Iraupen luzean goritutako burdina

Gurutze Frades sekulako emaitzak ari da eskuratzen ironman probetan; azkena, Cozumelen (Mexiko) lortutako bigarren postua. 2022ko Konako Munduko Txapelketan hartuko du parte, seigarrenez jarraian. Eta hori guztia isilean, zaratarik atera gabe.

Gurutze Frades triatleta, Cozumelgo ironmanean lortutako bigarren postua ospatzen, Mexikon. DEMARIAMEXICO.
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Kiroletik eta kirolerako bizi da Gurutze Frades triatleta (Durango, Bizkaia, 1981). Bere herriko saskibaloi taldean aritu zen, Tabirakon; harik eta 25 urterekin gertuko lagun batek triatloia probatzera tentatu eta iraupen luzeko lasterketetan kateatu zen arte. 2015. urtea mugarria izan zen Fradesentzat; Vichyko ironmana irabazi zuen, Frantzian. Ordutik, sekulako garapena izan du; handia bezain azkarra. Eta hori guztia isilean, zarata handirik atera gabe.

Duela bi aste, bigarren postua eskuratu zuen Cozumelgo ironmanean, Mexikon. Hori gutxi ez, eta aurretik ezarria zuen marka—8.49.40— hemezortzi minutu hobetu zuen: 8.31.12. «Oso pozik» dagoen arren, irabazle sena odolean darama: «Irabaztea irabaztea da. Baina, hotzean hausnartuta, podiumean egotea eta horrelako denbora egitea itzela da». Azaldu duenez, baldintza klimatologikoak «alde» izan zituzten parte hartzaileek. «Iragarrita zegoen baino tenperatura eta hezetasun baxuagoa zegoen, eta haize ahulagoa. Horregatik egin genituen denbora hain azkarrak. Halere, erabat akituta amaitu nuen».

Ez da gutxiagorako. Latza da, oso, ironman batean egin beharreko ibilbidea: 3,8 kilometro igerian, 180 bizikletan, eta korrika maratoia —42 kilometro—. Azken diziplina horretan moldatzen da «hobekien» Frades. «Iraupen handiko lasterketetan, nire errendimendurik handiena azken orduetan ematen dut». Atzetik aurrerako lana egin ohi du.

Arlo aerobikoak ez ezik, arlo psikologikoak ere zama handia dauka horrelako lasterketetan. «Goraldiak eta txakalaldiak beti izaten ditugu, oinazeagatik edota nekeagatik. Egoera gogor horietan buruz indartsu egotea ezinbestekoa da; bestela, lasterketa uzteko tentazioa dago». Aitortza bat ere egin du: «Beldurti samarra naiz, ez baitakit irteera eman orduko nire gorputzak nola erreakzionatuko duen». Tentsio handiko uneak bizitzen dituzte. «Baina horretarako guztirako prestatuta nago, eta orain arte metatu dudan esperientziak asko laguntzen dit». Garbi dauka: «Sufrituz gozatu ahal daiteke».

Euskal Herrian dago orain, etxean. «Lortutakoaz gozatzea tokatzen zait orain. Beste domina bat gehitu dut nire garaipen zerrendara, eta horrek asko motibatzen nau lanean jarraitzeko». Eta arrazoiak baditu; urte honetan hiru probatan hartu du parte; Tulsako ironmaneko Ipar Amerikako Txapelketan —bosgarren egin zuen—, Chattanoogako (AEBak) Ironmanean —bigarren helmugaratu zen—, eta azkena, Cozumelgo lasterketan. «Neure buruari jarri dizkiodan helburuak bete ditut».

Lortutako emaitza horiei esker, 2022ko Konako Munduko Txapelketan ariko da urrian (Hawaii, AEBak), seigarren urtez jarraian. Aurten jokatzekoa zen Kona izurriagatik ez dutenez egin, datorren urteko maiatzera atzeratu dute; Utahn izango da, AEBetan. Ezbairik gabe, bi proba horiek jomugan ditu Fradesek. «Kona ironmaneko lasterketa gorena da, historikoa; munduko triatletarik onenak lehiatzen dira, eta sei aldiz sailkatzea izugarria da». 2019an egindako hamabosgarren postua da orain arte Hawaiin lortu duen emaitzarik onena. Durangarrak beste koska bat igo nahi du. «Ea lehen hamarretan sartzea lortzen dudan». Horretarako gaia eta ahalmena badituela dio. «Inoiz baino hobeto sentitzen naiz. 40 urte eduki arren, oraindik nire sasoirik onenera iristeke nago».

Prestaketa lan handia du ironman batek. «Mimoz» eta «guztiz neurtuta» taxutzen du. «Denboraldi hasieran, esaterako, bospasei orduko bizikleta saioak egiten ditu, «bolumena hartzeko». Euskal Herriko klima ez denez egokia, Peñiscolara (Herrialde Katalanak) joan ohi da, eta egonaldia egin behar duenean, berriz, Sierra Nevadako (Espainia) goi errendimenduko zentrora. «Lasterketa egiten den lekuaren arabera, lehenago joaten naiz, gorputza ahalik eta azkarren egokitzeko hango klimara eta ordutegira».

Lehiakideen ondoan, txiki

Funtsean, triatloiaren itzulian bizi da Frades. «2015etik, dedikazio osoa eskaintzen diot urteko hamabi hilabeteetan. Lasterketa bat amaitu eta gero, hurrengoa dut buruan, ironmanean gero eta maila hobea baitago». Aitortu duenez, profesional munduan egoteko apustu «serioa, indartsua, ekonomikoa eta norberaren ingurukoa» egin du. Babesle handirik ez du. «Baina ditudan horiek beti alboan izan ditut. Emaitza onengatik bizi naiz triatloitik».

Ironmaneko gainerako lehiakideekin alderatuta, ordea, baliabideei dagokienez, Frades «txiki» geratzen da. «Aurkariak harritu egiten dira nirekin». Kritiko mintzatu da: «Euskal Herriko eliteko kirolaren egoera ez da batere ona. Kirolariek erakunde publikoetatik jasotzen duten diru laguntza ez da nahikoa». Emakumea izate hutsagatik ere beste «oztopo» bat du: «Ama izateko eta berriz ere profesionaletara itzultzeko ez daukagu bermerik, ezta babesik ere. Eliteko kirolaren aldeko apustua egin nahi bada, benetakoa izan dadila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.