Batak osatua du, eta bestea bidean dago

Baskonia eta Bilbo Basket ari dira osatzen beren taldeak sasoi berrirako. Arabarrei pibot bat eta eskolta bat falta zaie. Bizkaitarrek beste joko antolatzaile bat behar zuten, bigarrena, eta Jonathan Roussell lortu dute.

ainara arratibel gascon
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Bi hilabete barru hasiko da ACB liga. Oraindik asko falta dela pentsatuko dute askok, baina Baskoniaren eta Retabet Bilbo Basketen bulegoetan lana etengabea da, sasoi berrirako taldea osatzeko behar dituzten jokalariak fitxatzeko. Puzzlearen piezak osatuz doaz, pixkanaka. Biek garaiz mugitu nahi izan dute merkatuan, sasoi-aurrea hasterako Alex Mumbruk eta Velimir Persovicek beren gustuko taldea izan dezaten. Bakoitzak bere helburu eta baliabideekin egin du.

Bilbo Basketek atzo bertan eman zuen azkena fitxatu duenaren berri: Jonathan Rousselle joko antolatzaile frantziarra. Limogseko kapitaina izan da, eta aurreko sasoian Eurokopa jokatu zuen. Partidako 5,9 puntu sartu zituen, eta 3, 7 asistentzia banatu. Hori fitxatuta, bizkaitarrek ginga jarri diote taldearen bizkarrezurrari. Izan ere, beste joko antolatzaile bat falta zuten —bigarrena—, Jaylon Browni taldea zuzentzen laguntzeko.

Bi norabidetan joan da taldea osatzeko orduan Rafa Pueyo kirol zuzendariak eta Alex Mumburu entrenatzaileak egin duten lana. Batetik, LEB ligatik igota, taldea ACB ligan lehiatzeko egokitu eta indartu behar izan dute, betierekontuan hartuta kluba hartzekodunen konkurtsotik atera berria dela. Bestetik, ACB ligara itzultzeko erabakigarriak izan ziren jokalariei eusten ahalegindudira.

Horien artean bi izen aipatu behar dira: Brown eta Thomas Schreiner. Brown taldeko saskiratzailerik onena izan zen LEB ligan.Partidako 11,6 puntu lortu zituen batez beste. Schreiner, berriz, taldeari igoera eman zion hirukoa lortu zuen, eta haren eskarmentua funtsezkoa izango da, austriarrak lau denboraldi jokatu baititu ACB ligan,

Roussellekin batera, hauek dira talde bizkaitarrak orain fitxatu dituztenak: Rafa Martinez (Valentzia), Ondrej Balvin(Kanaria Handia), Sergio Rodriguez (Ourense) eta Axel Bouteille(Limogse).

Eskarmentua eta puntuak emango dizkio taldeari Martinezek. 532 partida jokatu ditu ACB ligan, eta 2016-2017ko eta 2017-2018 ko sasoietan txapelketako hiruko saskiratzailerik onena izan zen. Valentziarekin hiru Eurokopa, ACB liga bat eta Espainiako Superkopa bat irabazi ditu. Harekin batera, Rodriguez ere puntuak emango dizkio. Aurreko sasoian Ourense 13,5 sartu zituen partidako batez beste LEBen, eta maila gorenean lekua egin nahi du. Martinezekin eta Rodriguezekin, Bouteillek kanpoko jokoa osatuko du. %47ko portzentajea izan zuen aurreko sasoian hirukoetan.

Barruko jokoan ahalmena eta zentimetroak izateko fitxatu dute, berriz,Balvin. Eurokopa eta Euroliga jokatu ditu txekiarrak. 2,17 metro luze da, eta horrek errebotean eta blokeoetan nabarmentzea ahalbidetzen dio.

Baskoniak, berriz, aurreko sasoian ez zituen bere helburuak bete, ez Euroligan, eta, are gutxiago, ACB ligan eta Espainiako Kopan. Halakoetan, neurri zorrotzak hartu zalea da Joxean Kerejeta. Oraingoan, aldaketak taldean egingo dituzte arabarrek. Batetik, taldea indartu eta zaleen artean ilusioa sortzeagatik; eta, bestetik, azken sasoietan taldea utzi dutelako bai kantxan eta bai handik kanpo ere funtsezkoak izan diren hiru jokalarik: Marcelinho Huertasek, Johannes Voigtmannek eta Vincent Poirierrek. Huertasi kontratua ez berritzea erabaki zuen klubak; Voigtmannek CSKAren sosak entzun ditu; Poirierrek, berriz, NBArako jauzia egin du, eta Bostonen arituko da.

Pibotak lehentasun

Batez ere, uztaipean galdu ditu pisua eta puntuak talde arabarrek. Hala, lehen fitxatua pibot bat izan zen: Michael Eric. Jokalari ezaguna da Euskal Herriko saskibaloizaleentzat. Izan ere, Bilbo Basketen jokatu zuen 2016-2017ko sasoian. Nigerian jaioa, 31 urte ditu, eta 2,10 metro garai da. Aurreko sasoian, Buesa Arenan jokatzeko aukera izan zuen, Euroligan, Darussafakarekin. Txapelketa horretan, 11,1 puntu, bost errebote eta 10,4ko balorazioa izan zuen batez beste.

Horrekin batera, Baskoniak Youssoupha Fall berreskuratu du, Frantziako Ligan utzita egoneta gero. Azken sasoian, Estrasburgen jokatu zuen. 24 urte ditu, eta jokalari oso garaia da:2,21 metro luze da. Zentimetroak emango dizkio Perasovicen taldeari. Aurreko denboraldian egin zituen zenbakiak eztabaidaezinak dira. 14,5 puntu erdietsi zituen, eta 8,9 errebote jaso, batez beste, partidako. Baina ikusteko dago ACB ligan eta Euroligan jokatzera nola egokitzen den. Fisikoki, lanketa berezia egiten ari da ari dira Baskoniako entrenatzaileak.

Lau dira oraintxe Baskoniak dituen pibotak: Xengelia, Diop, Eric eta Fall. Baina, puzzlea osatzeko, gutxienez beste pibot bat edo bi falta zaizkio, denboraldia luzea delako eta, aipatu bezala, zalantza dagoelako Fallek eman dezakeen mailaren inguruan.

Joko antolatzaile bat da Baskoniak fitxatuetako beste bat: Pierria Henry. Huertasen lekua hartuko du, eta arabarren jokoa gidatzeko ardura izango du Luca Vildozarekin eta Jayson Grangerrekin batera.1,93 metro luze da, eta aurreko sasoian Unics Kazanen jokatu zuen. Eurokopako liga erregularreko jokalaririk baliotsuena izatea lortu zuen.

Defentsan asko ematen duen jokalaria da, baina erasoan haren ekarpena Huertasena baino apur bat txikiagoa izan daiteke. Hori dela eta, arabarrei eskolta bat ere falta zaie, Patricio Garinori, Matt Janningi eta enparauei atseden eman eta laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.