Ez du iparra galdu

Kezkatuta daude, Eibarrek Lehen Mailan dagoenetik inoiz baino okerrago hasi baitu liga: lau partidatan puntu bakarra irabazi du. Emaitzak lagun izan ez arren, taldearen jokoa hobetuz doa.

haritz gallastegi
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herria Txapelako finala ikusi zuten Eibarko zaleek ez zuten inondik inora pentsatuko euren taldea puntu bakarrarekin egongo zenik ligako lehen lau partidak jokatu ostean. Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak azken urteotan erakutsitako erritmo bizia eta joko ausarta eginda hartu zuen mendean Reala Tolosan (Gipuzkoa), Berazubi futbol zelaian: 2-1. Liga atarian, dena bere lekuan zegoela zirudien. Baina ez. Erakustea egokitu denean, taldea ez da ondo aritu. Jarraitzaileek ez dute betiko Eibar ikusi. Emaitzak ez dira onak izan: inoiz ez da horren gaizki hasi Lehen Mailan ari denetik. Horrek kezka sortu du taldean eta inguruan. Espanyolen kontrako partida amaitu berritan, ikustekoak izan ziren jokalarien eta teknikarien aurpegiak aldagelatik irtetean. Gertu ikusten zuten garaipenak aitaren batean ihes egin izana ez da inoren gustukoa. Sailkapenari erreparatu eta taldea zuloan ikustea ere ez da ederra.

Baina Eibar ez dabil noraezean. Ipuruako lehen partidako Eibar Mallorcaren zelaian lehen neurketa jokatu zuen Eibar baino hobea izan zen. Zelaian aurrerapausoak eman ditu. Mendilibarrek esan bezala, «gauza on gehiago egin ditugu txarrak baino». Baina, oraingoz, ez da nahikoa. Lanean jarraitu behar du emaitza bolada txarra eten eta taldeak konfiantza galdu aurretik.

LEHEN HIRU PARTIDAK, ETXETIK KANPO



Talde baten errendimendu eskasa arrazoi askoren batuketa izaten da. Ligako lehen hiru partidak etxetik kanpo jokatu behar izateak ez du zertan arrazoietako bat izan, baina taldeentzat ez da samurra izaten egoera horri aurre egitea. Eibarren kasuan, gainera, jakinekoa da Mendilibarren taldea askoz ere indartsuagoa eta eraginkorragoa dela Ipuruan beste edozein zelaitan baino. Aurkariei ikaragarri kostatzen zaie Eibarri neurria hartzea. Bada, kanpoan jokatutako hiru partidetatik bi talde igo berrien kontra izan dira, Mallorca eta Osasunaren aurka. Ustez talde apalak dira biak ala biak, baina sasoi hasieran oso arriskutsua da haien kontra jokatzea. Irabaztera ohituta daude. Konfiantza handiarekin aritzen dira bolada aldatzen zaien arte. Kontrario ezerosoak dira. Hau da, talde gehienek nahiago dute Mallorcaren eta Osasunaren kontra bi hilabete barru jokatu egun baino. Beste bisita Wanda Metropolitanora egin zuen Eibarrek. Ondo lehiatu arren, jakinekoa da zein gaitza den Atletico Madrilen etxean punturen bat irabaztea. Ipuruako obrak tarteko kanpoan jokatu behar izan dituen hiru partidak zama handia izan dira.

JORDANEN FALTA



Egungo Eibarrek eta Lehen Mailara igo zen taldeak ez dute antzik. Orduan beheko mailetan aritutako futbolari asko izateaz gain, gorengo mailako beste talde batzuek utzitako futbolariz osatutako taldea zen. Urtetik urtera, ordea, jokalari hobeak ekartzeaz gain, klubak bere egitea lortu ditu. Ondorioz, egonkortu egin da taldea. Baina urtero jokalari garrantzitsuak galtzen jarraitzen du, gutxi, baina garrantzi handikoak, Lehen Mailan erabakigarriak izan direnak. Iaz, Ander Capak eta Dani Garciak egin zituzten maletak, eta, aurten, Ruben Peñak eta Joan Jordanek. Bi urtean zelai erdiko nagusiak eta eskuin hegaleko atzelariak galdu ditu taldeak. Lehen denboraldian ez zen arazorik izan, Ruben Peñak eta Jordanek azkar ahantzarazi baitzituzten Capa eta Dani Garcia. Aurten, Alvero Tejerok ondo hasi du sasoia, eta baliteke Peñaren falta ez nabaritzea. Gaitzagoa izango da Jordanek utzitako lekua betetzea. Jokalari kataluniarra Eibarrek Lehen Mailan izan duen onentsuena izan da. Mendilibarrek jokalari guztiei eskatzen dien lanerako gaitasuna barneratzeaz gain, asko eman zion taldeari erasoko jokoa antolatzeko orduan. Horretaz gain, gola ere baduela erakutsi zuen. Eibarrek dituen baliabideekin ez da erraza antzeko maila duen futbolari bat aurkitzea. Taldeak faltan botatzen du euskarria.

ENRICH ETA ENPARAUEN ZAIN



Taldearen jokoa hobetuz doa, baina oraindik gehiago eskatu behar zaio. Horretarako, ezinbestekoa izango da dohain gehien duten futbolariak gehiago agertzea. Sergi Enrichen ekarpena ez da sartzen dituen golen arabera soilik neurtzen. Beste arlo askotan laguntzen dio taldeari. Oraingoz, ez da bere maila ematen ari. Takashi Inui eta Pedro Leon zelai erdiko hegalekoak ere ez dira asko agertu. Fabian Orellanarekin batera talentu gehien duten futbolariak dira. Haien ekarpena ezinbestekoa izango da erasoan eraginkorragoak izateko. Baina erasoko jokalariek aukerak izateko sendo agertu behar dira haien atzetik jokatzen dutenak. Bada, Mendilibarrek lau bikote ezberdin zelairatu ditu defentsaren erdian. Ivan Ramisek eta Anaitz Arbillak osatzen dutenak dirudi fidagarriena. Jose Angel Valdes Cote-ren itzulerak lagunduko dio gauzak argiago izaten. Halaber, euskarrian ere asmatu ezinda dabil Mendilibar Pape Diopen bikotearekin. Edu Expositok eta Gonzalo Escalantek jokatu dute, baina ez batek ez besteak ez du behar bezala funtzionatu.

MENDILIBARREN LIDERGOA



Zer hobetu dezente izan arren, talde gutxik dutena dauka Eibarrek: jokalari, teknikari eta zuzendaritzaren arteko batasuna. Mendilibar da liderra. Entrenatzaileak konbentzituak ditu taldeko jokalari guztiak. Jarraitzaileek zein zuzendaritzako kideek ere itsu-itsuan sinesten dute Zaldibarko entrenatzailearen proposamenean. Ez da lehen aldia Eibar egoera zailean dagoela, eta, aurrekoetan gertatu legez, Mendilibar izango da hobekuntzaren zutabe nagusia. Eta, inork zalantzarik baldin badu, Amaia Gorostiza klubeko presidenteak argi esan zuen igandean Ipurua utzi aurretik: «lasai, hau hasi baino ez da egin». Ez dago fedea galtzeko arrazoirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.