ARGI ALDIAN

Xarmari aurre egin ezinik

Ana Galarraga - Elhuyar Zientzia

2017ko apirilak 16
Ez da harritzekoa hainbeste mito egotea ugalketaren inguruan, espezieak irauteko ezinbesteko bizi-funtzioa baita. Mitoetako asko, gainera, benetan dira ederrak. Beharbada horregatik hartzen dituzte batzuek egiatzat, baita zientziak mito baino ez direla erakutsi duen kasuetan ere.

Ilbetea eta erditzeekin gertatzen da hori, adibidez. Askok uste osoa dute ilbetean haur gehiago jaiotzen direla beste gauetan baino, nahiz eta mundu osoan egindako hainbat eta hainbat ikerketek frogatu duten uste hori erabat okerra dela.

Hilekoarekin ere antzekoak gertatzen dira. Esaterako, duela hilabete Hilekoa eta ilargia izeneko gutuna argitaratu zen egunkari honetan bertan. Egileak, Martxel Aizpuruak, labur bezain garbi azaldu zuen Ilargiak ez duela eraginik hilekoaren zikloan. Hori bai, aitortu zuen xarma duela «gizakia unibertsoaren zenbait erritmoekin lotuta dagoela adierazteak». Batzuentzat, nonbait, indar handiagoa du xarma horrek, Aizpuruaren azalpen zientifikoak baino. Bada, sineskeriak baztertzea are zailagoa da xarmari ikerketa zientifiko bat gehitzen zaionean, gero ikerketa hori okerra zela agerian utzi arren.

Horren adibidea da hilekoak sinkronizatzeko joera. Hain zuzen ere, 1971n, elkarrekin bizi diren emakumeen hilekoek bat egiten dutela erakusten zuen ikerketa bat argitaratu zuen Nature -k. Garai hartan, feminismoa indarra hartzen ari zen, eta, batzuentzat, erakargarria zen emakumeen arteko batasun biologikoa iradokitzen zuen ideia.

Hala, ikerketa asko zabaldu zen, eta, gerora, hura indartu eta hilekoen sinkronizazioa azaltzen zuten hipotesiak plazaratu izan dira. Batzuk feromonetan oinarritu dira; beste batzuk, teoria ebolutiboan —emakume guztiak aldi berean badaude ugalkor, ar menderatzaile batek emeak monopolizatzea saihesten da—. Baina ez batzuek ez besteek ez dute sinkronizazioaren arrazoia frogatzerik lortu.

Izan ere, ez dago sinkroniarik. Azken urteotan, ikerketa batek baino gehiagok erakutsi du 1971ko azterketa haren emaitzak eta ondorioak okerrak zirela, eta hilekoak ez direla sinkronizatzen, ezta harremana oso estua den kasuetan ere. Azkena oraintxe argitaratu da. Oxford Unibertsitateak zuzendu du, eta 1.500 boluntarioren datuetan oinarritu da. Bada, justu kontrakoa ikusi dute: ez dago sinkronizatzeko joerarik. Are gehiago, azterketaren hasieran zikloak bateratuak zituzten emakumeetan ere, denborarekin zikloek bereizteko joera dute.

Baina, tartean ikerketa zientifiko bat egonda (aspaldikoa eta okerra bada ere), eta sinkroniaren aldeko hipotesiak hain erakargarriak izanda, seguru asko oraindik ikerketa gehiago beharko dira sineskeria baztertzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna