Lau partida eta xede bakarra: irabaztea

Eibarrek eta Alavesek Celta eta Mallorca hartuko dituzte gaur, eta Realak eta Osasunak Sevillari eta Levanteri egingo diete bisita

Martin Odegaard, baloiarekin, Alavesen aurkako derbian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Gaur jokatuko dituzte beren partidak Athleticek ez gainontzeko euskal taldeek. Denek ere egoera ezberdina dute sailkapenean, baina helburu bakarra izango dute gaur: hiru puntu patrikaratzea. Aste barruko jardunaldian irabazi dute Realak eta Eibarrek, eta bide onetik jarraitu nahi dute. Osasunak eta Alavesek, aldiz, azeleragailua zapaldu beharra dute, lehen jardunaldiaz geroztik garaipenik lortu gabe direnez gero.

Reala olatu aparretan dago. Hamahiru puntu batu ditu, joko bizi eta ikusgarria eginda. San Mameseko derbia albo batera utzita, Imanol Alguacilenek oso sentipen onak igorri dituzte neurketa guztietan. Irabazi egin dituzte azken hirurak, Atletico Madril, Espanyol eta Alavesen aurka. Arabarrak hankapean ibili zituzten ostegunean, eta 3-0 gailendu zitzaizkien. Motz gelditu zen markagailua, txuri-urdinek sekulako nagusitasuna erakutsi baitzuten zelaian. Horri horrela, konfiantzaz gainezka iritsiko dira gaur iluntzean Sevillaren zelaian jokatuko duten norgehiagokara (21:00). Erasoan duten kalitate guztia baliatzen saiatuko dira berriro, Martin Odegaard buru dutela. Jokatzeko moduan da Willian Jose, osatu baita Alavesen aurka sudurrean jasotako kolpetik.

Hezur gogorra da Sevilla, baina galdu egin ditu azken bi partidak. Ostegunean Eibar izan zuen borrero, Ipuruan. Gipuzkoarrek irabazteko premia larria zuten, eta lehen zati eskasa osatu arren, bigarrengoan 0-2ko emaitza iraultzeko gai izan ziren. Betiko talde oldarkor, bizi eta zorrotza itzuli zen, eta orain, nortasunari eustea da gakoa. Gaur, Jose Luis Mendilibarrenek beren zaleen aurrean jokatuko dute atzera ere; oraingoan, Celtaren aurka (14:00). Jaisteko postuak bertan dituzte oraindik, eta tartea zabaltzeko aukera ona izan dezakete galiziarren kontra. Jokalari fin askoak ditu Celtak, baina sei puntu besterik ez dauka, Eibarrek baino bat gehiago soilik. Hortaz, bi taldeek izango dute beharraren akuilua.

Osasunak ere munta handiko partida du gaur, Levanteren zelaian (18:30). Real Madrilen aurka sasoiko lehen partida galdu ondotik, aurkari zuzen baten aurka emaitza ona lortzen saiatuko dira gorritxoak. Zazpi puntu dituzte, Herrialde Katalanetako taldeak adina, beraz, neurketa estua espero da. Lehiakortasuna ari da izaten nafarren bertute nagusia, eta gaur ere aurpegia ematen saiatuko dira. Beste aurpegi batekin, hori bai, iraultza espero baita hamaikakoan. Jagoba Arrasatek zazpi aldaketa egin zituen Santiago Bernabeun, titularrek atseden hartu eta ordezkoek jokatzeko aukera izan zezaten. Horiek hala, gaur Chimy Avila, Roberto Torres eta Aridaneren txanda izango da berriro. Baliteke Oier eta David Garcia ere itzultzea, zituzten arazo fisikoak gainditu ondoren.

Garitano, ataka estuan

Golak sartzeko arazoak ditu Osasunak, Alavesek bezalaxe. Arabarrek aldarte onean ekin zioten denboraldiari, lehen hiru lehietatik bat irabazi eta bi berdinduta. Alabaina, galdu egin dituzte azken hirurak, eta, ondorioz, zalantza ugari piztu da, Asier Garitanoren etorkizuna kolokan jartzeraino. Taldeak oso itxura eskasa eman du Athleticen eta Realaren aurkako derbietan, erasoan eta defentsan, eta kirol arduradunek kezka handiz dakusate egoera. Hori horrela, neurketa erabakigarria jokatuko du gaur Alavesek, Mallorcaren aurka (16:00). Akaso, goiz da oraindik finalez hitz egiteko, baina gaurko emaitzak taldearen norabidea zehaztu lezake; eta, batez ere, entrenatzailearen patua erabaki. Mendizorrotzako harmailen babesa eta aurkariaren bolada txarra baliatu nahi dute gasteiztarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.