Gutxienez, gonbidapena

Anaitasunak bi emaitza behar ditu bosgarren izateko: bere lehia irabazi eta Cuencak galtzea. Bera Berak zail du gaur txapeldun izatea

Gabriel Ceretta Anaitasunako jokalaria, atera jaurtitzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Asobal liga gaur bukatuko da, eta Anaitasuna EHF koparako sailkatzeko aukerekin iritsi da. Hori bai, ez dago bere esku bakarrik, eta ez da erraza. Horretarako, Iruñeko taldeak Zamoran irabazi behar du (17:00), dagoeneko maila galdua duen talde baten pistan, eta Cuencak etxean Huescaren aurka gal dezala itxaron (17:00). Bosgarren sailkatua, baina, talde indartsua da bere pistan, eta zaila dirudi ia ezer ez jokoan duen talde baten aurka galtzea. Bidasoak ere gaur jokatuko du, etxean, Sagunten kontra (17:00).

Juanto Apezetxea Anaitasunako entrenatzaileak garbi esan du aste honetan ez duela espero bosgarren postuan bukatzea, EHF kopan aritzeko azken postua. «Uste dut Cuencak irabazi egingo duela, baina guk ere ezin dugu hutsik egin, Huescak pasa gaitzakeelako». Eta zergatik da hori garrantzitsua? Iruñean ez dutelako baztertzen seigarren sailkatuak Europan aritzeko EHFren gonbidapen bat jasotzea.

Bidasoak, berriz, azken jardunaldi lasai eta hunkigarria izango du. Izan ere, Asier Zubiriak, Mikel Redondok, Eduard Nonok, Borja Lancinak eta Ivan Popovicek azkenekoz jantziko dute elastiko horia. Lehen hirurek erretiroa hartuko dute, eta beste biek ez dute taldean jarraituko. Kirol erronka hamargarren postuari eustea da.

Galiziara begira

Ohorezko Mailari dagokionez, Super Amara Bera Berak eta Zuazok azken-aurreko jardunaldiko partidak jokatuko dituzte gaur. Bera Berak txapeldun izateko aukera du, baina oso zaila da. Horretarako, Elxi irabazi behar dio Bidebietan (19:00, ETB), eta Malagak Guardesen gotorlekuan gal dezala itxaron (19:00). Emaitza konbinazio zaila da, donostiarrek etxeko lanak egitea logikoa dirudielako, baina Malagak garaipena lortzea ezusteko handia litzateke.

Montse Puchek Bidebietan zuzenduko duen azken partida da, dagoeneko jakina delako ez duela jarraituko. Bera Bera da faborito, baina jokalari batzuk faltako dira, Leire Aramendia eta Elke Karstenek ezin baitute jokatu. Silvia Ederrarentzat ere azken partida izango da Donostian.

Zuazok, bestalde, Porriñoren pistan jokatuko du (20:00). Barakaldoko taldeak bolada txarra pasatu zuen bigarren itzulian, eta zazpigarren postuan dago, ez gora ez behera. Puntu bat lortzen badu, postu hori ziurtatuko du, baina ezinezkoa da Europan sartzea. Porriñok era ez du ezer jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.