Zeinena da, eta nondik dator 'Errioxa'?

Jon Fernandez.
2015eko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
«Errioxa geurea da. Ez dezala inork Errioxa izena lapurtu». Ardoaren gerra izenaren gerra ere bihurtu du Pedro Sanzek adierazpen horrekin. Errioxako autonomia erkidegoko presidenteak Errioxa berbaren jabe egin du bere burua, eta haren erabilera ukatu die euskal herritarrei. Arabako ardogileei, hobeto esanda, nahiz eta Arabako kuadrilla baten izen ofiziala Arabako Errioxako kuadrilla izan, eta errioxarrak hango biztanleak. Baina arabako zati horrek ez du beti izen hori izan.

Izen historikoa Sonsierra de Navarra dela dio Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko idazkariak. Nafarroako erreinuaren parte zen orduan, Gaztelarekiko muga garrantzitsua. «Badirudi Sonsierra Toloño mendilerroaren izenetako bat dela. Baina ez dakigu euskaldunek zelan esaten zioten mendilerro eta eskualde horri. Toloño, berez, erromatarren garaiko jainko baten izena da, Tollonius», azaldu du Gorrotxategik. Hortik dator, esate baterako, Trebiñuko konderriko Doroñu herriaren izena ere.

Eskualdea gaztelarrek konkistatu ostean, ordea, Hermandad de Laguardia izena hartu zuen. Eskualdeko herriek hiri titulua jaso ahala, galduz joan zen izena, eta Arabako Errioxa izena erabiltzen hasi zen XVII. mendetik aurrera. Arabako Medoc ere deitu izan zioten, XVIII. mendean ardoa Bordele iparraldeko Medoc eskualdeko erara ekoizten hasi zirelako.

Baina nondik dator Rioja? «Erdal toponimo bat da, euskal toponimo batetik sortua», euskaltzainaren arabera. Río Oja-tik dator, eta oja badirudi euskarazko oihan-etik datorrela, Errioxako Oja haranean euskaraz bizi baitziren XIV. mendera arte. «Ojacastro eta Ezkarai inguruan foru bat zuten, eta epaitegietan euskaraz deklaratzeko eskubidea zeukaten», azaldu du Gorrotxategik.

Eremu horretan sortutako Errioxa toponimoak, ordea, inoiz ez zituen hartu egungo izen bereko erkidego osoko lurrak. 1980an jarri zioten Errioxa izena Logroñoko probintzia zenari. «Eskualde autonomo horren barruan dauden eskualde batzuk ez dira inoiz Rioja eskualde historikokoak izan, Cameros edo Arnedo, adibidez. Arrazoi politikoengatik, Logroñoko probintziari Errioxa izena ipini zioten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.