Iñigo Martinez de Albornoz. Mendiko eskiatzailea

«Banakakoan eta bertikalean hobetzea da aurtengo helburua»

Europako Txapelketetan egon nahi du Iñigo Martinez de Albornozek. Gogor ari da entrenatzen horretarako. Bestela, egutegia aldatuko du.

ROGER SALANOVA.
Unai Ugartemendia.
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Mendiko eskiko Espainiako Kopako garaile izan da Iñigo Martinez de Albornoz (Donostia, 1996). Sierra Nevadan emandako erakustaldiaren ondoren, Boi Taullen maila mantentzearekin nahikoa zuen. Mantendu bakarrik ez, han ere onenekin lehian ibili zen. Azken urteetan Espainiako selekzioaren partaide izan ondoren, hurrengo Olinpiar Jokoetan egoteko hautagaietako bat da.

Denboraldi honetako debuta izan duzu asteburuan Munduko Kopan. Gustura amaitu al duzu?

Banakakoan ez nintzen uste bezain eroso sentitu. Jaisten sentipen onak izan arren, igotzen ez nintzen ondo aritu. Igandeko bertikalean hobeto aritu nintzen; ez nintzen onenengandik hain urruti ibili. Beraz, oso pozik amaitu dut asteburua.

Espainiako Kopan, gainera, ezin hobeto aritu zara. Adibidez, Boi Taullen.

Asteburu ona izan zen oro har. Larunbateko bakarkakoan, Marc Pinsachek alde egin zigun proba hasi eta segituan. Haren atzetik abiatu ginen besteak.Ondoren, nik alde egin nien besteei, eta ia lasterketa guztia bakarrik egin nuen Pinsachen atzetik. Sentsazio onekin amaitu nuen. Igandeko bertikalera, berriz, nekatuta iritsi nintzen. Eguraldiagatik ibilbidea moztea erabaki zuten, eta horrek mesede egin zidan. Pinsachek ez zuen parte hartu, baina Pere Rullan bertan zegoen. Pau Collek irabazi zuen, eta nik laugarren postuarekin konformatu behar izan nuen.

Aurtengo Espainiako Kopak oso formatu berezia eta motza izan da.Zein iritzi duzu hortaz?

Oso motza izan da, bi asteburutan bakarrik jokatu delako. Sierra Nevadan, bertikala eta esprint modalitateak jokatu genituen, eta, Boi Taullen, bertikala eta banakakoa. Bertikaletan ibiltzen direnentzat oso aldeko kopa izan da. Egia da egutegia oso betea dagoela, eta motza izanda eskiatzaile onenak bertan egoteko aukera gehiago dagoela. Baina uste dut egokiagoa izango zela diziplina guztietan proba berak egotea. Gainera, lasterketa gehiago izatea gustatuko litzaidake.

Formatu berri onekin, hutsegiteak asko ordaintzen dira, ezta?

Bai, hemen ez dago huts egiterik. Egia da Sierra Nevadan egon ginenek aldea genuela, Munduko Kopan ari direnetako asko joan ez zirelako. Azkenean, Espainiako Kopa bost eskiatzaileren arteko lehia izan da.

Sierra Nevada aipatu duzu. Han ez zenuen aurkaririk izan. Bi probak irabazi zenituen.

Esprintean ondo aritu nintzen, baina bertikalean Aleix Domenechek lanak eman zizkidan. Onena zera izan zen: handik jada aldearekin irten nintzela.

Orokorrean, nola ikusi duzu zeure burua?

Lehenengoan asko harritu ninduen hain ondo ibiltzeak. Izan ere, martxotik lehiatu gabea nengoen. Orain, Boi Taullerako asko entrenatu naiz. Espainiako selekzioan sartzeko ahalegina egin nahi dut, eta, horretarako, ezinbestekoa da asko entrenatzea.

Sasoia nola antolatu duzu?

Esprinteko Munduko Kopan lehiatu nahi nuen aurten. Baina lehenengorako ez ninduten hautatu, eta dagoeneko nahiko zail daukat. Halere, hurrengorako ahaleginetan jarraitzen dut. Hurrengo esprintak Alemanian izango dira. Gero, ikusi egin beharko dut sasoia nola doan.

Apirilean Europako Txapelketak jokatuko dira Madonna di Campligion (Italia). Bertan egotea izango al da sasoiko erronka nagusia?

Bai. Alemanian jokatuko den Munduko Kopako probara joateko aukera badut, ziurrenik Europako Txapelketetara ere joango naiz. Hara joateko aukerarik ez badut, berriz, denboraldiko egutegia aldatzera egongo nintzateke derrigortuta.

Horrek zer esan nahi du?

Grande Courseko lasterketak egiten saiatuko nintzela, alegia, Pierra Menta [Frantzia] eta Tour de Rotur [Italia] lasterketak. Bi proba horiez gain, Altitoy-Ternua lasterketan eta Bandres-Karoloren omenezkoan egongo naiz.

Iaz bezala, aurten ere Jakan (Espainia) bizitzen ari zara. Elurretan ibiltzeko aukera handia duzu. Asko nabaritzen al duzu?

Master bat egiten ari naiz, eta kurtsoa bi urtetan zatitzea erabaki dut. Azaro erdialdetik apiril erdialdera libre nago. Horrek aukera ematen dit asko eskiatzeko. Egia da urrira arte ez nuela eskiatzeko aukerarik izan, baina denboraldiaren zatirik interesgarriena apirilean izango da, eta ordurako sasoiko jartzeko aukera izango dut.

Aurtengoa izaten ari da zuretzat lehen urtea maila absolutuan. Aldea nabaritu al duzu?

Iaz arte 23 urtez azpikoekin aritu nintzen, baina oro har jende berarekin lehiatzen naiz. Dena den, orain askoz ere zailagoa da emaitza onak lortzea. Esprintetan, esaterako, maila handia dago, gehienbat jendea espezializatzen ari delako. Gainera, esprintean, gazteek emaitza hobeak lortzeko aukerak dituzte.

Zein helburu dituzu aurten?

Banakakoan eta bertikaletan hobetzea izango da helburu nagusia. Munduko Kopako probaren batean lehen 25en artean sailkatzeko aukera izango banu, izugarria izango litzateke. Esprintean, berriz, orain arte lortutako emaitzak hobetzea izango da erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.