ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Herritar arduratsuarena

2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Litekeena da haragi-jaleren bat baino gehiago arduratuta egotea haragi prozesatuek eta haragi gorriak minbizia izateko arriskua areagotzen dutela jakin duenetik. Ziurrenik, herritar arduratsua bada, dagoeneko jakingo du zer dioen OMEren Minbizia Ikertzeko Munduko Agentziaren txostenak, hizki txikitan. Alegia, hasierako lerroburuek eragindako izualdia gaindituta, iturri fidagarrietara jo eta informazio sakona bilatuko zuen.

Hala jakingo du egunean50 gramo haragi prozesatu baino gehiago jateak % 18 areagotzen duela koloneko eta ondesteko minbizia izateko arriskua, eta substantzia minbizi-eragileen sailkapenean tabakoarekin eta amiantoarekin batera sartu badute ere, ez duela esan nahi haiek bezain arriskutsua denik, irakurri edo entzungo baitzuen tabakoak eragindako minbiziek milioi bat heriotza eragiten dutela urtean, eta, haragi prozesatua duen dietaren ondoriozko minbiziek, berriz, 34.000.

Jakingo du, halaber, sailkapen horretan haragi gorria ez dutela haragi prozesatuaren maila berean jarri. Izan ere, haragi gorriaren kasuan, minbizia sortzeko arriskua ez dago hain garbi, baina bada susmagarria.

Bai, seguru asko jakingo du hori guztia, benetan baita arduratsua. Hala ere, baliteke, halako batean, osasun publikoaren funtzioak gogoratzea, eta ohartzea, osasun agintariei dagokiela irizpide garbiak ematea, eta arriskua mugatzeko neurriak hartu behar badira, hartzea, ardura guztia norbanakoen gain utzi gabe. Hala izan beharko lukeelakoan nago ni ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.