Azken partidetako bolada onari eutsi nahi dio Realak, Leganesi irabazita

Sailkapenean bi punturen aldea dute; txuri-urdinak dira aurretik. Imanolek estadiora iristean jakinaraziko du jokalarien zerrenda

El Zhar eta Willian Jose, lehian, lehen itzuliko partidan. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Aukera bakarra du Realak gaur arratsaldean Anoetan jokatuko duen partidan: Leganesi irabaztea. Daraman bolada onak, etxean aritzeak eta aurkariaren mailak ez dute beste ezertarako aukerarik ematen. Alabaina, lan gaitza izango dute txuri-urdinek. Leganesen aurretik doaz sailkapenean, baina murritza da bi taldeen arteko aldea: bi puntu. Espainiarrak ere bolada gozoan diren seinale.

Donostiarrek ez dute neurketarik galdu urtea hasi zenetik, baina«gauza asko ondo egin beharreko neurketa» izango dutela iragarri du Imanol Alguacil entrenatzaileak. Oriotarraren esanetan, Mauricio Pellegrinoren taldearen zenbakiek argi erakusten dute zein egoeratan dauden: «Ligako azken hamahiru jardunaldietan onenetan laugarrenak izan dira, Bartzelonaren, Real Madrilen eta Atletico Madrilen atzetik. Horrek gauza asko esan nahi ditu».Youssef En-Nesyri da Leganesen arrisku nagusia. Sasoi betean dago aurrelaria; sei gol egin ditu azken hiru partidetan.

Anoetan emandako itxura hobetzea da txuri-urdinen beste helburu bat, sasoi honetan ez baititu bi partida jarraian irabazi bertan: «Etxean ez gara ondo ari, puntu gutxi batu ditugu, eta, txapelketa honetan zerbait lortu nahi badugu, etxean indartsu aritu eta orain artekoak baino partida gehiago irabazi behar ditugu», adierazi du Imanolek.

Teknikariak zenbait aldaketaegin beharko ditu taldean, halabeharrez. Valentziaren aurkako partidan min hartu zuten Asier Illarramendik, Joseba Zalduak eta Raul Navasek. Espainiarra jokatzeko moduan izango da; ez, ordea, Zaldua —bost txartel hori ditu— eta Illarramendi. Mutrikuarra luzaroan izango da zelaietatik kanpo, baina haren faltari pisua kendu nahi izan dio entrenatzaileak: «Hutsune garrantzitsua da, noski, baina postu horretan haren lekua betetzeko jokalariak baditugu, eta horiek aukera aprobetxatu beharko dute». Estadiora iritsitakoan emango du deialdiaren berri prestatzaile oriotarrak.

REALA-LEGANES

Reala. Rulli, Aritz, Navas, Llorente, Theo; Zubeldia, Zurutuza, Merino; Oiartzabal, Januzaj, eta Willian Jose.

Leganes. Cuellar; Juanfran, Bustinza, Omeruo, Siovas, Silva; Vesga, Recio, Oscar;En-Nesyri, eta Braithwaite.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Anoeta (29.000 ikusle).

Ordua. 18:30 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.