Uko egin dio azkenean

San Juan ez da ariko Euskotren ligan, araudiaren gutxieneko baldintzak ezin dituelako bete. ETE ligan jardungo du, maila bat beherago

San Juaneko trainerua, Kontxako Banderako azken ekitaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
San Juan ez da aterako datorren Euskotren ligan, uko egin diolako lehiaketa horretan arraun egiteko eskubideari. Hala jakinarazi zuen atzo klubak: «Araudi bat dago betetzeko, eta guk ezin ditugu bete gutxieneko baldintzak». Horregatik hartu dute erabakia zuzendaritzako kideek, arraunlariek eta entrenatzaileek.

Aurreratu zuen bazela horren arriskua Guruzne Azpiroz entrenatzaileak, urtarrilean berripaper honetan egindako elkarrizketan: «Gazte mailako zazpi arraunlari dauzkagu, eta beste zortzi oraindik eta gazteagoak. Araudia ezin dugu aldatu, ezinezkoa da hori egitea, eta ezin da ziur esan liga nagusian izango garenik». Bi hilabete geroago baieztatu behar izan du albistea klubak.

San Juan ez da, baina, lehorrean geratuko aurtengo udan. Koska bat beherago egingo dute arraun arraunlariek, ETE ligan, eta zuzendaritzak iragarri du «indartuko gaituen atzerapausoa izango» dela hori: «Batelerak egitasmoari beste hasiera bat emango diogu, denbora gutxian maila gorenera itzultzeko asmoarekin».

Bai baitaki San Juanek zer den maila gorena, azken urteetan erreferentzia handiena izan delako emakumezkoen traineruen arteko estropadetan. Ikusgarria da lehengo Batelerek osatu duten garaipen zerrenda azken bost urteetan: besteak beste, Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazi dituzte tarte horretan.

Hautsi egin zen egitasmo zaharra, ordea, iazko udazken aldera. Zuzendaritzarekin izandako gorabeherak aspalditik zetozen, eta arraunlariek uko egin zioten San Juanen arraun egiteari. Zuzendaritzak klubeko batzarra ere egin zuen, karguak bazkideen esku utziz, eta agintarien aldeko erabakia hartu zuten. Talde berria osatzeko lanari ekin zion, eta osatu osatu du, baina ez liga nagusian aritzeko araudia betetzeko balio diona, eta, horrenbestez, beste talde batek bete beharko du pasaitarren zuloa. Hondarribiari dagokio legez. Izan ere, kanporaketan bigarren izan zen, Euskotreneko maila galduz orduan, eta, orain, araudiak emango dion aukera onartu egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.