metanoa, ura edo beste jariakinen bat erabil daiteke horretarako».

Hainbat ikertzaileren arabera, hidrogenoa bereziki interesgarri da espaziontzietan. «Motor baten eraginkortasuna, besteak beste, gasak ateratzen diren abiaduraren araberakoa da. Energia asko dagoenez, bultzada handia lortu liteke, baina, espazioan, bultzada baino gehiago, efizientzia da gakoa, horrek ematen baitu modua erregai kantitate berarekin espaziora zama handiagoak eramateko». Adituak ohartarazi du halako garapen batek ez lukeela guztiz irauliko suziri espazialak botatzeko teknologia. «Baina orain erabiltzen diren erregai kimiko eraginkorrenekin alderatuz, bi edo lau aldiz efizienteagoa izan liteke teknologia hau. Ekoizpena gehiegi garestitzen ez bada, oso interesgarria izan liteke hau».

Erregaia izateaz gain, Lurrean hidrogeno metalikoa ikertu ahal izateak bidea eman dezake jakiteko nola osatuta dauden urrun dauden zenbait planeta. «Badakigu Jupiterren eta Saturnoren nukleoetan hidrogeno metalikoa dagoela. Planeta horien eremu magnetiko indartsuak geruza horretan sortzen direla uste dugu. Horiek ezagutzeko modua dago orain». Arma gisara erabiltzeko arriskua ere zabaldu da zenbaitetan, baina, oraingoan, bederen, Marinek uste du ez dagoela kezkatzeko arrazoirik. «Garestiegia litzateke halako teknologia erabiltzea arma bat fabrikatzeko. Lehergailu kimikoak merkeagoak dira, eta arma nuklearrek askoz ere energetikoagoak dira. Baina, batek daki, gizateriak beti asmatzen ditu hiltzeko modu berriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.