Grezia, agur erreskateari

Akordioa lortu du hartzekodunekin irteera bideratzeko: azken mailegua jasoko du orain, 15.000 milioi eurokoa, eta hamar urtez atzeratuko diote zorraren parte handi bat itzultzeko epemuga

Grezia, agur erreskateari.
Ivan Santamaria.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bidea libre du Greziak zortzi urtez luzatu den garai gogorrari agur esateko. Eurotaldeak oniritzia eman dio hirugarren erreskatearen laugarren berrikusketari, eta, horri esker, herrialdeak azken ordainketa eskuratuko du. Garrantzitsuena, ordea, aurrera begirako bide orria da: zorpetzearen zama arintzeko neurriak onartu dizkiote gobernuari, azkenik. Hirugarren erreskatea adosterakoan, eskaera hura giltzarrietako bat izan zen, baina azkenera arte itxaron dute agindutakoa zehazteko. Lorpenak arnasa emango dio Greziako Gobernuari. Abuztuaren 20an, finantza erreskateak atzean utziko ditu.

«Akordio historikoa izan da. Merkatuek espero zutenetik harago doa», txalotu zuen atzo Alexis Tsipras lehen ministroak, baina zuhur jokatu zuen etorkizunari begira: «Austeritatearen bide arantzatsua utziko dugu, baina ezin dugu erreformen eta kudeaketa zuhurraren bidea utzi».

Europan erreskateen aroari agur esateko zigilua eman behar zion Eurotaldeak tradizioari eutsi zion. Luzatuz joan zen ostegunean 15:00ean hasitako bilera, eta gobernuek beste gai batzuk lantzen ari ziren bitartean negoziatu zuten akordioa. Wolfgang Schaueblek kargua utzi zuen, baina horrek ez du leundu Alemaniaren jarrera. Greziak zorpetzea itzultzeko epemuga gehiago atzeratzea nahi bazuen, erreskatearen azken zatian ordainketa txikiagoa eskuratu beharko zuen. Edo alderantziz. Azkenean, gauerdia pasatuta albistea iritsi zen: prest zegoen erreskatea amaitzeko akordioa.

Hamar urteko atzerapena

Itunari jarraituz, hamar urtez atzeratuko da Greziak jaso zuen lehen erreskateko zor handiena —ia 100.000 milioi euro— ordaintzen hasteko epea. Horrek esan nahi du 2022an pagatzen hasi beharrean 2032an hasiko dela. Halaber, zorpetze horrek zeukan iraupena luzatzea adostu dute; hots, gutxiago ordaindu beharko du urtero. 2032. urtean, egoera berriz aztertuko dute, eta zorraren zama jaisteko beste aukera batzuk ikertuko dituzte, beharrezkoa bada. Hitzartutakoak zorraren %40 ingururi eragingo dio .

Horrekin batera, EBZ Europako Banku Zentralak eta euroguneko beste banku zentralek Greziaren zorrarekin kobratzen dituzten interesen dirua bueltatuko diote Atenasi, 2022. urtera arte. 1.000 milioi inguru izango dira, eta sei hilean behin jasoko ditu ordainak.

Zorra bueltatu ahal izango duela bermatzeko, Greziak agindu du superabit primarioa gutxienez %3,5 izango dela 2022. urtera arte. 2022tik 2060ra batez beste %2,2ko superabit primarioa lortu beharko du herrialdeak, bideragarritasuna ziurtatzeko. Neurri guztiak aintzat hartuta, herrialdeari berriro ere finantza merkatuen ateak zabaldu nahi dizkiote, inbertitzaileei berme gehiago eskainita.

2015ean hitzartutako programa nola amaitu ere adostu dute. Greziak azken ordainketa jasoko du, 15.000 milioi eurokoa. Diru horretatik 5.500 milioi zorpetzea leheneratzeko erabiliko du. Gainerakoa erreskatetik ateratzerako dituen erreserbak handitzera bideratuko da. 24.100 milioi izango ditu Greziak erreserbetan; hau da, ekonomiaren egoera okertuko balitz, 22 hilabete iraun lezake finantza merkatuetara diru bila atera behar izan gabe.

86.000 milioi euro arteko maileguak aurreikusi ziren hirugarren erreskatean. Gobernuak 61.900 milioi eskuratuko ditu diru horretatik. Erreskateak hasi zirenetik bukatu arte 288.700 milioi euro jasoko ditu kredituetan.

Azken zati hori eskuratzeko, Alexis Tsiprasen gobernuak hartzekodunek eskatu zizkioten 88 neurri zehatzak bete ditu. Erreskatea amaitzen denean, Greziak atzean utziko du hartzekodunen agintea, baina kontrola ez da erabat desagertuko. Herrialdeari «ikuskaritza indartua» ezarriko diote. Horrek esan nahi du Europako Batzordeak Greziaren aurrekontuei eta egoera ekonomikoari buruzko azterketa bat egingo duela hiru hilabetean behin. Erreskatea jaso zuten gainerako herrialdeei ere egiten diete, baina sei hilabetean behin.

Zortzi urteko krisia

Greziarrek zortzi urteko infernua igaro dute. Hiru erreskate kateatu dituzte jarraian, eta 273.000 milioi mailegatu dizkiete euroguneko beste estatuek eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Trukean, gobernuak erreforma sakonak eta murrizketa gordinak egin ditu: prozesuan, langile publikoak kaleratu, soldatak jaitsi, pentsioak murriztu, pribatizazioak egin, negoziazio kolektiboa galdu eta zerga igoerak tartekatu dira. Funtsean, Batzordeak, greziarrak EBZk eta NDFk osatutako hartzekodunen troikaren agindupean geratu ziren.

Austeritateak arrastoa utzi du: garai jakin batean, herrialdeak aberastasunaren laurdena galdu zuen. Langabezia tasa %27tik gora ibili zen, eta, gazteen artean, %50ean. 2011tik, herrialdeak 355.000 biztanle galdu ditu.

Hala ere, herrialdea tunelaren amaiera ikusten hasi da azken bi urteetan. Joan den urtean, ekonomia %1,4 handitu zen. Espero dute aurten %1,9 igotzea, eta heldu den urtean, %2,3. Kontuak %0,8ko superabitarekin itxi zituen iaz. Superabit primarioa —interesak eta amortizazioak kenduta— %4,2 izan zen, erreskate programan agindutako %3,5etik gora. Langabezia tasak ere zazpi puntu egin ditu atzera, nahiz eta oraindik ere %20tik gorakoa izan.

Greziako zorpetzearen gaineko presioa arindu egin da, nabarmen. Hamar urterako bonuen interesa %36 jasanezin batera iritsi zen 2012an, hartzekodun pribatuen zorrari eginiko kitaren aurretik. Orain, interesa %4,5 da. Jaitsiera eta guzti, euroguneko handiena da, alde handiz, eta edozein ustekabek ondorio txarrak izan ditzake, Italiako Gobernua eratzean merkatuek izan zuten erreakzioan ikusi zen bezala. Greziak BPGaren %178 zor du, gehiena euroko bazkideei.

Arrasto politiko sakonak utzi ditu krisi honek. Grezian, noski, sistema politikoa irauli zuelako, baina baita kanpora begira ere. Euroaren proiektua bera amildegiaren ertzeraino eraman du. Azken tabua zena apurtzeraino iritsi zen: posible zela herrialde bat eurogunetik ateratzea. Ekonomiaren %1,15 eta populazioaren %2 baino ez ditu Greziak, baina Europa batuaren proiekturako probaleku garrantzitsuena izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.