Arrauna. Eusko Label liga

Bandera honetan mezua dago

Santurtzik hirugarren bandera irabazi du Eusko Label ligan, Bueun, estropadan 11 segundo atzetik ibili eta gero. Hondarribiari 0,86 ehunen atera dizkio, eta Orio liderra bosgarren izan da

Santurtziko patroi eta arraunlariak, Bueuko Banderarekin, atzo. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Santurtzik beste bandera bat irabazi zuen atzo Eusko Label ligan, eta hirugarrena du, Lekeition eta Sestaon (Bizkaia) lorturikoei Bueukoa (Galizia) gehitu baitie. Espainiako Txapelketarekin, Iker Zabalaren taldeak lau garaipen ditu.

Ligako azken-laugarren estropada izan zen lehen zortzi sailkatuentzat, eta horrek esan nahi du Kontxako Bandera izango dela hurrengo estropada, sailkatze eguna eta bere betiko bi igandeekin. Entrenatzaile ia guztiak, Donostian zerbait handia egiteko aukera duten taldeetakoak, ostegunera begira ari dira, eta, bai atzo eta bai gaur, —Boiron, 12:00etan— datorren horri begira hartzen ari dira erabakiak. Zer talde atera, adibidez. Santurtzik, esaterako, talde titularra izan daitekeena atera zuen, baina ez Hondarribiak eta Oriok. Talde bakoitza nola dabilen ikusteko onena errendimendua izaten da, eta Santurtzik atzo Galizian irabazi zuen banderan mezu zehatza dago: Kontxarako hautagaiak dira.

Ohiko galdera izaten da garai honetan arraunari buruzko solasaldietan: «Zeinek irabaziko du aurten Kontxa?», galdera hori dabil ahotik ahora. Hondarribiak hamalauko sendoa aurkitu duela, Orio uda osoan dabilela azkar... Erantzun batzuk edo asko bi talde horietara mugatuak daude, nahiz eta baden Santurtzi aipatzen duenik ere. Atzokoaren ostean, sartuko da gehiagoren erantzunetan. Bitxikeria bat horren inguruan: egina izango diote Kontxako garaileari buruzko galdera bere garaian entrenatzaile handia izan zen bati, eta haren ezagun batek zabaldu du erantzuna aste honetan: «Halakok Santurtziren alde egiten du», esan du. Maisu horrek asko dakiela ez da dudarik, eta, atzo Santurtzik egindako lan harrigarriaren ondotik, ikasle asko azalduko zaizkio atzetik.

Garbi esanda, azkeneko txandari hamabi bat minutu geratzen zitzaizkionean lanak amaitzeko, inork ez zuen zentimorik emango Zabalaren kuadrillaren alde, azkena baitzen une hartan, eta buruan zen Hondarribiak 11 segundoko tarte handia ateratzen zion. Baina etsi gabe, lanean segituz eta laugarren kaleak eta hirugarrenak ematen zituzten aukera apurrak ondo baino hobeto baliatuz, muturra sartu zien beste guztiei, ezustean.

Segundo galera lehen luzearen azken zatian hartu zuen geroko garaileak. Baita Oriok bigarren kaletik eta Zierbenak hirugarrenetik ere. Hondarribiak eman zien astindua aurrenekotik, lehen ziaboga eman baino minutu bat lehenagotik buelta eman eta hurrengo minutua bitartean. Haize zakarra zebilen eremuan, haize olatua ere bazen, eta Hondarribiak maisulana osatu zuen tarte horretan. Gainera, Santurtzik akats bat egin zuen ziabogan, joan egin zitzaiolako trainerua, eta hiruzpalau segundo galdu zituen Sotera-k.

Bazihoan Hondarribia, eta Zierbena eta Orio zazpi segundora utzita ere ibili zen Santurtzi 11 atzetik zebilenean. Aldea balekoa izan zitekeen, nahikoa, baina barrurako azken tartean ikusi zen kanpoko kaleetatik azkarrago etortzen zirela ontziak, eta bigarren ziabogan Zierbena lau segundora gerturatu zitzaion Hondarribiari, eta Santurtzi, seira. Orio, berriz, zazpira zen. Antzeko aldeak izan ziren azken ziabogan, eta Santurtzik azken luzean jan zion dena buruan zenari. Azkenean, 0,86 ehunen izan zituen alde Hondarribiarekin; Zierbena hirugarren sartu zen, 3,92ra, eta Orio laugarren, 11,68ra. Orio liderraren aurretik Donostiarrak egin zuen, eta seigarren Urdaibai izan zen, Aitor Altzibar entrenatzaile berriaren estreinako estropadan.

San Pedroren urrats handia

Banderaren lehia bezain garrantzitsua izan zen atzo ere lehen txandako borroka, San Pedro eta Astilleroren arteko hori —Isuntzak irabazi zuen txanda—. Berdinduta ekin zioten haientzat azken-aurreko estropada zenari, eta, sekulako berdintasuna izan ondoren, pasaitarrek sei ehunen izan zituzten alde. Puntu bat gorago dago orain, gaurko finalaren faltan. Berdinduta bukatuko balute, gipuzkoarrak leudeke aurretik, gehiagotan geratu baitira espainiarren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.