Final-zortzirenetara igaro nahi dute gaur Osasunak eta Eibarrek

enaut agirrebengoa
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Alavesek jasotako jipoiaren ondoren, belarriak tente izango dituzte gaur Osasunak eta Eibarrek. Izan ere, eliteko taldeak izateak ez die bermatzen Espainiako Kopako final-zortzirenetan egotea. Are gutxiago Osasunari, Espanyol Bigarren Mailako liderra izango baitu aurkari Bartzelonan jokatuko den partidan (12:00). Eibarrek, berriz, Bigarren B Mailako Navalcarnerori egingo dio bisita (16:00). Lasaikeria saihestea izango da erronka nagusia.

Osasunak aise gainditu ditu Tomareseneta Oloten kontrako tramiteak, baina final-hamaseirenetan, Lehen Mailako usaina darion partida jokatu beharko du. Espanyol zen egokitu zekiekeen aurkaririk zailena, Jagoba Arrasatek berak atzo aitortu zuen bezala, eta, Kopan aurrera jarraitzeko, beren bertsiorik onena eman beharko dute gorritxoek. Ligan hamabi jardunaldi daramatzate irabazi gabe, eta gaur prestigiozko garaipen bat lortzeak indartu egin ditzake aurrera begira. Hala uste du Arrasatek.«Partida hau ondo etor dakiguke talde gisa hazteko. Halako neurketek piztu egiten dituzte jokalariak. Proba garrantzitsua izango dute gaur».

Bizkaitarrak aurreratu zuenez, atepean Juan Perez ariko da, eta Manu Sanchezek bere lehen minutuak jokatuko ditu elastiko gorritxoarekin. Osasunak udaratik zeraman defentsaren atzetik, eta, azkenean, lortu du Atletico Madriletik utzita ekartzea. «Sasoi hasieran, ezker hegalean Manu Sanchez eta Juan Cruz izatea zen gure asmoa. Asko sinesten dut harengan, eta alternatibak eta lehiakortasuna ematea espero dut. Taldea guztiz osatzeko behar genuen jokalaria da. Gustura nago».

Aurreikuspenak betetzera

Racing Rioja eta Las Rozas kanporatuta iritsiko da Eibar gaurko lehiara. Gakoetako bat zelaiaren egoera izan daiteke, elurtuta eta izoztuta egon baita. Jose Luis Mendilibar, halere, ez dago kezkatuta. «Egokitu egin beharko dugu. Oraintxe, ezin dugu pentsatu zelai guztiak egoera onenean egongo direla». Haren ustez, «normala» da Eibar faboritotzat jotzea, baina garbi du aurpegia eman beharko dutela, «ekimena edukiz eta ondo defendatuz». Izan ere, uste du gauzak «berdindu» egiten direla lehia bakarra eta etxetik kanpo jokatuta. Bryan Gil ez da ariko, ezta Diop, Oliveira, Kadzior eta Olabe ere. Harrobiko Atienza, Cubero eta Eñaut, berriz, deialdian dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.