Migratzaileak dauden tokietan kontrolak egitea baimendu du prokuradoreak

Maite Asensio Lozano.
2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Baionan eta Angelun (Lapurdi) Frantziarantz doazen migratzaileak ibiltzen diren inguruetan polizia kontrolak egitea baimendu du Baionako prokuradoreak. Pasatzaileak atzematea da xedea, hau da, diru truke etorkinei muga igarotzen laguntzen dieten mafiak harrapatzea, baina Laurence Hardouin abokatuak salatu du kontrol horien bidez migratzaileak ere atxilo ditzaketela.

Urriaren 23tik ari dira kontrol horiek egiten, eta azaroaren 23ra arteko baimena dute poliziek. Egunean hiru aldiz egin ditzakete: 06:00etatik 09:00etara, 12:00etatik 16:00etara, eta 21:30etik 00:30era. Gune batzuetara mugatuta dago, eta horietako askotan migratzaileak ibiltzen dira: Baionan, adibidez, Euskaldunen plazan —autobusak hartzeko lekua—, Lesseps kaian —han dago aterpetxea—, udaletxean...

Kontrol horietan oinarrituta, hain justu, Gineako gizon gazte bat atxilotu zuten asteazkenean, Baionako aterpetxearen aurrean. «Ez zen ezer egiten ari. Lasai zegoen, gitarra batekin», azaldu du Hardouinek. Hendaiako atxikitze zentrora eraman zuten, eta atzo goizean egin zuten haren kanporatzeari buruzko epaiketa; aske uztea erabaki zuen epaileak, polizia kontroletarako baimendutako ordutegietatik kanpo atzeman zutelako gaztea. «Legez kanpokoa izan zen. Gainera, azalaren kolorean oinarrituta atzeman zuten, arau hausterik gabe», gaitzetsi du Hardouinek. Gaztea migratzaileentzako aterpean da berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.