Abiada hartua du

Bikain ari da Teresa Errandonea: lau aldiz hobetu du 60 metro hesidunetako bere marka. Euskal atleten artean berak du markarik onena. Duela bi urteko «aldaketen fruitua» jasotzen ari dela dio. Tokio du amets, eta Madrilen lehiatuko da gaur.

Teresa Errandonea, 8,11 segundoko marka egin zuen egunean, hilaren 8an, Zaragozan (Espainia). JAVIER CEBOLLADA / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Teresa Errandoneak behin baino gehiagotan madarikatu du koronabirusa azken egunetan. Birus horrek parte hartzaileen osasuna arriskuan jar dezakeela argudiatuta, Munduko Atletismo Federazioak urtebetez atzeratu du martxoan 13tik 15era Nanjinen (Txina) jokatzekoa zen Pista Estaliko Munduko Txapelketa. Hori eginez, saririk gabe utzi du atleta irundarra, bertan aritzeko gutxieneko marka lortu baitzuen 60 metro hesidunetan: 8,11. Lehen aldiz ariko zen halako txapelketa handi batean. «Pena da gutxieneko marka lortu ostean lehiatzeko aukerarik ez izatea. Datorren urtean izan beharko du. Halere, jendearen osasuna edozein txapelketaren gainetik dago», esan du.

«Disgustu» horrek, hala ere, ez dio aldartea txartu. «Oso pozik» dago egiten ari den denboraldiarekin. «Gero eta hobeto ari naiz, eta aspaldiko garairik onenean nago». Sasoi honetan egin duena ikusi besterik ez dago. Bederatzi aldiz lehiatu da: zazpi aldiz 60 metro hesidunetan, eta bitan 60 metrokoan. Bitan ez beste, guztietan izan da lehena helmugara ailegatzen, eta irabazi ez duen bietan bigarren izan da. Aurrean ibiltzeaz gain, kronometroari kosk egiten ari zaio: 8,25 zuen markarik onena 60 metro hesidunetan, eta zazpi alditatik seitan egin du korri denbora horren azpitik. «Bikain ekin diot denboraldiari, eta jada bete dut pista estalian neure buruari ezarritako helburua: Munduko Txapelketarako gutxieneko marka lortzea, 8,16. Bitan egin dut korri denbora horren azpitik. Oso pozik nago».

Hilaren 8an lortu zuen 8,11ko marka 60 metro hesidunetan, Zaragozan (Espainia). Euskal atleta bakar batek ez du berak baino azkarrago korrika egin proba horretan, eta inoizko marka onenetan bosgarrena da Espainiako Atletismo Federazioaren sailkapenean. Aspaldikoak dira aurretik dituen lau markak, gutxienez duela hamabi urtekoak. «Egun perfektua izan zen». Hala deskribatu du egun horretan bizitakoa.

«Monotoniatik» ihesean

Aldaketa handia egin du iaztik hona. Aldaketa batek eragindako aldaketa izan da. «2018ko maiatzean, Ibon Muñozekin, 11 urte nituenetik nire entrenatzaile izandakoarekin lan egiteari utzi nion, eta Ramon Cidekin hasi nintzen. Aldaketa horrek on egin dit».

«Monotonia batean harrapatuta nengoen». Halaxe azaldu du aldaketaren zergatia. «Hamar urte baino gehiago neramatzan pista berberean —Irunen, Plaiaundin—, eta entrenamendu talde berberarekin lanean. Azpiegiturak ere ez ziren taxuzkoak. Ez genuen pista estalirik, eta euria egiten zuenean, teilatutxo xume bat bakarrik genuen aterpe moduan. Horrela, nekez entrena nintekeen jarraitutasunez, eta nik aurrerapausoa eman nahi nuen. Horregatik erabaki nuen Donostiara joatea, eta Ramonekin lanean hastea. Belodromoan eta Anoetako estadio txikian entrenatzen gara, eta, egia esan, nabari da aldea. Horrek ere mesede egin dit».

Entrenatzaile bakoitzak du bere lan egiteko modua, eta Errandoneak azaldu duenez, Cidek garrantzi handia ematen dio teknikari. «Asko ari gara lantzen alor hori, eta nabari dugu hobetzen ari garela. Sinetsita gaude oraindik asko hobetu dezakedala, askoz azkarrago korri egin dezakedala». Lesiorik ez du izan orain arte, eta, horri esker, «egunero» ari da entrenatzen, «etenik gabe».

Horren guztiaren fruitua ari da jasotzen orain, baina iaz eman zuen susperraldi baten lehen zantzuak: lehen aldiz izan zen maila nagusiko 100 metro hesidunetako Espainiako txapeldun. «Aldaketa barneratzeko sasoia izanagatik ere, lan ona egin nuen. Pozik amaitu nuen, baina sekulako gogoa nuen denboraldi hau hasteko. Konbentzituta nengoen hau izango zela sasoi ona».

Tokio eta Paris

Atleta irundarra gaur ariko da berriro, Madrilen, Munduko Zirkuituko bileran, 60 metro hesidunetan (19:30). Lehen aldiz parte hartuko du halako bilera garrantzitsu batean, eta, horregatik, «lehiatzeko irrikaz» dago. Espezialista onenetako bi ariko dira: Brianna McNeal eta Christina Clemons estatubatuarrak. Lehena, olinpiar eta munduko txapeldun izan da 100 metro hesidunetan; eta bigarrenak inoizko marka onenetan seigarrena du 60 metro hesidunetan: 7,73. «Finalean aritu nahi dut, eta marka ona lortu, Tokioko Olinpiar Jokoetarako puntu dezente batzeko. Mesede handia egingo dit atleta handi horiekin lehiatzeak».

Ez da kasualitatea Errandonea Tokioko Olinpiar Jokoez mintzatzea. Han egon nahi du. «12,84 da gutxieneko marka, eta nik 13,37 dut. Beraz, ia ezinezkoa da marka bidez sailkatzea. Nire helburua da hamahiru segundoetatik jaistea, eta Jokoak iritsi arteko lasterketatan aurrean ibiltzea, ahal dudan puntu gehien lortzeko. Ea gutxieneko marka lortzen ez dutenen artean sar naitekeen. Madrilgo bilerak, maila handikoa izanik, puntu dezente emango ditu».

Tokioko Olinpiar Jokoak ditu amets, eta Parisko Europako Txapelketa, lehentasun [abuztu bukaeran jokatuko da]. «Kosta ahala kosta egon nahi dut han. 13,19 da gutxieneko marka, eta eskura ikusten dut. Ea orain artekoari eusten diodan. Bide zuzena daramat, eta abiada hartua dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.