Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Xapi!!!

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Igandez igande, euskaraz egiten diren irratsaioak eta podcastak ekartzen saiatzen naiz hona. Euskal podcastferan denetariko gaiak jorratzen dituzten saioak aurkitzen ditugu, eta entzuleek beren interes edo gustuei egokituriko edukiak erraz topatzen dituzte: umorea, musika, feminismoa, zinema, hezkuntza, bideojokoak... Gaur, ordea, mintzagai baten falta sumatu izana ekarri nahi dut, eta, zergatik ez? proposamena egin, ea norbait holakorik ekoizten animatzen den. Ez dago errolda zehatzik, baina kalkulu ezberdinen arabera, Hego Euskal Herrian, hiru etxetik batean omen dago maskota bat; Iparraldean, aldiz, bitik batean. Antza, euskal herritarrek txakurrak nahiago dituzte konpainiako animal gisa; horien atzetik, berriz, katuak eta hudoak doaz. Irakurri dut, gainera, hainbat udalerritan, umeak baino txakur gehiago daudela... Hala ere, euskal dialean ez dago etxeko animalien zaintzaz hitz egiten duen saiorik.

Asier Sarasuak bere blogean azaldu zuen hegaztien inguruan zuen zaletasunari buruzko Prat Radioko podcast bat entzuten zuela pandemian topatu eta gero, eta ornitologiari buruzko saio gehiago aipatu zituen. Horretaz bai; hegaztien txorrotxioak maiz aditu ditut EITBko saio ezberdinetan, gehienetan gure geografian zehar dauden txorien behatokietan edo mendi-txangoetan grabatuta. Oso gustuko dut adituek azaltzea abesti horien esanahia. Arrainen zaintza aspergarriagoa iruditzen zait; badakit zaleak badira, eta horren inguruan ere saioak topatu ditzakegu dial globalizatuan, baina ez gurean.

Euskal Herrian ekoitziriko maskotei buruzko irratsaiorik ez dagoela esan diodanean, lagun batek zalantzan jarri du horren beharra, baita gaiaren inguruan zutabe bat idaztekoa ere. Azaldu behar izan diot ez naizela txakurrentzako musika ematen duten kanalez ari —egon, badaude—, baizik eta maskota batekin bizitzeak sortzen dituzten kezkak eta zalantzak hizpide dituzten saioez: nola eta non adoptatu, elikadura, eman beharreko txertoak edo esterilizatzeko egokitasuna, zaintzak, higienea edo hezitzeko aholkuak, besteak beste. Ez dut uste erratzen naizenik azaltzen badut halako podcast batek arrakasta handia izango lukeela; beharbada sare sozialetan etengabe agertzen zaizkigun bideoak beste ez, baina ziur nago jarraitzaile asko lortuko zituela. Beraz, ea norbait ausartzen den katuari joarea jartzen. Izan ere, katua behar da xapi esateko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.