Agertoki paregabean

Marlen Reusserrek irabazi du Tourreko etapa, helmugarako 23 kilometro falta zirenean erasoa jo ostean. Marianne Vos da lider

Marlen Reusser, atzo lortutako garaipena ospatzen. FRANTZIAKO TOURRA.
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
SD Word da egun tropeleko talderik indartsuenetakoa. Frantziako Tourreko aro berri honetan haren izena idatzi gabe zegoen. Bada, atzo egin zuen, Marlen Reusserri esker. Ez zuen nolanahiko etapa aukeratu irabazteko, lurrezko lau zati baitzituen Troyes eta Bar-Sur-Aube arteko ibilbideak. Lasterketa irabazteko faboritoen multzoa 1.40ra iritsi zen, eta Marianne Vos (Jumbo-Visma) lehen postuan dago oraindik ere. Bosgarren tokian helmugaratu zen maillot horia. 16 segundo ateratzen dizkio Silvia Persicori (Valcafr). Ane Santesteban (Bike Exchange) 124. izan zen, 18.22ra. Orain, 113. dago sailkapen nagusian, 30.24ra. COVID-19a pasatu ostean, Errenteriakoari kostatzen ari zaio berriz erritmoa hartzea.

Etapako protagonista Coralie Demay (St Mitchel) izan zen. Ihesean ibili zen, eta 36 kilometro falta zirenean harrapatu zuten. Lurrezko bidearen azken zatietan hainbat gorabehera izan zituzten txirrindulariek. Kaltetuena Mavi Garcia (UAE) izan zen. Herrialde Katalanetakoa hirugarren izan zen Giroan, baina atzo ahazteko moduko eguna izan zuen. Bi aldiz erori zen, eta taldeko autoak ia harrapatu egin zuen. 3.11ra iritsi zen helmugara.

Cecilie Uttrup Ludwigek (FDJ), Annemiek van Vleutenek (Movistar) eta Elisa Longo Borghinik (Trek) ere arazoren bat izan zuten, baina faboritoen multzoan iristea lortu zuten.

Erlojupekoa balitz bezala

Reusserrek 23 kilometro falta zirenean jo zuen erasoa. Canyonek beste edozein taldek baino txirrindulari gehiago zituen atzetik zetorren multzoan, eta aurrera bidali zuen Alena Amialusik. Baina Evita Muzicek (FDJ) eta Veronica Ewersek (Education First) harrapatu egin zuten.

Reusserrek ondo estutu zituen hortzak, eta erakutsi zuen zerbaitegatik izan zela iaz bigarren Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan erlojuaren aurkako proban. Erlojupeko bat balitz bezala egin zituen azken kilometroak, eta bakarrik iritsi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.