Arrauna

Saiatzearen ordaina jasota

Mutrikuk KAE 2 ligako estropada bat irabazi du estreinakoz. Trintxerpen lortutako garaipenari segida emateko asmotan da Jazintxo Salinas entrenatzailea.

Mutrikuko traineruko kideak, bandera irabazi berritan, joan den larunbatean, Trintxerpen. JAZINTXO SALINAS.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Urrats txikiak baina sendoak egiten dituzte Mutrikun. Bi urtez trainerua uretaratu ostean, 2001eko irailean ontzia baldan jarri zutenez geroztik zaila zirudien elastiko berdedunak berriz estropadetan ikustea. Lagun talde batzuen setak lortu zuen, ordea: bateletan egin zuten lehen agerpena, eta 2017an trainerua uretara bota zuten berriz ere. Ordutik, etenik gabe hazten ari den multzoa da mutrikuarrena. Bost urtetan, KAE 2 ligan goialdeko traineruengana gerturatzea lortu dute, eta estropada bat irabazi berri dute. Saiatzearen ordainak dira.

Aurrez ere garaipen baten jabe egin ziren. Lehorrekoa izan zen: kuadrilla sortzeko lan astunak osatu, trainerua moilako egurrezko atetik atera, eta antxerrian uretaratu zutenean eskuratu zuten. Larunbatean Trintxerpeko uretan (Gipuzkoa) lortutako banderak, baina, lerroburuetara eraman du Mutriku. Estreinakoa du maila horretan. Gauzak ondo egiten ari direnaren berrespena.

«Poza» sentitu zuten Mutrikuko kideek, Jazintxo Salinas entrenatzaileak azaldu duenez: «Arraunlariei esaten nien gauzak polito eginez gero hortxe ibiliko ginela: hirugarren, laugarren... ohorezko txandaren inguruan».

Sailkapen nagusian laugarrenak dira orain, baina lehen postuan amaitu zuten azken estropada. Sasoi onean dago taldea, Salinasen iritziz entrenatzaile ez ezik, ababorreko bandan ankeko lanak egiten ditu: «Sinestea falta zaigu. Ondo ari gara. Baten bat despistatzen denean, guk urrats hori egin nahi dugu».

Esan eta egin. Ez kale eta ez txanda, erlojupeko estropada batean heldu da berdezkoen lehen bandera, eta onbidean segitu nahi dute. Hiru estropada geratzen zaizkio KAE 2 ligari: Zarautzen (Gipuzkoa), Castro Urdialesen (Espainia) eta Hondarribian (Gipuzkoa) jokatuko dira. Ur zabaletako eremuak dira hirurak ere, egokiak trebeentzat: «Uste dut itsasoan ondo moldatuko garela. Poparean ondo gabiltza; brankaz gehixeago kostatzen ari zaigu».

Mutrikuarrek ilusioa dute propultsio indar, eta, «matematikek kontrakorik esaten ez duten bitartean», sailkapenean ahalik eta goren amaitzea. Gaur-gaurkoz, badute aukera ligako lehen hiru sailkatuen artean geratu eta igoerako kanporaketak jokatzeko: «Aukera dagoen bitartean, saiatuko gara».

Eskola ezberdinak, batera

Mutrikuko Arraun Taldeak trainerua osatzeko, herritarrez gain beste klubetatik etorritako jendea behar izan du: Lekittarra-k eman die horretarako laguntza, zenbait arraunlari utzita: «Ni Lekeitioko jubenilen entrenatzailea nintzen, eta haietako hiru ditugu gurekin». Aimar Zatika da haietako bat, eta larunbatean arraun egin zuen. 18 urterekin, hura eta Xabier Saenz 17 urteko patroia izan ziren eskifaiko gazteenak.

Ontzian gaztetasuna eta esperientzia batu ditu Salinasek. Hura eta Joseba Egaña izan ziren traineruko beteranoenak Trintxerpen: 48 eta 49 urte dituzte, hurrenez hurren. Uztartze lan hori emaitzak ekartzen ari da, eta horrekin gustura dago Salinas: «Pisuz arinak gara, eta indar gutxi dugu. Orduan, arraunketan, gorputzaren jarreretan-eta saiatzen gara».

Bateratze lanak denbora behar izaten du, eta Salinasek bigarren denboraldia soilik du Mutrikun. Oraindik ubera luzea utz dezake. Bien bitartean, lanean segitzeko prest azaldu da, horrek bere ordaina izaten duen jakitun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.