Athletic eta Reala goiko postuetan jar daitezke gaur irabaziz gero

Aurkari zuzen baten berdegunean ariko dira bizkaitarrak: Valentziarenean. Punturik batu ez duen Betis hartuko dute txuri-urdinek Zubietan

Lucia Rodriguez Realeko atzelaria. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Athleticek eta Realak goiko postuetan egotea dute helburu ligan. Txapelketa hasi besterik ez da egin, baina gaur sailkapenaren lehen postu horiei begira jar daitezke garaipena lortuz gero. Jokatzen lehenak zuri-gorriak izango dira. Aurreko jardunaldian sasoiko lehen hiru puntuak patrikaratu zituzten Angel Villacamparen jokalariek, Lezaman Madrid mendean hartu eta gero: 3-0. Gaur beste horrenbeste lortu nahi dute, baina neurketa gaiztoa daukate, Valentziaren zelaian jokatuko baitute.

Lau punturekin, valentziarrak galdu gabe dira, eta orain arte erakutsitako erregulartasunari eutsiz gero, goiko postuetan sailkatzeko borrokan egoteko hautagai dira. Villacampak argi du zein den helburua. «Garrantzitsua izango da erreskadan hainbat garaipen kateatzea. Horrek patxada eman digu». Teknikariak onartu du taldea «oraindik» ez dagoela berak nahi duen mailan. «Abiadurari dagokionez, batez ere». Maria Diazek, Nekanek eta Yulemak jokatu ezinik segitzen dute, min hartuta.

Realak arratsaldean jokatuko du, Zubietan. Lehen bi partidetan itxura ona eman arren, txuri-urdinek puntu banarekin konformatu behar izan zuten. Gaur hiru puntuak batu nahi dituzte, sailkapenean salto bat emateko.

Betisek aurkari aproposa dirudi horretarako, punturik gabe baitago sailkapenean. Arkonadak ez du deialdian sartu Claudia Roldan, fitxaketa berria. Min hartuta, berriz, ez dute jokatuko Mariasun Quiñonesek eta Kiana Palaciosek. Honela aztertu du Ane Etxezarretak taldearen egoera: «Gogotsu gaude, eta intentsitate handiz jokatzen. Gauzak ondo eginez gero,ziur nago gaur garaipena lor dezakegula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.