Koronabirusa

CAFek lasai egotera deitu du, kontratuak bere hartan daudela gogoratuta

Lehen hiruhilekoaren emaitzen jakinarazpena atzeratu du, COVID-19a dela eta, baina esan du 2019. urte bukaeran zuen likidezia bera duela

Translink Ipar Irlandako eragilearen trenen mantentze lanak egingo ditu CAFek beste hamabost urtez. CAF.
xabier martin
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
CAF huts egiten ez duen tren bat dela helarazi du Beasaingo konpainiak. Industria ere harrapatzen ari den histeria betean lasai egoteko deia egin du, eta gogoratu du «gauzatzen ari diren eta eskaera zerrendan dauden kontratu guztiek bere hartan» jarraitzen dutela, «aldaketarik gabe». Gipuzkoako enpresarik handiena buru-belarri dabil «fabrikazioan zeuden eskaerek izandako atzerapena berreskuratzen», apirilaren 20an bere lantegi nagusiak zabaldu zirenetik. 2020ko lehen hiruhilekoari dagozkien emaitzen argitalpena atzeratzea erabaki du Beasaingo konpainiak, ordea, eta hala jakinarazi dio CNMV merkatu arautzaileari, azalduta COVID-19ak eragindako «konplikazioak» izan dituela. Baina, edozein zalantza uxatzeko, CAFek helarazi du konpainiak «eskaera poltsa historikoa» duen aro batean iritsi dela osasun krisia: 9.000 milioi euroko balioa zuen poltsak aurtengo martxo bukaeran.

Eskaera poltsa hori neurtzeko beste eskala bat erabil daiteke: enplegua. «Indarrean dauden kontratuek hiru urte baino gehiagorako enplegua bermatzen dute», CAFen arabera, eta kontratu horietako gehienek eskaera gehiago egiteko aukera jasotzen duten klausulak dauzkate, gainera.

Eskaeren kontratuek atzerapen klausulak ere jasotzen dituzte, Beasaingo trengileak esan ez duen arren; adibidez, tren sorta bat berandu entregatzeak diru galera eragiten du, atzerapenaren araberakoa. Horregatik, CAFen lantegietan ohiko jarduera lehenbailehen berreskuratzen saiatzen ari dira, atzerapenik egon ez dadin.

Nahiz eta apirilean ekoizpena gelditzera behartuta egon den, 1.500 langilek beren jarduerarekin jarraitu dute konpainian, telelanaren bidez, ingeniaritzaren alorreko lanak egiten, esaterako, baita erosketa eta salmenta atalekoek ere. Edonola ere, CAFek garbi esan du likidezia nahikoa duela «gaur egungo agertokiak eskatzen duen finantza beharrei aurre egiteko».

Likidezia horri esker, Konpainiak ez du aldi baterako erregulazio batera jotzeko beharrik izan ekoizpen zentroetan. Langileekin adostu du «soldatei eustea lanegunak doituz». Hau da, aurten lan egin ez dituzten orduak berreskuratu beharko dituzte beharginek, aurten bertan eta datorren urtean. «Neurri horiek hartu ditugu jarduera gelditzeak eragindako atzerapena berreskuratzeko, eta, horrela, ahalik eta gutxien eragiteko eskaerak gauzatzeko lanen egutegian».

Kontratu berri bat

Bien bitartean, CAFek beste kontratu baten berri eman du. Ipar Irlandako Translink tren kudeatzailearekin adostu du haren trenen mantentze lanak egingo dituela beste hamabost urtez behintzat. 60 milioi euroko balioa du kontratu horrek, eta aurreko bat luzatuz sortu da.CAFek Translinken lantokietan egingo ditu lan horiek, Belfasten. Gipuzkoako konpainiak zainduko dituen trenak Ipar Irlandako sare osoan dabiltza, Belfast eta Derry lotuz, esaterako. 16 milioi bidaiari mugitzen dituzte urtero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.