«Gure garaiko aurrelaria da»

Partidako gol bat sartzen du ligan Charlesek, Eibarreko golegilerik onenak. Haren aurretik lan horretan ibili zen Igor Arenazak brasildarraren jokoa aztertu du.

Aitor Manterola Garate.
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Charles Dias de Oliveira (Belem, Brasil, 1984). Izen horrekin azkar antzematen zaio nondik datorren. Beste kontu bat da Charles Eibarreko aurrelaria jokatzen ikusi eta brasildarra dela pentsatzen segitzea. Ez baitu jokalari brasildarren berezko ezaugarririk: teknikan ez da artista bat, eta, gainera, borrokalaria da. Zerikusi gutxi dauka Brasilek historian atera dituen aurrelari handiekin, baita jokalari apalago gehienekin ere.

Iritzi horrekin bat egin du Igor Arenazak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1974), Eibarreko aurrelari ohiak: «Brasildarren inguruan beti egon dira aurreiritziak, bigunak direla eta abar. Charles kontrakoa da: gogorra, atzera egiten ez duena. Borrokalaria da». Eibarren bi arotan jokatu zuen Arenaza aurrelariak, 1994tik 1999ra eta 2000tik 2001era, eta uste du Chales neurriko zapata dela Eibarrentzat: «Oso egokia da hemen jokatzeko, taldeko beste aurrelariekin ondo konpontzen eta uztartzen delako zelaian».

Charles ez da gaztea, 35 urte egingo baititu apirilean, baina sasoiko ikusten du Arenazak: «Esango nuke bigarren gaztetasunean dagoela». Eta, hari horri tiraka, beste aurrelari handi bat datorkio gogora: «Badu antzik Aritz Aduriz egiten ari denarekin. Esperientzia nahi beste daukate biek, eta zitalak dira area barruan». Charlesen zenbakiek hala diote, behintzat: hamar gol sartu ditu ligan, bat 94 minutuan behin, eta Kopan ere bat egin zuen. Hark sartu du gol gehien Eibarren sasoi honetan.

Berezkoa du abilezia hori, Arenazaren arabera: «Gaitasuna dauka baloia nora eroriko den jakiteko, eta horregatik egoten da leku onean baloia errematatu ahal izateko. Sena du berezia». Horregatik, aurrelari ohia ez dago harrituta Charlesek sartzen dituen gol asko modu horretan sartutakoak direlako: «Baloi solteak harrapatzen ditu, aurrelarien berezko ezaugarria dauka, gol sen hori, eta azkarra da horretan, bizia». Beste dohain batzuk ere baditu, ordea, eta horiek ere nabarmendu ditu Arenazak: «Izaera indartsua dauka, lehiakorra da, eta ez du atzera egiten atzelarien eta aurkarien aurrean. Bere lekua dela erabakitzen badu, hor berak agintzen du, ez beste inork, eta, arlo fisikoan indartsua ez izanda, esanahi berezia dauka horrek. Nortasun handiko jokalaria dela antzematen zaio». Uste du talde barruan ere baduela eragin eta leku garrantzitsua: «Ikusi besterik ez dago nork botatzen dituen penaltiak. Charles da jaurtitzailea. Hierarkia dauka talde barruan».

Bistan da Arenazak gustuko duela, eta badaki ekainaren 30ean bukatuko zaiola Eibarrekin duen kontratua. Ez du esan nahi izan zer egingo lukeen berak kontratu horrekin, baina garbi utzi ditu hainbat kontu: «Oso pozik dago Eibarren, eta identifikatuta dago klubarekin. Errendimendu ona ari da ematen, eta uste dut segi dezakeela joko on hori egiten, adinez aurrera joanagatik ere». Beste hau ere gehitu du, oraingoan Charlesen burutik ariko balitz bezala: «Ahal duena egingo du elitean jarraitzeko, kosta zaionarekin goraino heltzea».

Beheko futboletik dator

Izan ere, Brasiletik Europarako jauzia Portugalera egin zuen Charlesek, Bigarren B eta Bigarren Mailako Feirense taldera. Galiziara joan zen gero, Pontevedrara, Bigarren eta Bigarren B Mailan jokatzeko, eta, Kordoban eta Almerian zilarrezko mailan aritu ondoren, oraindik bost urte eta erdi bakarrik dira Lehen Mailan debuta egin zuela, Celtarekin. Malagatik pasatu ondoren heldu zen Eibarrera, 2017ko udan. Charlesen ibilbideari begira, Arenazari urteetan atzera joan zaio burua: «Beheko futboletik dator, eta lan asko eginda iritsi da gora. Orain gozatzen ari da, eta erakusten baduela gaia elitean jokatzeko».

Haren ustez, Eibarren Jose Luis Mendilibarrekin aritzeak mesedeegiten dio Charlesi: «Mendiren gustuko jokatzeko modurako oso egokia da, eta ederki ari da baliatzen aukera hori». Arenazaren garaiko aurrelarien antzekoak dauzka Eibarrek: «Halakoxeak dira, bai. Orain, ematen du galtzen ari dela betiko aurrelaria, beste ezaugarri batzuk lehenesten direlako gaur egungo futbolean, eta Charlesek gure garaiko kontuak ekartzen dizkit gogora. Orduko aurrelari haietako baten modukoa da: gure garaikoa ematen duela ere esango nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.