TELESAIL BETERANOAK

2015eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Nazioartean ez dira asko Goenkale-k adina urte iraun duten telesailak. Hala ere, badira batzuk hainbat hamarkadatan emisioan mantendu direnak:

'Coronation Street'. ITV kate britainiarrak 1960ko abenduaren 9an estreinatu zuen telesaila, eta egun programazioan mantentzen da. Manchesterko alegiazko auzo batean dago girotuta. Tony Warren izan zen sortzailea. Munduan emisioan denbora gehien daraman fikziozko saioa da.

'Eastenders'. BBCk 1985eko otsailaren 19tik ematen du. Erresuma Batuan ikusle gehien duten saioen artean dago. Londresko ekialdeko alegiazko herri baten eguneroko gorabeherak kontatzen ditu. Julia Smith eta Tony Holland izan ziren sortzaileak.

'Emmerdale'. 1972ko urriaren 16an estreinatu zuen ITV kateak, eta gaur egun ematen jarraitzen dute. Hasieran, Emmerdale baserrian zegoen girotuta. Protagonistak Beckindale herrixkara joan ziren gero. Kevin Laffan izan zen sortzailea.

'The Young and The Restless'. Ameriketako Estatu Batuetako CBS kateak 1973ko martxoaren 26an estreinatu zuen, eta egun antenan da oraindik. William J. Bell eta Lee Phillip Bell izan ziren sortzaileak. Wisconsin estatuko alegiazko hiri batean bizi diren familia aberats batzuk dira protagonistak.

'General Hospital'. AEBetako ABC kateak 1963ko apirilaren 1ean estreinatu zuen. Egun ematen jarraitzen dute. Frank eta Doris Hursley idazleak izan ziren sortzaileak.

'Doctor Who'. BBCko zientzia fikziozko telesailak bi aro izan ditu: lehena, 1963tik 1989ra, eta bigarrena, 2005etik gaur arte.

'Guiding Light'. Irrati nobela gisa hasi zen NBCn eta CBSn, 1937an —1956ra arte iraun zuen—. Telebistan CBSk estreinatu zuen 1952an, eta 2009ra arte iraun zuen. Guinnes errekorra du, 18.000 atalekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.