Koronabirusa

Datozen bi asteak «zailak» izango direla iragarri du Carlos Artundok

83 gaixo daude ZIUetan: bi hilean izandako kopuru handiena da. Herrialde guztietan igarri da intzidentzia jaitsi egin dela azken egunotan

Maria Ortega Zubiate Arantxa Iraola
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun

Positiboen igoeran «geldialdi txiki» bat hauteman du Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiak, eta adierazi du hori manten dadin espero duela; baina epe motzean egoerak ez du hobera egingo, haren hitzetan. Datozen bi edo hiru asteak «zailak» izango dira ospitaleetan, ZIUetan eta lehen mailako arretan; kontseilariaren aurreikuspenen arabera. Izan ere, positibotasuna beheranzko joera hartzen hasi bada ere, ospitaleratzeak goian mantentzen dira.

 

422 lagun daude erietxeratuta Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan: duela aste eta erditik ez dira 400 ospitaleratuen langatik jaitsi. ZIUei dagokienez, 83 lagun daude larri: bi hilabetean izandako kopururik handiena da.

Kutsatzeen datuari buruz, zuhurtziaz mintzatu dira agintariak. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak asteartean adierazi zuen goiz dela «joera aldaketaz» hitz egiteko, eta Artundok ere, bere adierazpenetan ez du joeraz hitz egin, igoeraren geldialdiaz baino. Izan ere, Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emandako datuen arabera, 1.383 kasu positibo atzeman dituzte. Bizkaian 608, Gipuzkoan 319, Nafarroan 281 eta Araban 143. Aurreko asteetako ildoan, mila kasu baino gehiago berriz, eta oraindik ere osasun publikoaren irizpideen arabera izurria kontrolpean jartzen hasteko oinarrizkoa den %5eko portzentajetik oso gora: testen %12,4 izan ziren positiboak.

Baina joera aldaketa ez bada ere, Artundok aipatutako igoeraren erritmoan geldialdia nabari da bilakaera epidemiologikoaren kurban. Osasun agintariak 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa metatuari erreparatzen diote, adi-adi, izurriaren eboluzioa erakusteko aldagai egokia dela iritzita, eta hor beherakada bat agerikoa da; herrialde guztietan ari da kurba beheraka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.