Eraldaketan, beti bezain bizi

Goiz zein gau, gustu guztietarako egitaraua prestatu dute Durangoko txosnetan. Joan den urtean toki berria estreinatu zuten, eta Durangoko erakustazokaren alboan egongo dira aurten ere.

Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Bigarren urtez, Durangoko erakustazokaren alboan egongo dira txosnak San Fausto jaietan. Joan den urtean lekuz aldatu behar izan zituzten, udalaren erabakiz. «Guretzat ezinbesteko ezaugarriak dira hirigunetik gertu egotea eta denok sartu ahal izateko erraztasuna izatea», azaldu du Maialen Bildosola txosnetako antolatzaileak. Egun dauden eremuak baldintza horiek betetzen ditu, eta pozik daude.

Guztira, herriko hamabi eragilek osatzen dituzte Durangoko txosnak; zenbait alorretako taldeak dira: kirol taldeak, gazteak eta musikari edota eremu politikoari lotutakoak. «Hamabi taldeei esker, txosnak anitzak dira», nabarmendu du Bildosolak. Guztien artean osatzen dute San Fausto jaietako egitaraua. Eta, adierazi dutenez, egitarau alternatibo eta oparoa osatu dute aurten ere. «Egunez zein gauez publiko guztiari zuzendutako egitaraua».

Egitaraua diruaren menpe

Jai ereduak aldatzen ari direla jakitun, Durangon txosnetako eguneko egitaraua indartu zutenean ikusi zuten aurrerapausoa eman zutela. Konturatu ziren jendeak asko eskertzen duela eguneko egitaraua, eta gauez batik bat gazteei zuzenduta egoten den gune hori ahalik eta herritar gehiengana zabaldu nahi izan zuten. «Jende guztiarengana iritsi nahi dugu, baina zailtasunak ditugu», aitortu du Bildosolak. Halaber, azpimarratu du zailtasun horiek batik bat ekonomikoak direla. «Txosnen apustua izan da egunean zeharreko egitaraua bermatzea; horretarako, baina, beharrezkoa da dirua inbertitzea». Udaletxetik diru laguntza bat jasotzen dute, baina ez dute nahikoa egitarau propioa egiteko; horregatik, eragile bakoitzak inbertsio txiki bat egiten du jaiak hasi orduko. «Daukagun diru hori eguneko eta gaueko egitaraua egiteko erabili behar dugu». Bestalde, Bildosolak azpimarratu du aurten lan handia egin dutela kontzertuetan emakumeen presentzia eta euskararen erabilera taula gainean bermatzeko. «Lortzeko bidean gaude». Baina arazo hori ere faktore ekonomikoak baldintzatu du.

«Udako azken jaiak» dira sanfaustoak Durango eta ingurukoentzat. «Durangarrok jaiak amaitu ostean hasten dugu kurtsoa», adierazi du ironiaz Bildosolak. Halaber, aurtengo uda bukatuta, bertakoei iruditzen zaie Durango leku aproposa dela txosnetako eta herrietako jaien garaia bukatzeko. Horregatik, gaur arratsaldean txosnetan egingo duten txupinazora joateko gonbidapena egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.