Nahia Quincoces. Eskiatzailea

«Oso sasoiko ikusten dut neure burua»

EUSKAL MENDI FEDERAZIOA.
Unai Ugartemendia.
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Berandu hasi zen denboraldia prestatzen Nahia Quincoces eskiatzailea (Mendexa, Bizkaia, 1983). Baina egutegi betea du aurretik. Lehenbizi, mendiko eskiko probak ditu begiz joak; eta, ondoren, mendi lasterketetan parte hartzeko asmoa du.

Zer moduzko ibilbidea izan duzue Panticosan?

Oso ibilbide teknikoa izan da, mendi eskiko benetako lasterketa bat. Batzuek aipatu dute, agian, antolatzaileei eskua joan zaiela.Baina mendiak berak markatzen ditu baldintzak. Oso elur gutxi dago, eta askotan horrelakoak gertatzen dira. Niretzat oso ibilbide egokia izan da. Dagoenera egokitu behar da, besterik ez dago.

Zein asmorekin joan zinen txapelketara?

Ilusio handiarekin nengoen, gehienbat Izaban [Nafarroa] jokatu behar zelako. Pena handia izan da bertan behera uztea. Beti da berezia Euskal Herriko Txapelketa, etxekoa delako. Iaz ezin izan nintzen lehiatu, eta pena handia hartu nuen. Lekuz aldatu behar izana tristea da, baina Panticosan jokatzeko aukera izan dugu. Azken bost asteetan lehiatzen ibili naiz, eta agian nekatu samar iritsi nintzen, baina irabazteko asmoz irten nintzen hasieratik.

Txapelketa Munduko Kopatik itzuli berritan harrapatzeak izango zuen zerikusia, ezta?

Bai. Baina sasoiko egoteak ematen duen motibazioak ere asko laguntzen du. Denboraldia bera nekatuta hasi nuen, beranduegi hasi nintzelako prestatzen, eta asko entrenatzea tokatu zitzaidalako sasoiko egoteko. Asko ibili nintzen mendian, eta nekea pilatu nuen. Horrek segurtasun falta eragin zidan, ez nuelako neure burua ondo ikusten. Atseden pixka bat hartu, eta ondo sentitzen hastean, emaitzak iristen ari dira. Entrenatzea bezain garrantzitsua da askotan atseden hartzea. Orain, oso sasoiko nago.

Munduko Kopan lehiatzen jarraituko duzu, nahiz eta orain geldiune bat izango den egutegian. Asmoak aldatu behar izan dituzu?

Asko ez. Munduko Kopan, apiril hasierara arte ez da beste lasterketarik izango. Txinan jokatu behar genuena bertan behera gelditu da. Hurrengo asteetan etapetako lasterketekin jarraituko dut. Ikaragarri gustatzen zaizkidan probak dira. Taldeka jokatzen dira gehienak, eta oso ibilbide politetan.

Zein egutegi duzu aurretik?

Datorren asteburuan Andorran izango naiz. Skimo 10 lasterketan. Andorrako hamar aterpetxe igarotzen ditu bi egunetan, eta Ana Alonso andaluziarrarekin hartuko dut parte. Ondoren, Altitoy-Ternua [Frantzia, Pirinioak] proban izango naiz, berriro ere Anarekin. Pierra Mentara [Frantzia, Alpeak] joatea nuen buruan ostean. Frantziar batekin egiteko asmoa nuen, baina egun hauetan esan dit ezin izango dela bertan egon. Bikotekidea topatu beharrean nago orain.

Europako Txapelketara zein helbururekin joango zara?

Hara joan aurretik, martxoaren azken egunetan Tour du Rutor [Alpeak, Italia] jokatuko dut lehenik. Europako Txapelketetan ahalik eta ondoena aritzea izango da helburua. Ondoren, denboraldia amaitzeko. Adamello [Alpeak, Italia] egingo dut berriro ere Ana Alonsorekin. Azken lasterketa izango da, familia ere bertaratuko da, eta gozatzeko egunak izango dira.

Ondoren, mendi lasterketetako Munduko Kopako probaren batean parte hartzeko asmoarekin segitzen duzu?

Bai, baina oraindik ez dut egutegia begiratu ere egin. Aste honetan hasiko naiz hori antolatzen. Lana, atsedena, eta bizitza soziala kudeatu behar ditut lehenik [barrezka]. Garbi daukadan gauza bakarra zera da: lehena Zegama-Aizkorri izango dela. Ilusio handia daukat Zegamarako. Gero, Munduko Kopako beste lasterketa batzuetan izatea gustatuko litzaidake. Kima Saria daukat begiz jota [52 kilometro, 4.100 metroko desnibel positiboa, Alpeak, Italia]. Munduko lasterketarik teknikoetakoa dela diote denek. Bi urtetik behin jokatzen da, eta gogoa daukat hura zer den ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.