«Maiaren hitzak ezin dira onartu; izugarria da haur migratzaileak jopuntuan jartzea»

Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Elkarbizitzaren eta indarkeria politikoaren auzietan ere, «fake news delakoak eta diskurtso faxistak» alboratzeko deia egin du Ana Ollok.

Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa aurkeztu zenuen atzo Parlamentuan. Zer da?

Gobernuari eusten dioten indarren arteko akordio politikoan jasota dago hau ere. Garrantzitsutzat jo genuen, bizikidetzaren alorrean ere, kontsentsua lortzea. Plan baten forma eman diogu asmo horri, eta helburua da beste giro bat sortzea, elkarbizitza sustatzeko. Badakigu gizarte orok atxikia daramala gatazka; berezkoa dugu gizakiok. Hala ere, erabaki dezakegu gatazka horiek nola konpondu: indarkeriaren bidez ala era baketsuan. Bestalde, gero eta gizarte pluralagoa eta konplexuagoa osatzen dugu. Askotariko jatorriak, erlijioak, ideologiak, arrazak, hizkuntzak edo kulturak topa ditzakegu gizarte honetan, eta ikasi behar dugu pluraltasun hori kudeatzen. Guk lau urteko plan bat ondu dugu, elkarbizitza erraztuko duen giro bat sortze aldera. Batez ere, eragotzi nahi ditugu gorroto diskurtsoak, faxismoari lotutakoak eta indarkeriaren zuritzea.

Azken asteetan, ugaritu egin dira zenbait kolektiboren aurkako diskurtsoak. Zer iritzi duzu?

Oso kezkagarria da. Bereziki izugarriak dira bakarrik dauden adingabe migratzaileen inguruan esan direnak. Ohituta geunden halakoak Madrilgo Kongresuan aditzera, eta pentsatzen genuen hemen, zorionez, ez zirela marra gorri batzuk gaindituko. Egunotan ikusi dugu oker ginela. Halakoak ezin ditugu onartu. Giza eskubideak ukatzen dituzten diskurtsoek ez lukete tokirik izan behar gure jardun politikoan. Erakundeok argi izan behar dugu hori. Finean, horrela hasten da faxismoa: beldurra eragiteko diskurtsoen bidez eta kolektibo jakin bat etsai gisara aurkeztuta.

Iruñeko alkatearen hitzek kalapita sortu dute.

Onargaitzak dira. Kolektibo oso bat kriminalizatu du. Enrique Maiak mena hitza erabiltzen duenean tutoretzapeko adingabe migratzaileak adierazteko, ez al da konturatzen haurrak jartzen dituela jopuntuan? Politikoki eskandalagarria da, baina etikoki eta pertsonalki ere, izugarria.

Oroimenari eta Nafarroako historia hurbilari ere aipamena egin diozue planean...

Bai. Nafarroan garrantzi handia izan du indarkeriak XX. mendean. 1936ko kolpe militarraren ostean, hemen ez zegoen gerra fronterik, baina frankismoak 3.000 bat pertsona erail zituen hala ere. Gero heldu zen diktaduraren jazarpena, eta ETAren terrorismoak ere arrasto sakona utzi du. Ezin ditugu ahaztu beste mota bateko terrorismoak ere; besteak beste, indarkeria poliziala. Hortaz, indarkeriaren faktoreak alderik alde zeharkatu du gure gizartea, eta horri heldu behar zaio. Oroimena berreskuratu behar dugu, eta belaunaldi berriei transmititu. Memoria ezin da izan iraganeko kontu bat soilik. Etorkizuna eraikitzeko baliatu behar dugu. Gazteek ezagutu behar dute zer gertatu zen hemen XX. mendean.

Navarra Sumak gogor hitz egin du Bizikidetza Planaren aurka. Luze joko du gutxieneko adostasun bat lortzeak?

Aldatu dira gauza batzuk. Egoera ez da duela sei urtekoa. ETA desagertu da, eta hori oso garrantzitsua da. Badira sektore ultra batzuk, eta zaila izanen da horiek adostasunera erakartzea, baina plan honetarako, besteak beste, ETAren biktimen zenbait elkarterekin bildu gara, eta ekarpenak egin dituzte. Hortaz, ireki ditugu bide batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.