Primoz Roglic

Jauzi handi baten osteko irribarrea

Eski jauzilaria izan zen 2011 arte, eta, World Tourrean 2016an lurreratu ondotik, bere ibilbideko garaipenik handiena lortu du Espainiako Vueltan. Erlojupekoetako abilezia eta buru hotza izan dira haren bertute nagusiak.

enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ezohiko irudia ikusi zen herenegun Madrilen, Espainiako Vueltako podiumean. Izan ere, koskarik gorenean irribarre zabala agertu zuen Primoz Roglicek. Haren bekokian ez zegoen askok leporatu dioten hoztasunaren arrastorik. Esloveniarra eski jauzilari profesionala izan zen hainbat urtez, eta ondo ikasi zuen lezioa: jauzia bukatu eta lur hartu arte, ez da zirkinik ere egin behar. Halaxe egin du Vueltan. Errepidean ez du imintziorik txikiena ere egin, eta hedabideen galderei modu labur eta aseptikoan erantzun die. Lehortzat jo dute hainbatek. Espainiako lasterketa irabazi berritan, ordea, azaleratu zituen bere emozioak. «Hau ezin daiteke hitzez deskribatu. Hiru aste hauek oso zailak izan dira, gorabehera askokoak».

Gezurra dirudi Roglicek halakorik esatea, nagusitasun handiz gailendu baita. Akaso, aurreneko eguneko taldekako erlojupekoan izan zuen unerik zailena. Izan ere, Jumbo Vismak 40 segundo galdu zituen eroriko baten erruz. Hartaz geroztik, ordea, abiada hartuz joan zen esloveniarra, eta, mendiko lehen etapetan aurrean sartu ondoren, erlojupekoan egin zuen jauzi, ohiko legez. Elastiko gorria jantzi zuen 10. etapako saio luzean, eta hortik aurrera ez zuen erantzi. Tinko eutsi zion Asturiaseko eta Madrilgo etapa gogorretan, aurkariei inolako itxaropenik eman gabe. Erregularrena izan zen maldan gora, eta soilik 17. etapako haize-babesek artegatu zuten. Bestelakoan, ahulunerik gabeko liderra izan da, Jumbo Vismaren talde lan ona lagun.

Badira suharrak diren ziklistak, bulkadaka dabiltzanak. Horiek izaten dituzte zaleek gustukoen. Baina grinak, zirrarak eta epikak ez dute zertan arrakasta ekarri. Indarra dagoenean, maiz bidaide hobea izaten da buru hotza. Horren erakusgarri da Roglic. Une oro buruarekin korritzen du. Eraginkorra eta pragmatikoa da, ikusgarria eta efektista baino. Haren jarduna ez da, apika, zaleen gogoan iltzatuta gelditzen, baina emaitzak bermatzen ditu. Dagoeneko, astebeteko hamar itzuli irabazi ditu, eta itzuli handietan ere hasia da arrastoa uzten: laugarren izan zen iazko Frantziako Tourrean, hirugarren aurtengo Italiako Giroan, eta beste koska bat igo du orain, Vuelta irabazita.

Oso uzta oparoa lortu du denbora gutxian, lau denboraldi bakarrik baitaramatza World Tourrean. 2012an sartu zen txirrindularitzaren munduan, zortzi urte zituenetik eski jauzietan aritu eta gero. Lesio batek eragin zuen aldaketa. Osatzeko, bizikletan aritzea gomendatu zioten, eta ziklismoak liluratu egin zuen Roglic. Distira egin zuen afizionatuetan, eta, urtebete geroago, kontinental mailako Adria Mobil taldeak fitxatu egin zuen. Hiru urte eman zituen han, eta Esloveniako eta Azerbaijango itzuliak irabazi. Hori horrela, Lotto Jumboren eskaintza jaso zuen 2016an. Zain zeukan gorengo maila.

Itzuliari neurria hartuta

Berandu iritsi zen elitera, 26 urterekin; beraz, ez zeukan galtzeko denborarik. Lehen denboraldian, erlojupeko espezialista gisa aurkeztu zuen bere burua, Giroko saio luzea irabazita. Hurrengo denboraldian, berriz, ehiztari sena batu zuen bertuteen zerrendara. Sei garaipen lortu zituen guztira, horietatik bi bereziki gogoangarriak: Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa erlojupekoa ere irabazi zuen, eta Tourreko 17.a. Orduan bai, zaleak besaulkitik altxarazi zituen, jaitsieretan sekulako abilezia erakutsita.

Etenik gabe zihoan gora, baina oinak lurrean zituen. «Itzuli handiak? Lehenbizi, aste batekoak irabazi behar ditut», adierazi zion BERRIAri iazko Itzulia hasi berritan. Bada, ederki asko bete zuen helburua: hasteko, Euskal Herriko proba irabazi zuen, eta, geroago, Erromandian eta Eslovenian gailendu zen. Hori gutxi ez, eta podiumaren atarian gelditu zen Tourrean. Eskura zeukan arren, indarrez justu iritsi zen Senpere eta Ezpeleta (Lapurdi) artean jokatu zen erlojupekora, eta Chris Froomek aurrea hartu zion. Edonola, Tourrak baieztatu egin zuen: tropeleko izen nagusien artean zegoen Roglic.

Aurten, bikain ari da. UAEko eta Erromandiako Tourrak eta Tirreno-Adriatikoa irabazi zituen lehen hilabeteetan, eta, ondoren, zeresan handia eman du itzuli handietan. Giroa, baina, ez zuen aho zapore gozoarekin bukatu, hirugarren egin arren. Faborito gisa hasi zuen lasterketa, Tom Dumoulinekin batera, baina behera egin zuen azken astean, eta ezin izan zion Richard Carapazi aurre egin. Vueltan, ordea, jaun eta jabe izan da. Haren hitzetan, «Esloveniako ziklismoak inoiz lortutako lorpenik handiena» da. Bada, mugarri berriak ezartzen saiatuko da aurrerantzean, Vueltan hirugarren postuan bukatu duen Tadej Pogacarrekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.