Prekaritatetik irteteko bide luzean

Langabezia saririk ez, hamabi eguneko kaleratze kalte-ordaina, hirurogei orduko lanaldiak... Etxeko langileen errealitatea da.

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Etxeko langileek lan estatus propio bat dute, sistema berezia delakoa, eta nazioartean OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen C189 hitzarmenak arautzen du. 2011n onartu zuten, eta estatu bakoitza etxeko langileen lanaldia arautzera behartu zuen. Etxeko langileen elkarteek urtez urte baldintza horiek hobetzeko aldarrikatu, eta, apurka, lortu dute, sistema bereziaren desagerpena azken muga gisa jarrita. Oraindik, baina, urrun daude, eta baldintzak oro har besteren konturako edozein langilerenak baino okerragoak dira. Alde horretatik, gabeziarik deigarrienetako bat da langabezia saririk ez izatea. Kotizazioa gaixotasun edota pentsio ordainsarietarako pilatzen da, baina ez langabeziarako.

Kaleratzea ere merkeagoa da. Enplegatzaileak langilearen kontratua eteten badu, lan eginiko urte bakoitzeko hamabi lan eguneko kalte-ordaina ordaindu behar du. Kontratua 2011ko erreforma aurrekoa bada, aldiz, zazpikoa. Lanpostu gehienetan, salbuespenak salbuespen, kaleratze kalte-ordaina 33 egunekoa da urteko. Kontratua eteteko garaian, gainera, enplegatzaileak atzera egiteko eskubidea du: iritzi badio langileak huts egite larri bat egin duela, kalte-ordainik gabe eten dezake kontratua.

Soldatari dagokionez, lanbide arteko gutxieneko soldata oso hedatua dago lanaldi osoko langileen artean. Urtean 12.600 euro dira: 900 euroko hamalau ordainketa edo 1.050ko hamabi —7,09 euro orduko—. Lanaldia 60 ordukoa bada, aldiz, zifra horiek 1.509 eta 1.659 eurora igotzen dira. Izan ere, etxeko langileek 60 orduko lanaldia izan dezakete. Berez 40 dira lanean, eta, akordio batera iritsiz gero, «egon beharreko» hogei ordu gehitu dakizkioke.

Paperetik errealitatera, baina, jauzia dago. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak urtero egiten du txostena, eta, aurtengoan ondorioztatu duenez —2018ko datuekin eta 592 kasu aztertuta— egoiliar dauden langileen %73k 60 ordutik gorako lanaldia dute, %42 ez dira hamar orduko atsedenera iristen, eta %24,4k ez dute egunero etxetik irteteko baimenik. ELEren txostena da langileen egoera ezagutzeko iturririk fidagarrienetako bat, kontratu eta paperik gabekoak ere ikertzen baititu, eta bi zatitan banatzen du diagnosia: egoiliar ari direnak eta ez, alegia, kanpoan lan egiten dutenak.

Txostenaren arabera, egoiliar ia guztiak emakume atzerritarrak dira, eta %24,3 ez daude legezko egoeran. Ia kasu guztietan etxeko lanak pertsonen zaintzarekin uztartzen dituzte. Kasuen %90ean, soldatak ez datoz bat lan jardunaldiekin, eta %37k eskudirutan jasotzen dute. Era berean, ez dira arraroak irainak eta sexu proposamenak. Egoiliarren %26 lanik gabe gelditu ziren zaindua hil zelako edo zahar etxe batean sartu zutelako. Mugikortasun handia dago.

Kanpoko etxeko langileen artean, %71 dira atzerritarrak; %73k kotizatzen dute Gizarte Segurantzan, eta gehienek lanaldi murriztua dute. %27k hamar ordu baino gutxiago egiten dute lan, eta %52 ez dira hogei ordura heltzen.Kontratu idatzia izateko eskubidea izan arren, %62k bakarrik erakutsi ahal izan diote ELEri. Kasuen %21,5ean, langileek dagokien baino soldata txikiagoa jaso dute, eta %48k eskudirutan, agiririk gabe.%42k zaintza gehitzen diote etxeko lanei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.