Eibarrek irabazi egin behar dio bihar Espanyoli, mamuak uxatzeko

Aitor Manterola Garate.
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Ezinbestean sartu behar zuen Eibarrek estutasunetan, sei partida baitaramatza alerik irabazi gabe. Hala, jaitsieraren arriskua gainera etorri zaio. Azken hemezortzi puntuetatik lau atera ditu, eta bide okerra da mailari eusteko. Irabazteko premia gorria du, eta bihar hori egin beharko du Espanyolen aurka, Ipuruan. Denbora gehiegi darama garaipenik gabe, Real Madrili zaleen aurrean irabazi zionetik, hain zuzen.

Jokoan ondo dabilen arren, ezin ditu puntuak hirunaka batu, eta Ligan puntuek balio dute. Garaipena lortzeko ez bada, alferrik da joko onarena. Eraginkortasuna gehitu behar dio jokoari Jose Luis Mendilibarren taldeak, eta bihartik bertatik hasita, gainera. Ez du aurkari samurra izango parean, azkenaldian makal badabil ere: Espanyolek partida bakarra irabazi du azken zortzietatik, eta beste guztietan galtzaile izan da. Talde ona da Bartzelonakoa, dena den. Jokalari teknikoak dauzka, eta gutxi behar du edozein talde estutasunetan sartzeko.

Alde handirik ez da bi taldeen artean sailkapenean. Espanyolek Eibarrek baino bi puntu gehiago ditu. Liga oso berdinduta dago, eta garaipen batekin jauzi handia ematen ari dira taldeak. Gaur irabazteak arnasa emango lioke Eibarri. Gaurko, Pedro Leon ez da osatu oraindik, eta Hervias Valladolidera joan da, utzita. Gaurko lan saioan ikusiko da ea Orellana eta Ramis prest dauden, aste osoa kili-kolo ibili eta gero. Mendilibarrek bi gauza eskatu dizkie jokalariei:«Gol aukeretan asmatu egin behar dugu, eta defentsan erraztasunik ez eman aurkariari».

EIBAR-ESPANYOL

Eibar. Riesgo; Peña, Ramis, Bigas, Jose Angel; De Blasis, Diop, Jordan, Cucurella; Enrich eta Kike.

Espanyol. Diego Lopez; Rosales, Naldo, Lluis Lopez, Didac; Roca, Granero, Darder; Melendo, Iglesias eta Baptistao.

Epailea. Martinez Munuera.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. Bihar, 21:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.