«Zera nagusitu da: 'Guztiz arrazionala ez den pertsona ez da pertsona osoa'»

arantxa iraola
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Noren osasuna defendatzen ari gara? Desberdintasun sozialak eta sanitarioak pandemia garaian agiria plazaratu zuten joan den astean osasun eta gizarte arloan diharduten hainbat profesionalek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako adituak dira: psikologoak, medikuak, erizainak, gizarte langileak... Kezka adierazi zuten izurriaren ondoriozko hainbat gatazka etikoren harira. Beren eguneroko jardunean «egiaztatu» ahal izan dituzten auziak direla esan zuten. Testuaren sinatzaileetako bat da Marije Goikoetxea.

Besteak beste, bakartze neurriak ezartzeko era kritikatu duzue, horien zurruntasuna. Zer ikasbide atera behar da?

Bada, esate baterako, bizitzaren amaieran zeuden pertsonei begira, argi dago: senitartekoei babes jantziak eman behar zitzaizkien haien ondoan egoteko. Eta zera esan behar da: hori argi izan duten zerbitzuburuak dituzten erietxeetan, bilatu zuten hori egiteko modua. Hasieratik jarri zituzten baliabideak hilzorian dauden pertsonen eta haien senitartekoen arreta ona bermatzeko. Beste batzuek ez diote garrantzirik eman. Uste dut horretan ikasbidea atera duela gizarte honek. Horrelakorik ez dut, ikusi, ordea, nahasmendu kognitiboak dituzten pertsonekiko jarreran.

Konfinamendua oso gogorra izan da horientzat askotan...

Pairamendu oso handia eragindie, baina ez da aintzat hartu. Are gehiago, horri buruz hitz egin ahala, atzera egin dela uste dut. Nagusitu den ereduan zera dago muinean: «Guztiz arrazionala ez den pertsona ez da pertsona osoa». Inork ez du horrela esaten, baina aditzera ematen da... Kezkatuta nago horrekin. Aditzera eman da buruko eritasun baten ondorioz, urritasun baten ondorioz edo dementzia baten ondorioz arrazoia ahulduta duen pertsona baten bizitzak, haren pairamenduak garrantzi txikiagoaduela. Horren atzean dagoen ideia da arrazoitzeko gai ez den pertsonak ez duela sufritzen, eta gezurra da hori: gehiago sufritzen du, ezin duelako kudeatu pairamendu hori, ezin diolako arrazoi bat aurkitu. Orain, erruz hitz egiten ari gara itxialdiaren osteko prozesua gidatzen ari diren adituez; bada, ondo legoke adituen artean, mikrobiologoen ondoan-eta, pairamenduan aditua den norbait jartzea. Zergatik ez?

Agirian, kezka azaldu duzue izurri honek ageri-agerian utzi dituelako, halaber, gizarte bazterkeriaren hainbat alde...

Teknologia berrien bidez bideratu dira gauza asko, eta aurrerakuntza handia izan da; baina beharrean den jende askok, adibidez, ez ditu teknologiak eskura. Nola moldatuko da ume bat eskolako lanak jarraitzeko, etxeko senide guztientzat sakelako bakar bat badute? Edo langabezian geratu berri den pertsona bat, hemendik aurrerako izapide guztiak telematikoki egin behar baditu eta baliabiderik ez badu? Etxebizitzekin ere ikusi da: etxe handi bat badu pertsona batek, eta, gainera, lorategia badu, nabarmen txikitu da kutsatzeko arriskua. Zer gertatu zaio kalean lanean ibili behar duen migratzaileari? Kutsatu egin da.

Zein beste zauri sor ditzake krisi honek?

Adineko pertsona askok, bereziki, kezka dute hildakoei agur modu egokian esan ezinarekin: pertsonen duintasunaren kontrakoa dela uste dute. Bidegabea iruditzen zaie. Hainbat pertsonak azaldu didate ez zaiela inporta hiltzea, baina ez dutela egoera honetan hil nahi: ez dute konfinamenduan hil nahi. Pertsona bati bizitzaren amaieran egiten zaion aitorpen era bat da erakusteko, nolabait ere, baliotsua izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.