Antxoak Whatsappetik

2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Merkatari txikiek erosle konektatuarekin konektatzeko bideak landu behar dituztela uste du Pilar Zorrillak. «Guk erosteko modua aldatu dugu, baina denda askok oraindik ez dituzte bere egin digitalizazioa eta halakoak». Egin beharreko horiek, gainera, xumeak eta errazak izan daitezkeela azpimarratu du. «Ez dute zertan teknologia sofistikatuetan oinarritu».

EHUko irakasleak bere arrandegiaren —Getxoko Ibaigane arrandegia— adibidea du erakusgarri. Hala nahi duen bezeroak Whatsappez bideoa jasotzen du goizero arrandegiak egun horretan duen erakusmahaiaren irudiekin. «Produktuak erakusten dizkigute, prezioak. Zuk bide beretik enkargua egin dezakezu, eta, beranduago dendatik pasatzen zarenean, poltsa jada prest duzu. Erosketa bide horrek balio du hurrengo egun baterako arraina enkargatzeko, baina erosketa inpultsiborako aukera ere eman dezake, bideoan antxoa fresko-freskoak ikusi eta okela xerraren asmoak baztertu baititzakezu». Ez dago zertan guztietan egon, baina sare sozialak saltokientzat erakusleiho aproposak izan daitezkeela uste du Zorrillak: «Betiere, behar bezala erabiltzen badira. Adibidez, urriko egun epel batean lumazko anorak lodien irudiak bidaltzeak ez du zentzu handirik. Jokabide egokiak ikasi behar dira; adibidez, nola atera argazki on bat. Saltzaile txikiak erreminta horiek probatzen hasten direnean, ikusten dute sare sozialak erabiltzea uste baino errazagoa eta intuitiboa izan daitekeela».

Ekonomia irakasleak argi dauka: «Teknologiak pertsonen arazoak konpontzen baldin baditu, ongi hartua izango da, eta, aldi berean, oso lagungarria izan daiteke negozioak kudeatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.